kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Katu jendea / Eider Rodriguez / Elkar, 2010

Existentziaz zertzelada batzuk Goizalde Landabaso / Deia, 2010-09-18

Eider Rodriguez idazlea irakurtzeak deserosotasuna dakar. Eta ezinegona. Eta abaildura ere bai. Eta batez ere, hausnarketa sakonak eragiten ditu/dizkit. Ipuin bakoitzak berea den gorpuzkera badu ere, guztiek iraultzen dizute urdaila. Ez dago indiferentziarako tarterik.Orrialdeotan ez dago abarorik. Baina hau dena azal azpian gertatzen da. Lasai irakur zenezake, “hagina puskatu zitzaidanetik zerbait aldatu da. Ni eta munduaren arteko harremana. Gorkarekin ari nintzen afaltzen, txerri ukondo errea tomate-marmeladarekin, azal zati krokante batek hondamendia eragin zuenean”. Hondamendia isilik zegoen sumendia baino ez zen.

Existentzia, sarri, hutsala da. Zer egiten dugu hemen? Zertarako? Denbora badoa, bizkor baina eternala balitz bezala sentitzen dugu. Bizi dugu. Eta gero, aukeren beldur gara, itxaropenarena, bizitzarena berarena. Izuek, aurreiritziek, urguiluak, gure izaerek… preso gauzkate. Ez gara nahi duguna egiteko libre. Ez gara nahi duguna izateko aske. Ez gara. Agnesek Lili katemeari esaten dio, “ez zaigu komeni, ez zaigu komeni, printzesa”. Nahiak mutilatu egiten ditugu etengabe.

Filmetako the end zoragarririk ez dago; azukrerik, ez dago. Eztirik edota osterantzeko edulkoraziorik ere ez. Hau bizitza da, ezintasunez beteriko mataza ikusezinak, harresi gaindiezinak, izozten gaituzten beldur antigoalekoak.

Hau ote da? Amaierak mikatzak dira, denok bizi izan ditugunak, denok katu bilakatzen gaituztenak. “Bakoitza bere etxera itzuli zen, bakoitza bere ordutegi, lursail eta kafe markara. Egun batzuen ostean, ezer gertatu aurreko bizitzetara bueltatu zirela uste izan zuten, baina asteak eman zituzten usain hura ahaztu ezinik. Desioaren usaina zen, hiltzen uzten denean”. Kito. Akabukoak pitzatu digu barruko zerbait.

Lehenengo ipuinaren amaieran kontsolamendu

eske bazabiltza, ez ezazu Hagina ipuinean aurkituko duzunik espero. Ezinegona, in crescendo doa. Bihotz erreak zerbait zabaldu du barrenetan. Eta norbaiten edo zerbaiten izpirituak eztenkada sartu ostean patxada osoan diosku: “Hemen baldin banago zuk hots egin didazulako da, polit hori”. Arrazoi du. Nik zabaldu dut liburua. Halako batean burutik pasatuko zaizu hirugarrenean lortuko duzula. Izango dela samurtasunik, gordelekurik, zelanbaiteko babesa. Hazia. “Amaitzear da funtzioa, ordu erdi berandu iritsi zara, maitea. Igo nahi duzu semea ikustera? Hau ez, hau gomazkoa da, egiazkoa, hor atzean dagoena, backstage-an”. Amatasunaren mikatzak. Galdua zara ordurako. Agian esaldi batek laburbil dezake sentiarazi nauena. “Hau alda bizitza? Hau al da guztia? Hainbeste itzuli honetarako?”. Ama berria. Gizartean ezin itsatsirik lehengo eran, ezin ama ez den beste ezer izan. Amatasunaren garratza hitz soiletan adierazia. “Eta utzi diot”. Utzi dio bera izateari, orain ama da. Ipuinaren ostean ama izan berri den lagun bati deitu diot.

Bideak aurrera darrai. Omarren udan zaude. Mutil atsegin, eskerronekoa.Atzerritik honaratua, uda gozo pasa dezan ekarria. Zeure alaba eta emaztea tentatzen duena bihozgabeki.Omar. “Omarrek esku batekin heltzen zuen zakila eta zirkulu txikiak marrazten zituen neskaren sabelaldean. Luiak izterrak estutzen zituen, hankarteak alua guztiz irentsi ez zezan zainduz”. Omarren ostean, Telmo. “Zaharra Telmoren aurrean hil zen, ospitalean eta egun argiz. 45 urte elkar ukitu gabe bizi ondoren bihotz hauskor hura fereka batekin suntsituko zuen beldurrez”. Hona iritsi bazara eta arnasteko arazorik baduzu, ez larritu, oxigeno falta baino ez da. Bihotz erreak eragindako amildegiaren zaporea.

On the road lehorra. Errepidean barna, bazterreko tabernetan galtzen gara, elkartzen gara, bilatzen gara. Hiltzen gara. “Erraza ei da. Ez garena garela antzeztu behar dugu, hori da dena”. Dena. Katu jendea ez da Hiroshimako bonba, apurka-apurka, hitzez hitz barruak arrailtzen digun arra da.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak