kritiken hemeroteka

8.573 kritika

« | »

Zenbaki lehenen bakardadea / Paolo Giordano (Koldo Biguri) / Alberdania, 2009

Hutsuneen hutsa Mikel Ayerbe / Berria, 2010-03-07

Paolo Giordanok Zenbaki lehenen bakardadea liburuarekin 2008an Italiako Campiello Opera Prima eta Strega sari entzutetsuak irabazi bazituen, nobela hogeitaka hizkuntzetara itzuli bada eta jadanik liburuaren milioitik gora alde saldu badira, argi dago literatur fenomeno gisa bere bidea egina duela best-seller honek. Beste baterako utziko dugun eztabaida da liburu bat salmenta kopuru asaldagarriek bakarrik bihurtzen ote duten best-seller, edo ba ote diren bete beharreko bestelako ezaugarri literarioren batzuk nobela bat best-seller izendatzeko.

Nobela honen abiapuntua ezin zitekeen tragikoagoa izan. Bi pertsonaia nagusi ditugu, Alice eta Mattia, eta biek ala biek bizitza osoa markatuko dieten istripua izango dute haurtzaroan. Alice, inoiz sendatuko ez zaion zauri bat dela eta herren geldituko da elurretan izaten duen istripu bategatik, eta aitarekin duen harremana ere egun horretan bertan izoztuko da. Hori gutxi balitz eta ondorioen zama areagotzeko, elikadura trastornoak izango ditu urte luzez, anorexia, hain zuzen.

Mattiak Michaela izeneko arreba bikia du. Baina arrebaren buru atzeratasunak sortutako arazoak medio, Mattiak parke batean utziko du bakar-bakarrik, bera urtebetetze festa batera joan aurretik. Itzuleran, Michaela desagertu egiten da eta egun horretatik aurrera, ez dute elkar berriro ikusiko. Hori gutxi balitz eta ondorioen zama areagotzeko, Mattiak etengabe bere burua zaurituko du ertz zorrozdun objektuekin. Horrela, bi protagonistak ezin ikusizko hari malgu batek lotuko ditu, “halako hari bat haiek bezalako bi pertsonaien artean bakarrik egon zitekeen: batak bestearengan bere bakardade berbera aurkitu duten bitartean”. Izan ere, muturreraino eramandako bakardadea da nobelako gai nagusia, izenburutik jadanik aurreratzen dena. Zenbaki lehenen metaforaz baliatzen da Giordano bi pertsonaien arteko amildegiaren berri emateko: zenbaki lehen bikiak elkarrengandik gertu baina beti bereizita bizitzera kondenatuta dauden zenbakiak direlako.

Liburuaren egiturari dagokionez, denboran jauziak eginez, zazpi kapitulutan Mattia eta Aliceren bizitzako gertakari zehatzak kontatzen dira. Horrela, Aliceren eta Mattiaren arteko ezinezko maitasun istorioa kontatzeko, idazleak badaki indar guztia xehetasun baten zehaztasunean bilduta dagoela eta horrenbestez, gertakari zehatzen bidez jakingo dugu euren harremanaren berri.

Eta denbora jauzien artean, irakurle hau gogaitzea lortu duen elipsiak eta elipsietako hutsuneak betetzeko metaforen gehiegizko erabilera aipatu behar. Izan ere, ni ez naiz informazio guztia xehe-xehe irakurleari eskura eman behar zaionaren aldekoa, baina gatazka batzuk azaletik soilik jorratu eta elipsi baten bidez bat-batean konpontzea ere ez zait oso bidezkoa iruditzen, horrelako nobela baten egituraketan ez behintzat. Hona hemen bi adibide: Alice eta bere aitaren arteko harreman gatazkatsua esaldi batean nola konpontzen den edota bigarren mailako Denis edo Viola pertsonaiak nolabaiteko garrantzia izan eta bat-batean nola desagertzen diren.

Bestalde, egia da Mattia eta Alice protagonistak biribildu ere egiten direla bukaerarako, orriek aurrera egin ahala garapen bat izan dutela eta ez direla garai batean ziren bezalakoak, baina elipseen bidez uste dut garapen hori lurrundu egiten dela. Behin abiadura hartuta, esango dut metafora beti berdin bati nobela osoan eustea ere nekeza iruditu zaidala, ipuin edo narrazio luze batean hobeki funtzionatuko zukeela deritzot.

Nolanahi ere, argi dago hainbeste irakurlek gustura irakurri duten liburuarena aurrean erreakzio hau izan badut, errua nirea bakarrik dela.

Azken kritikak

Lakioa
Josu Goikoetxea

Irati Majuelo

Poesia guztia
Safo

Aritz Galarraga

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Maddi Galdos Areta

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Hasier Rekondo

Akabo
Laura Mintegi

Jon Jimenez

Akabo
Laura Mintegi

Asier Urkiza

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya

Nagore Fernandez

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Kuntzak eta kerak
Sara Uribe-Etxeberria

Jon Martin-Etxebeste

Hitzetik ortzira
Ana Urkiza

Mikel Asurmendi

Askatasun haizea
Javier Buces

Irati Majuelo

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ibon Egaña

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Aiora Sampedro

Meditazioak
John Donne

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

Hedabideak