kritiken hemeroteka

8.500 kritika

« | »

Jaiotze markak / Nancy Huston (Iñigo Errasti) / Alberdania, 2009

Jaiotza markaren galera Bixente Serrano Izko / Berria, 2009-11-08

Nancy Huston, Jaiotze markak eleberri honen egilea, kanadarra sortzez, Frantzian kokaturik hamalau urtetatik, elebiduna da. Ama hizkuntza, ingelesa; frantsesa, aldiz, gaztetan ikasia. Bi hizkuntzetan idazten du berdin, berak itzultzen dituelarik gero bere obrak bertze hizkuntzara. Eleberrietako pertsonaia eta giroaren arabera hautatzen du bata ala bertzea. Eskuartean duguna, ingelesez idatzia, “pertsonaiek ingelesez egiten dutelako” dioenez, laster bihurtu da best seller frantsesez.

Irakurle hau mesfidati samarra da best seller-ekin, ongi jakin arren balio literario ederreko obra batzuk ere gehien saldurikoetako zerrendetan sar daitezkeela, zorionez. Eta horrelakoa dugu hau. Nancy Hustonen ibilbide literarioa konpainia noblekoa izan da hasieratik: Roland Barthesen ikasle izan zen eta Tzvetan Todorov hizkuntzalariaren bizikidea da. Alta, gorroto du gaurko literatura frantsesa, intelektualegia delakoan. Bertzalde, eta hau ere ez dakit oso erakargarri suertatzen zaidan printzipioz, sari asko jaso du egileak bere bizitzan, horietako anitz irakurleek erabakirik, best seller usaina ematen diotela obrari; bertze batzuk serioagoak: Governor General’s Award —Kanadako sari estatala, frantsesezko obrarengatik—, eta Femina saria —emakumeek osaturiko epaimahai batena, Frantzian— esku arteko honekin.

Baina gaurko hau ez da ohiko best seller-en akatsetan erori den nobela. Lau kontakizun biltzen ditu, protagonista-narratzaile banakoak, eta lauek batera eleberri biribila osatu dute. Halako saga familiar bat da, sei urteko ume banak kontaturik. Gaurtik hasi eta iraganera joanik, lau belaunaldi guztira, 2004. urteko bizipenak lehenbizikoan (—Irakeko gerra-eta, erreferentzia nagusitzat—, 1982koak hurrengoan —Sabra, Shatila, Libanoko gerra—, 1962koak hirugarrenik —Kubako misilen krisia—, eta 1944-45 urteetakoak azkenik —Hitler gerra galtzear zegoela—). Sol 2004ko umeak BA birramona, azken narrazioko protagonista, ezagutzen du bizi-bizirik oraindik. Lau belaunaldietako narratzaileek jaiotze marka bana dute larruan, eta, marka horri esker hel gaitezkeenez irakurleok eleberriaren amaierako klimaxera, esanguratsua da, oso, Solen amaren erabakia, haurrari marka kentzeko ebakuntzarena alegia, eta traumatikoa gainera: nortasun bereziko segida familiar historiko baten ezabapen eta ahanzturaren irudia dugu hor.

Haurren hizkera eta pertzepzioek bideratzen dituzte lau kontakizunen estiloa eta edukiak. Erronka gogorra, dudarik ez, eleberrigileak bere buruari jo izan diona, nobelaren erakargarritasuna, bizitasuna eta tentsioa neurtzerakoan. Hainbatetan, izan ere, haur baten adimena ez, heldu batena mintzatzen delako sentsazioa izanen ote du irakurleak, narrazioaren sinesgarritasunaren kaltez. Baina gogoz hartuko ditugu aintzat autoreak egiten dizkigun keinuak, konplizitate bila —adibidez, aparteko jeinutzat du Solek bere burua, sinesgarriagoak egite aldera bere pertzepzioak—. Areago, Nancy Hustonek berak dio elkarrizketa batean: “Ezin argiago gogoratzen naiz sei urtetako ene buruaz: nola behatzen nuen mundua, nola pentsatzen nuen. Horrexegatik badut joera ez gutxiesteko haurren pertzepzioa. Oso adin berezkotzat jotzen dut hori, ikastetxeek tamalez homogeneizatu egiten dutena gero”. Eta idazleak, izan ere, sei urtetan pairatu zuen amak abandonatu zueneko trauma, arrasto biziak uzteko modukoa, inondik ere.

Irakurterraza, in crescendo doa narrazio bakoitzaren erakargarritasuna eta, aldi berean, nobelaren osotasunarena, eta zer pentsatu ematen digu, zinez, giza izaeraz.

Azken kritikak

Baden Verboten
Iker Aranberri

Asier Urkiza

Diesel
Bertol Arrieta

Nagore Fernandez

Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza
Mckenzie Wark

Jon Jimenez

Basokoa
Izaskun Gracia Quintana

Joxe Aldasoro

Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart

Gorka Bereziartua Mitxelena

Ez-izan
Jon K. Sanchez

Aiora Sampedro

Pleibak
Miren Amuriza

Jon Jimenez

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Asier Urkiza

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Nagore Fernandez

Jakintzaren arbola
Pio Baroja

Aritz Galarraga

Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi

Hasier Rekondo

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Baden Verboten
Iker Aranberri

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

Hedabideak