« Askorako ematen du | Txinpartak eta ahuldadeak »
Hau mundu arrano hau / Batxi - Juan Bautista Bilbao / Susa, 1997
Lotsagabe bat idazle Aritz Galarraga / Argia, 2011-05-08
Ez dadila irakurlea nahas: liburu honen edizioa 97koa bada ere, bertan irakur daitezkeen testuak arinago idatziak izan ziren, gaur mende bat atzera, 1914, 15, 16aren hasieran ere bai. Hortxe azkenekoz, orduantxe hil baitzen Juan Bautista Bilbao, Batxi, marinel hartzen zuen barkua mina batek lehertuta. “Nor da Batxi delako hori baina?”, galdetuko du batek baino gehiagok. “Nor da inongo paperetan agertzen ez den idazle modu hori?”, libururik gabeko idazlea, 1914ko urriaren 25ean euskal idazleen bilera historikoa atzeratzeko beste zena, Bilboko itsasadarrean barrena ezin eginda zebilen eta.
Bada, auskalo nor izango zen, baina zer utzi zuen idatzita kontuan hartzeko modukoa da, ezbairik gabe. Hiru ataletan sailka daitezke haren hitz lauzko idazlanak: bertako kronikak, ipuin saioak, atzerriko kronikak. Atzerriko kronikak ditu lan nagusi, Iñigo Aranbarrik eta Koldo Izagirrek apailatu bildumak agerian uzten duen moduan. Kronikaren aitzindaritzat ere hartzen dute hitzaurrean. Haize freskoa, zalantzarik gabe, garai hartako kontagintzan.
Hasteko eta behin lotsagabe hutsa du idazkera. Herritik kanpo herrian baino areago, Rotterdamen ez baitago batzokirik, ez karlistak pairatu beharrik Durbanen. Adibidez Italiako Savona hirian, gozatua da, nola azaltzen duen makarroiak metroka jan daitezkeela eta ordaindu gabe ihes egin nahi duen euskaldunaren afera; nola aitatzen dituen alkoholaren kontra egiten duten hizlari mozkorrak; nola Ibarrangeluko batek gauez sardinarekin ingelesak uxatzen dituen, aiztoa duela sinetsarazita.
Baina ez pentsa dena jai denik, orain ehun urte jada matrimonio civile bat badela erakutsiko baitigu, txinatarrek Cardiffen bi kale dituztela, Chiness Laundry ugari, Batxik berak bat jarri asmo duela Plaza Barrian. Argentinako euskaldunen egoeraz ere mintzo da, jatekorik ez, eta abisua pasatzen du: “Euskaldunak ez egin hara joateko biderik”. Baina ez pentsa hor geratzen denik, Lehen Mundu Gerrak Hegoaldean duen kronista bakarra bai baita, patuaren gauzak, alemanek jarritako mina batek hiltzen duen arte.
Egia da euskotarrez hitz egiten hasten denean (bi euskaldun sei ingelesen aurka garaile jartzen dituenean bezala), Euzkadiz, urrin susmagarria hartzen dutela testuek, ideologia atzerakoia erakusten dutela tarteka (“euskotar onagan ez dagoela opor egitea, ez ugazaben aurka joatea”), baina bestela demasa da bilduma, harribitxia, sorpresa zakua. Eta, besteren gainetik, bilduma lotsarik gabea.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi