« Zure ondoan, bakarrik | Hutsuneen hutsa »
Denbora enaren hegaletan / Karmele Igartua / Pamiela, 2009
Bizitzaren denborazko begiradak Patxi Sarriegi / Deia, 2010-03-06
Bigarren olerki liburua idatzi du dagoeneko Karmele Igartua atxabaldarrak, berrogeita hamar urterekin idatzi ere, eta bertan, nagusiki, denboraz eta gizakiaz mintzo da. Bere kezka nagusiak isurtzen ditu olerkiotan, era landuan, helduan, ongi neurtuan. Badirudi ez dela ezer soberan, adierazten dituen esan beharreko guztiak ongi taxutuak eta garatuak ditu. Horren erakusgarri, edukiaz gain formari ematen dion garrantzia, olerkiotan estetikari ematen dion leku berezia. Olerki bakoitza sentimenduz betetako unibertso pertsonala da, sinbolo eta metaforek indar berezia hartzen dute lerrootan: enarak, olatuak, izarrak, agurrak… denbora eta gizakia denen oinarria: “Badira denbora batzuk / leku bat hartzen dutenak / eta geratu egiten direnak, / denbora txikiak, denbora umilenak, denbora duinenak / geratzen direnak, / bizirik beti / denboraz betetako denboretan, / enara beltzen hegaldietan”.
Horixe aditzera ematen du Igartua olerkariak, hain juxtu, denbora guztiaren oinarria dela, harrapagaitza izanik existentziaren adierazle nagusia bera denez. Hartara, bere bizipenak dira denboraren ardatza, sentipenen oinarria, denborari lotua heriotza, bere baitako pentsaerak eta noiznahi izandako bizikizunak eta desioak; alderdi sentikorrenak isuri ditu olerkiotan, ezinbestez, enara protagonista dutela: “Denboran gelditu / eta gelditu denbora / eta gu ibili denboran / eta guk zeharkatu denbora —enara beltzak bezala— / eta guk egin denboretan denbora / denborak zahartu, ihartu, baztertu, irentsi ez gaitzan / denborak inorat ez gaitzan…”.
Hortaz, nabari zaio Igartuari idazle heldua dela, idazkeran ez ezik gaiaren garapenean ere, olerkiotan sentimenduak adierazteko eran. Sinbologiaz betetako poema anitzak dira mamitutakoak, irakurleak irudi ugari topatuko ditu olerkiotan, baio semantikoaz haragoko esanahiak: “Izarrak hain goian / xarmangarriak dira / eta xarmangarriak / ezin guztiak bezala / hain erakargarriak. / Eta hurbiltzen gatzaizkienean / izutu egiten gaituzte / suntsitu arte itsutu / Mariren distira ukitu guran, / ikaztu zitzaigun urrea- / zeren izarrak ere / —han goian— / hain goian dira gure”. Azken batean, olerkiotan irakurlearen konplizitatea bilatzen du etengabe Igartuak. Ezin uka, enararen hegaletan, poetaren denborazko begiradak emaitza betea ematen du bertan, gizakion existentziaz zer hausnartua franko bada lerro artean. Igartuak isuritako olerkiak, finean, barrura iristen den poesia da, bizipenetatik sortua, edukiz betea eta sakona. Halabeharrez, bizitzaren antzera, zantzua uzten dutenak.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez