« Existentziaz zertzelada batzuk | Bihotz triste bat zintzo »
Herioa eta dontzeila / Ariel Dorfman (Fito Rodriguez) / Txalaparta, 2010
Demokrazia berdin Justizia? Saioa Ruiz Gonzalez / Argia, 2010-09-19
Ariel Dorfman (Buenos Aires, 1942) kultura herrikoiari buruz idatzitako saiakeren zerrenda luzeagatik nabarmendu da. Baina pentsatzekoa da, eskaini zaion idazle kategoria ez dela soilik saiakeraren esparrura mugatzen, bere bibliografiari erreparatzen badiogu poesia, eleberriak edota antzezlanak ere topatzen baititugu. Bere lanek, gertaera historikoen gordailu, idazle eta aktibista bilakatzen dute, giza eskubideen aldarrikatzaile. Txiletar nazionalitatea lortuta, Salvador Allenderen gobernuaren aldeko ekintzetan parte hartu zuen, baina Pinocheten estatu-kolpeaz geroztik, Frantziara alde egin behar izan zuen lehenik eta AEBetara ondoren.
Fito Rodriguezek itzuli, eta Txalapartak argitaratu duen Herioa eta dontzeila (La muerte y la doncella, 1992) antzezlana, Txileko demokraziarako trantsizio garaian idatzi zuen. Lan honek, diktadurak iraun bitartean, faxistek hil eta torturatu zituzten milaka pertsonaren kasuak berrikusteko garaia markatzen du. Bizirik dirautenen lekukotasunak lagun, erailketetan parte hartu zutenen izenak argitaratzeko, eta epaituak izateko, prozesua abian jarri duen demokrazia sistema baten hastapenetan kokatzen gaitu. Ulertzekoa da, diktadura batetik atera berri den herrialde batean, hura aurrera eraman zutenekiko gorrotoa lege bilakatu izana. Eta gizaki garen heinean, eskubide berdintasuna badugun arren, nola esan torturaren biktima izan den bati, bere torturatzaileak defentsarako eskubidea daukala? Ba al da, kasu horretan, eskubide berdintasunaren printzipioa aplikatzerik? Justizia eta demokrazia bat al datoz?
Pertsonaien arteko gatazka manikeistak, gertaera historiko bat kontatzeaz gainera, haren gaineko ikuspegi, sentimendu eta bizipen desberdinak islatzeko balio du. Paulina, emakume torturatua, gorrotoak eta inpotentziak jota, bere ustezko torturatzaileetako bat bahitu du bere kabuz epaitzeko asmoz. Hala ere, hura salatzeko, ez dauka haren ahotsa, usaina eta azalaren frogaz gain beste ezer. Gerardo, bere senarra, sistema legegilearen bozeramaile, ez dago ados Paulinak hartu dituen neurriekin, eta frogen objektibotasun falta leporatuko dio.
Gertatu zena epaitzeko prozesu horretan, egia lausoturik ageri da. Pertsonaiak, antzinate klasikotik datozkigun kontzeptu antagonikoen talka mahai gaineratzeko balio duten sinbolo bihurtu dira; lege naturala eta lege juridikoa, pasioen mundua eta mundu arrazionala. Zein da zuzenagoa? Greziarrek, jada, antzerkiaren bitartez, demokrazia sistema eta horren ondorioen inguruko hausnarketan aritu ziren. Dorfmanen lanak, oraindik ere, justizia demokratikoaz galdezka jarraitu behar dugula salatzen du.
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Jon Jimenez
Reset
Aitziber Etxeberria
Mikel Asurmendi
Baden verboten
Iker Aranberri
Jose Luis Padron
Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza
Jon Jimenez
Iragan atergabea
Julen Belamuno
Hasier Rekondo
Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban
Mikel Asurmendi
Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz
Gorka Bereziartua Mitxelena
Juana
Jon Artano Izeta
Mikel Asurmendi
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Jon Jimenez
Simulakro bat
Leire Ugadi
Maddi Galdos Areta
Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu
Ibon Egaña
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Paloma Rodriguez-Miñambres
Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga
Mikel Asurmendi
Turismo hutsala
Fito Rodriguez
Asel Luzarraga