kritiken hemeroteka

8.544 kritika

« | »

Herioa eta dontzeila / Ariel Dorfman (Fito Rodriguez) / Txalaparta, 2010

Tentsio betean Iker Zaldua / Gara, 2010-07-23

Ariel Dorfmanen bibliografiak agortezina dirudi, izenburu ugari ageri zaizkigu bere sorkuntzaren taulan 1968an El Absurdo entre cuatro paredes kaleratu zuenetik; arrasto ahula utzi dute batzuk, beste batzuk aldiz, dirdira egiten dute taula horretan, horren adibide da Fito Rodriguezek Herioa eta dontzeila izenburupean itzuli duen lana. Antzerki lan hori ehunka antzeztokitan ikusi ahal izan da eta pantaila handira ere eraman zuen Roman Polanskik 1994an. Gurean argitalpen berria bada ere, Torturaren Aurkako Taldeak antolatuta gure lurraldeko oholtza gainean ere mintzatu izan da aurrez, euskara garbian.

Tortura, hori da Buenos Airesen jaiotako idazle txiletarrak antzerki lan honetan jorratu nahi izan zuen gaia, giza eskubideen alde agertu izan da gaztetatik, batez ere, Txilen (1967an bertako nazionalitatea eskuratu zuen) eta Salvador Allenderen gobernuan ere sartu zuen muturra, harekin elkarlanean aritzeko asmoz. Pinochetek emandako estatu kolpearen ondotik, ihes egin zuen ordea. Fito Rodriguezek antzerkia euskaraz emateko proposamena luzatu zionean hark ez zuen zalantzarik izan “Torturaren aurkako edozein ekimenen alde nago, beraz, antzezlana zuen hizkuntza ederrera eramatearekin bat natorkizu” erantzun omen zion itzultzaileak hitzaurrean aitortzen duenez.

Gai mardula orkestra-zuzendari, eta tentsioa nota guztien gainetik, torturaren doinu labainkor bezain ozena azaleratzen, Schuberten izen bereko melodia bikainaren atzean ezkutaturik; izan ere, konpositore austriarrak idatzitako lan leuna entzuten da Paulinaren belarrietan mota guztietako basakeriak jasaten dituen bitartean, errealitatea lausotzeko ahalegin gaiztoan. Hark, aitzitik, ederki asko iltzatu du garunean behin eta berriz pairatutako bortizkeria. Hamabost urte beranduago, patuak bere etxera eraman du torturatzaileetako bat, hori uste du berak bederen, sekula ikusi ez bazuen ere, mamua ezagutu egiten baita. Justizia egiteko parada aurrez aurre, mendekuaren tentazioak maiz tentatzen duen bitartean. Joko gordina, jasandakoaren mina, tentsioa, printzipioen guda, Schuberten doinua belarritik ateratzeko parada, leun dena leun entzuteko aukera, 15 urteko isiltasuna tiro batez apurtzeko grina.

Gaiak eta egoerak gehiago behar ez badute ere, pipermina bota dio Dorfmanek Gerardo sortuta. Paulinaren senarra, legegizona, diktadurako biktimen Ikerketa Batzordeko buru izendatu berri dutena, egoerari zentzua jarri nahi dion agintari zimela.

Hori agertokian agertzen zaiguna, hori Arielek sortu duen egoera, proposatzen digun eszena. Guztia erritmo bizi batekin eta sabela behin baino gehiagotan korapilatzeko moduko elkarrizketez betea. Lerro artean bestelako gai batzuk ere hauteman daitezke, desleialtasuna kasu, eta matxismo zertzelada batzuk ere badirela esatera ausartuko nintzateke, agian urrunegi joatea izan badaiteke ere.

Kontuak kontu, lan bikaina dela iruditzen zait, egonezina sorrarazten du eta, aldi berean, orrialdez orrialde guztia errenkada batean irensteko irrika. Azkenean, liburua ixtearekin batera, saihestezina da gaiaren gertutasunaz gogoeta egitea, han-hemen Schuberten Herioa eta dontzeila entzun daitekeela pentsatzea eta, zoritxarrez, karriketan Paulina ugari dagoela, egunez egun, urtez urte justizia egiteko aukera etxeko atarian noiz agertuko zain.

Azken kritikak

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak