« Parodia | Ezkerraren poza »
Nora ez dakizun hori / Irati Jimenez / Elkar, 2009
Kausalitate magikoa Javier Rojo / El Correo, 2009-08-29
Irati Jimenezek amodiozko nobela bat eskaintzen digu Nora ez dakizun hori izenburuko liburu honetan. Bi pertsonaia agertzen dira bertan, Martin eta Nora, elkarrekin egotera predestinatuta daudenak, pertsonaiek berek hori ez badakite ere, ezagutu ere ez baitute elkar ezagutzen hasietan. Bata, Martin, argazkilaria da, eta denbora luzean munduan zehar ibili ondoren, Bilbora bueltatu da erakusketa bat egitera. Besteak, Norak, irrati saio bat dauka gauez, eta bere ahotsarekin xarmatzen ditu entzuleak. Narrazioa era paraleloan garatzen da, noiz pertsonaia batengan zentratuta, noiz bestearengan, bien istorioak txandakatzen eta txirikordatzen direla, haien inguruan kasualitate ezinezkoen konfluentzia batek bere lana egiten duelarik, biak harrapatuta geratuko diren sarea ehotzen. Izan ere, ezinezko kasualitate horiek erakusten dutena da kasualitaterik ez dagoela, itxurazko kasualitate horien gainean beste “zerbait” dagoela ordena berezi bat eraikitzen: Magia edo fantasia da “zerbait” berezi hori. Gauzak horrela, mundu batean (kausalitate materialen arabera mugitzen den mundu batean alegia), halako osagai misteriotsua sartzen da eta alderdi alderik alde zeharkatzen du, halako moldez non ipuin miresgarrien kausalitate magikoak agintzen duela erakusten zaigu horrela. Beraz, plano berberean ikusten ditugu sinboloa eta sinbolizatua, mitoa eta errealitatea, azalpen miresgarria eta gertakari materiala, bi munduon artean inolako alderik ez dagoelarik. Errealismo magikoaren adibide ikusgarria da liburu hau, alegia. Eta alde horretatik esan behar da liburuak gure artean nahikoa arrakastatsua izan zen tradizio batekin bat egiten duela, Joan Mari Irigoienen eskutik hain ospetsu egin ziren literatur moldeekin, adibidez, tradizio hori gaur egun baztertu xamarra bada ere.
Amodioaren indarrean sinesten duen istorio bat kontatzen da liburu honetan. Idealista eta erromantikoa da, magikoa eta tragikoa aldi berean. Eta halako mundu magiko eta fantastikoaren osagaien erabilera egonda, liburu honetan berehala aurkitzen dira erreferentzia ugari.
Laburbilduta, liburu polita da, eta irakurleak errealismo magikoaren oinarriekin bat egiten badu, gustura irakurriko du.
Poesia kaiera
Giorgos Seferis
Irati Majuelo
Altxa, hildakoak
Fred Vargas
Joxe Aldasoro
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos