« “Euskaldunen odolak ez du odolkiyak egiteko ere baliyo” | Etapa guztiz normala »
Eskarmentuaren paperak / Anjel Lertxundi / Alberdania, 2009
Herio bizirik darama, eskarmentuz Mikel Asurmendi / Irunero, 2010-02
Literatura eta papera ezin dira bereiz. Nekez. Literatura eta eskarmentua nekez bereiz daitezke halaber. Eskarmentuaren paperak da Anjel Lertxundiren azken lana. Paperean bildutako eskarmentuak dira, haren eskarmentuaren eskaintza: Literatura Enean jasotako Bizitzaren eskarmentuak.
“Irakurri, idatzi eta paseatu”. Horra hor Anjel Lertxundiren bizitzako hiru eginkizun nagusiak, handi-handika adierazita. Zeregin bakartiak dira inondik inora ere. Idazlea baina, irakurtzean, idaztean hala nola paseatzean, bakardadean badabil ere, nago ez dabilela —ez dagoela— sekulan bakarrik.
Idazlea irakurri dituen istorioko pertsonaiekin atera ohi da paseatzera. Pertsonaiok zeharbideetan laga orduko, pertsonaia berriak bihurtuko dituen jendeak gurutzatu ditu. Auzoko, kaleko, herriko nahiz munduko jendeak, izakiak eta izakariak etxeratu ditu, baita suerte guztiko trepetak etxeratu ere.
Literatura Enean jada, pasadizo hau, hori edota hura lantzen ditu idazleak, mundua gobernatzeko pertsonaiek behar duten hizkuntza lantzen du.
Herria du kezka Lertxundik. Herria eta jendartea kezka eta ardura ditu idazleak. Paseatzean oldoztu duena adierazteko hizkuntza zehatza behar du ordea. Pentsatu duena eta esan behar duena bat etorri ezean ez du benetako lanik taxutuko. “Benetakorik gabe ez dago ez arterik ez moralik” pentsatu du. “Eta hauek gabe justiziarik ere ez”. Justiziarik gabe, herria eta jendartea noraezean ibiliko dira.
Hitz horiek oroimenean daramatza idazleak. Egunero berritzen ditu istorioak eta pertsonaiak. Istorio eta pertsonaia bakoitzarentzat tonu egokia bilatu behar du ordea. Iturri zaharretik egunero berritzen den ura ekartzea da idaztea.
Bizitza du lanbide Anjel Lertxundik, eta komunikazioa ogibide. Literatura berriz, bizitzeko ofizio eta euskarri. Bizitzako ohar arruntek osatzen dute galtzarpean daraman koadernoa. Koadernoak haren makuluak dira Bizitzan.
Bizitzako eskarmentu gordeak kontatu ditu orain. Oroimenaren balbulari bira eman dio, gogoa laxatu eta bere baitakoa zabaldu du: haurtzaroan bizitokiz aldatzeak —Oriotik Zarautzera bizitzera joateak— laga zion arrastoa. Nerabean, Ama eraman zuen heriotzak areago zabaldu zion arrastoa. Gaztetan, berriz, poesia gaztelaniaz idazteak laga zion arrastoaren arrakala.
Urtez urte eta bidez bide pilatu zaion oroimena, oroi eta mina bihurtu zaizkio idazleari. Lertxundiri Bizitza kezka bilakatu zaio. Bizitza ardura du eta Herio kezka. Paseo horietako batean, idazlea pentsamenduak bildurik doa buru-belarri eta makur. Irudimenera jalgi zaion bidaideak “Bizi al haiz?” itaundu du. “Bizi, ez. Bixi” erantzun dio idazlearen gogaideak.
Idazleak “bizitzear duguna baino ez garela gaztigatu digu” haren eskarmentutik. Epitafio baten bila ateratzen da egunero, bizitzako nahiz paperezko eskarmentuek epitafio duin bat eskainiko dioten esperantzaz. Heriori buru egiteko aliatu handiena bere Obra duela pentsatu du luzaz idazleak. Herio gero eta hurbilago sentitzeak durduzatu du eta zalantza-balantzan dabil azkeneko paseotan.
Adierazgarria egin zait Anjel Lertxundik zeinen hurbil bizi duen Herio. Herio errezibiziteko Literatur Enea eta Obra nahikoa ote den kezkati begitandu zait. Adierazgarria bai, ez harrigarria. Haren nobeletan Herio bizi-bizirik dagoen izakari baita.
Izena eta izana
Jon Gerediaga
Asier Urkiza
Amok
Stefan Zweig
Nagore Fernandez
Auzo madarikatua
Felix Urabayen
Jon Jimenez
Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell
Amaia Alvarez Uria
Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga
Joxe Aldasoro
Bisita
Mikel Pagadi
Mikel Asurmendi
Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell
Asier Urkiza
Eresia
Goiatz Labandibar
Nagore Fernandez
Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren
Mikel Asurmendi
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Jon Jimenez
Txori Gorri. Andre siux baten idazlanak
Zitkala-Sa
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Profilak (Mugetan barrena)
Amaia Iturbide
Paloma Rodriguez-Miñambres
Paradisuaren kanpoko aldeak
Bernardo Atxaga
Mikel Asurmendi