kritiken hemeroteka

6.995 kritika

Azken kritikak

« | »

Aldaira urdinak / Edu Zelaieta / Alberdania, 2010

Atzoko etorkizuna da Zelaieta Mikel Asurmendi / Irunero, 2010-07

“Poesia etorkizunaz kargaturiko arma da” iragarri zigun Gabriel Celayak. Poesiaz kargaturiko kutxez heldu zaigu Edu Zelaieta Anta. Aldairan eta mudantzan, zeru urdin pean heldu ere.

Udaberritik udara aldatu da azkenik urtaroa. Aldaira nekeza izan da aurtengoa. Aurten, grisetik ubelera, ubeletik urdinera nekez iragan dira sasoien aldairak. Nekearen nekez bada ere, urdinak iraun dezan neguko beltzera sasoien aldairetan.

Kritika —edo iruzkina— egitetik urrun abiatu dut nire jarduna. Sarrerako hitz sorta hori poesiatik hurbilagoa dago akaso. Berriz ere, ene testua koadro inpresionista bat izanen da, beste deus baino. Koadro eskasa edonola ere.

Aldaira urdinak liburuak baina, poesia puskaz kargaturiko kutxak dakartza, eta kutxok, eleak ez ezik, bizitza pintatzeko margo ugari.

Gerundioan idatzi du Zelaietak. Ez iraganean, ez orainean ez geroan. Gerundioa iragangaitza da. Alta, bizitza antonomasiaz kontraesana baita, Zelaieta ez da bizi iraganaren ez orainaren ez geroaren beldur ere. Badaki nondik datorren eta nora doan, badaki bizitza —edota mundu aldia— mailaz mailako eta aldairaz aldairako bilakaera dela.

Poesiak iradoki egin nahi izaten du eta Zelaietak ere halatsu egin nahi du. Poesiak ez du den-dena esaten, Zelaietak baina erran egin nahi du, espres edo propio erran ere. Zuzen eta garbi esaten arriskatu da oraingoan. Ez da harrotzen horregatik, eleak —inbentario likidoak balira legez— sarri eskutik ihes egiten zaizkiola xalo aitortzen baitu.

Aurkikuntza da poesia. Aurkitzeko baina, sarritan galdu egin behar duzu. Nork —poetak— bere burua galdu, berriz ere aurkitu ahal izateko. Nahi gabe ere izaki eta izakariak galdu egiten dira. Izaki maitatuenak eta izakari estimatuenak. Horiek guztiek eragina dute norberaren bizitzaren aldairan. Zelaietak ez ditu goi mailako izakiak soilik bidaide, gauza eta izakari suerte guztiek lekua dute bere bizitzan nahiz poesian.

Poesia eta egia eleak hurbil-hurbil hautematen ditugu, elkarren ondoan paratzen ditugu. Egia eta errealitatea ele kidekoak begitantzen zaizkigu. Poesia errealitatearen aurkikuntzarako lanabesa da. Zelaieta poetak baina errealitateari eguneroko bizitza deitzen dio. Eta eguneroko bizipenez osatu ditu bere poemak.

Aldaira urdinak irakurrita, bizitza egunero berrituz —gerundioan— doan asmakari legez begitandu zait. Inbentario eta asmakizun eleak elkarren ondoan margotzen ari naiz orain. Eleak likidoak bihurtzen zaizkit eta eskuetatik ihes egiten didate. Eleok, lerro batetik besterako aldairan, aldaira urdinak dira nire imajinazioan. Aldatuz doazen izakari urdinak begitantzen zaizkit, zuriak ubelak grisak edo beltzak ere izan litezke eleok.

Celayak poesia etorkizunaz kargaturiko arma iragarri zigun. Atzoko etorkizuna da Zelaieta, aldairan bizi den egunerokoaren poeta, okasiozko poeta.

Azken kritikak

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Zaldi beltzak zeruan
Txomin Peillen

Peru Iparragirre

Tiroa kontzertuaren erdian
Belen Gopegui

Aritz Galarraga

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Javier Rojo

Zauri Bolodia
Oier Guillan

Aiora Sampedro

Azala erre
Danele Sarriugarte

Joannes Jauregi

Jainkoen zigorra
Alberto Ladron Arana

Iratxe Esparza

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak