kritiken hemeroteka

8.644 kritika

« | »

Hatsaren kulunka / Herta Müller (Ibon Uribarri) / Elkar, 2010

Ahaztuak Ander Irizar / Diario de Noticias, 2011-04-16

Nahiz eta gaur egun Berlinen bizi, Errumaniako Banat eskualdekoa da, jatorriz, Herta Müller; kultura alemaneko gutxiengo sueboko. Ustekabea izan zen, hein batean, emakume honek irabazi izana 2009ko Literaturako Nobel Saria. Idazlearen ibilbideak pisu aski izaten badu ere Nobel Sariaren irabazlea hautatzean, kontuan hartzen omen da, halaber, urte horretan zer argitaratu duen. Beraz, izango zuen zerikusia, beharbada, Hatsaren kulunka lazgarri eta bikain hau Nobel Saria erabaki baino bi hilabete lehenago argitaratu izanak.

Lazgarria da, bai, liburua. Izan ere, bizikizun terribleak kontatzen ditu, ederki ezagutzen dituenaren zehaztasunarekin kontatu ere. Bigarren Mundu Gerraren ondotik, Errumaniako gutxiengo alemaniarretako gizon eta emakume gazte guztiak, 80.000 inguru, hartu eta Sobietar Batasuneko lan-esparruetara eraman zituzten. Halaxe deportatu zuten Herta Müllerren ama ere, herriko 17 eta 45 urte bitarteko gainerako gazteekin batera. Ez zuen amaren ahotik, ordea, bost urte haietan pasatutakoen zehaztasun handirik ikasi nonbait. Gai tabua zen hura, ez bere amarentzat bakarrik, baita bortxazko lan haietara eraman zituzten beste guztientzat ere. Ez da harritzekoa. Izan ere, norbaitek, arrazoiarekin edo gabe, duintasuna galdu izanaren irudipena duenean, esperientziaren bat lotsagarria edo mingarria gertatu zaionean, bizi izandako hori agertu baino nahiago du ezkutatu, ahaztu, burutik kendu…

Isilpeko gai hari buruzko jakin-mina ase nahian, Herta Müller bere herrixkako jendea elkarrizketatzen hasi zen 2001ean. Oskar Pastior izan zuen lan-esparru haietan bizi izandakoez jabetzeko iturri nagusia, Errumania utzi eta bera bezala Berlinen bizi zen poeta eta itzultzaile saxoia. Ez da harritzekoa, beraz, Oskar Pastiorren ezaugarriak dituen mutil gazte bat izatea narratzailea. Eta narratzailearen bizipenak, sentipenak eta gogoetak hain sinesgarriak izatea ere, seguruenik, bi idazleek iritsi zuten konfiantzazko harremanari zor diogu, eta bildutakoak adieraztean idazleak erakusten duen maisutasunari ere bai, noski. Iruditzen zait idazkeraren bidez ederki islatzen dela Leo protagonistak nola bizi dituen ikusten dituenak eta gertatzen zaizkionak. Agian horrexegatik gertatzen da tarteka irakurtzen zaila eleberria.

Ibon Uribarri itzultzailearentzat ez zen lan erraza izango liburua euskaratzea. Errumaniako alemanez idatzita egoteaz gain, testuaren beste ezaugarri batzuek ere ez zioten lana samurtuko: ohikoak dira deskribapen zehatzak eta azalpen xeheak; nolabaiteko berniz onirikoa duten pasarteak eta hizkuntza irudimentsuak dena blaitzen du. Itzultzailearentzako buruhauste handi-txikiak gorabehera esan beharra dago ezaugarri horietan biltzen direla, hain zuzen, liburu hunkigarri honen bikaintasun literarioaren gakoetako batzuk.

Azken kritikak

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Irati Majuelo

Azken batean
Lourdes Oñederra

Paloma Rodriguez-Miñambres

Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Maialen Sobrino Lopez

Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta

Asier Urkiza

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Nagore Fernandez

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Paloma Rodriguez-Miñambres

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Mikel Asurmendi

Esker onak
Delphine De Vigan

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Enarak
Bernardo Atxaga

Irati Majuelo

Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor

Aritz Galarraga

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Joxe Aldasoro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak