kritiken hemeroteka

8.607 kritika

« | »

Kondesa esku-guria / Milena Agus (Fernando Rey) / Denonartean, 2010

Ipurdi argidunen xarma Bixente Serrano Izko / Berria, 2010-09-05

Euskarazko argitalpen zigilu berri bat dugu Nafarroan, Cenlit argitaletxearen eskutik: Denonartean izenekoa. Haren asmoa kalitate oneko eta nazioartean oihartzun handia izandako —azken hori irakurle eta itzulpenen kopuruan neurgarria— obra literario berriak euskaratzea ei da. Nire ongietorria egitasmoari, kalitateko literaturarekin uztarturiko irakurzaletasuna gizarteratze aldera.

Ene gaurko hau dugu lehen emaitza, Milena Agus idazle italiarraren Kondesa esku-guria alegia, denon estimuko Fernando Rey itzultzaileak euskaraturik. Eleberri polita, politegia nire egia erratera, Milena Agusen hau. Atsegin-atsegina irakurtzeko, eta ez bizitzaren gai eta aspektu itsusiei, bizitzaren alde higuingarriei ez erreparatu edo beraiek mozorrotzeagatik, baizik eta estiloagatik eta narrazioaren hariak brodatzeko maneragatik. Landuriko gaiak bizitzaren alde sakonak eta eragingarriak direla hobeto adierazten du, agian, gaztelaniazko bertsioaren tituluak —La imperfección del amor-ek, alegia—, baina erredukzionista egiten zait hau, bertze gai anitz gehiago agertzen baitzaizkigu nobelatxoan. Bereziki gainbehera, baina baita ere heriotza eta suizidioa, edertasun grina, barne-barneko anbizioak eta haien inguruko ilusio eta etsipenak, bizitzari aurre egiteko era hunkigarri bezain xelebreak…

Gaiek beraiek baino gehiago, tonuak, estiloak, objektuen eta pertsonaien trataerak ematen diote gorpuzkera eleberriari, honen garapen narratibo trebeaz gain. Nahiz eta gaiak eta arazoak errealak eta azken buruan nork bere bizimoduan baina den-denok gure egitekoak diren, egileak fantasiazko mundu batean, protagonistek bizi duten ilusiozko mundu batean, ikusarazten dizkigu gauzak, ez preseski mundu zoriontsu batean, bai aldiz zorion bila. Jatorrizko titulua —La kontessa di ricotta— eta euskarazkoa ongi dagozkio, gaztelaniazkoa baino hobeto, narrazioaren gorpuzkerari.

Portzelana hauskorrezko edo gurin bigunezko protagonistak landu ditu nobelagileak, urrezko iraganeko baina urtzen ari zaion oraineko familia baten azken kumeak, hiru andre ameslari gainbeheraren altzoan, bakoitza bere erara: bata, gazteena, gure esku-guria, guztiz ezgai bizitza errealeko gauzei, ezta seme bitxiari ere, eskuz-eta eusteko, bere borondate ona gorabehera; bertze bat, bigarrena, bere gorputz eder, senar eta desiozko amatasunarekin maiteminduta, ez jakin zein sentimenduri eman pisu handiago une bakoitzean; eta ahizpa nagusia, ogibide homologatua duen bakarra, baina urrezko iragana berreskuratzeko obsesioak bizi duena. Hirurak, auzo-etxe bihurturiko euren jauregi zaharreko apartamentu banatan bizitzen, oso modu italiarrean.

Gazte literatura dela pentsa daiteke fabulatzeko moduagatik, baina guztiz helduentzako —oraindik ere haur begiak galdu ez dituzten helduentzako behintzat— deritzot nik fabula honi, gaien aldetik. Hain zuzen talka egite horrek, horren modan dagoen estilo eztiak —haur ipuin klasikoak gogorarazten dizkigun artifizioak— zer eta azken buruan gainbehera eta haren aurreko ezintasuna tratatzeko, ematen dio eleberriari, ene ustez, haur-begiekin batera ezinbertzeko eskarmentua duten helduentzako literatura izaera. Italo Calvinoren eleberri-fabulak izan ditu buruan Milena Agusek bere hau idazterakoan, sarreran bertan, goiburu gisa, aipu bereziaren bidez adieraztera eman duen bezala: gizon handikote eta ume bateko bikotearen begietan, ipurtargiak, hurbiletik, zomorro nazkagarriak dira, bai, baina politak halaz ere beren ipurdi argidunekin, euren argitan eskutik heldu eta aurrera egiteko modukoak.

Azken kritikak

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Maialen Sobrino Lopez

Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap

Asier Urkiza

Espekulazioak
Arrate Egaña

Nagore Fernandez

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Txani Rodríguez

Azken batean
Lourdes Oñederra

Mikel Asurmendi

Auzokinak
Gorka Erostarbe

Maddi Galdos Areta

Esker onak
Delphine De Vigan

Irati Majuelo

Meditazioneak gei premiatsuen gainean...
Martin Duhalde

Gorka Bereziartua Mitxelena

Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Hasier Rekondo

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Maialen Sobrino Lopez

Erroen izerdia
Jone Bordato

Nagore Fernandez

Azken batean
Lourdes Oñederra

Asier Urkiza

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Jon Martin-Etxebeste

Artxiboa

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

Hedabideak