kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Ihesaldi politta / Anna Gavalda (Jon Muñoz) / Alberdania, 2010

Ihes egin nahi? Leire Zubeldia / Gara, 2011-03-26

Ezaguna nuen Anna Gavaldaren izena baina artean ez nuen bere lanik irakurri. Alberdaniak argitaratu eta Jon Muñozek itzulitako Ihesaldi politta (Le Consolante) eleberri laburrak eman dit idazle eta kazetari frantziarraren obrara gerturatzeko aukera. Euskaraz ez ezik, beste hamaika hizkuntzatan irakurri daitezke paristar honen liburuak. Frantzian eta munduko hainbat herrialdeetan arrakasta izugarria izan dute bere lanek. Eta hain zuzen ere, Ihesaldi politta izeneko honek liburu salduenen zerrendan sartzeko baldintza guztiak betetzen ditu: istorio laburra da, irakurterraza, freskoa eta tarteka irribarre bat edo beste ere sortaratzen dizun horietakoa. Baina irakurtzen amaitu eta hasieran bezalaxe geratu naiz; ez hotz eta ez bero. Eta irakurle honek behintzat, zerbait gehiago eskatzen dio lan literario bati: ukitzea, eragitea, aldaraztea.

Ihesaldi politta izenburuarekin zuzenki lotuta dago istorioaren muina: Garance, Lola, Simon eta Vincent anai-arrebak elkarrekin daude aspaldiko partez. Lehengusu baten ezkontzak elkartu ditu. Eztei-ospakizunak berarekin dakartzan faltsukeria eta ñoñotasunak bultzatuta, ordu batzuetan bada ere, eguneroko errutina nekagarritik alde egitea erabakitzen dute. Garance gogaituta dago gizonik gizon ibiltzen den printzesa galdua dela entzuteaz; Lola, ama eta emazte perfektuari, indarrak agortu zaizkio eder mantentzeko nahi eta ezinean; Simon, euren anaia ulerkorra eta sentibera berriz, bere onetik irtenda ikusi dute bizitzan lehenengo aldiz, Carine emazte beti panpoxaren gutizi eta matraken ondorioz; azkenik, Vincent anaia gazteena gaztelu zahar batean bizi da, ikusmiran gerturatzen diren turistei sosak ateratzen ibiltzeaz nazkatuta. Pertsonaia xelebreak dira guztiak ere. Euren kontura barre egiteko helburuz marraztutako karikaturen modukoak. Badirudi, egileak goi mailako familia frantziarrak parodiatu nahi izan dituela. Maila honetako emakume “errespetagarriek” bete behar dituzten baldintzei ere kritika egiten die Gavaldak. Asmo horren isla da Carine, Simonen emazte pinpirina: ongi depilatutako hankak, kosmetiko garestiak, eta diseinatzaile ospetsuen izena daramaten jantziak eramateagatik estereotipatu ondoren, makillajearen atzean ezkutatzen den emakumea bistaratzen du azkenik.

Garance pertsonaiak egiten ditu istorioaren narratzaile lanak. Lehenengo pertsonan idatzitako zatiak ordea, testuaren osagai nagusia diren elkarrizketak lotzeko haria besterik ez dira. Aldi berean, narratzaile eta protagonistaren pentsamenduen berri ematen dute. Horregatik irakurtzen da azkar eta errez liburua, dialogoz josia dagoelako. Elkarrizketa biziak dira gainera, freskoak, ironiaz eta ateraldi xelebrez kargatuak. Alde horretatik, ez dago soberan itzultzailea zoriontzea, ez baita erraza testuak jatorrizko hizkuntzan duen freskotasuna mantentzea.

Ihesaldi politta, horixe da eleberri honek irakurleari eskaintzen diona. Ordu atsegin batzuk igarotzeko liburu atsegin bat. Aukeraketa egokia helburu horrekin irakurtzen duten irakurleentzat.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak