kritiken hemeroteka

8.700 kritika

« | »

Bilbao-New York-Bilbao / Kirmen Uribe / Elkar, 2008

Ondarroa-New York Jon Kortazar / El Correo, 2009-05-23

Literatur manifestu baten indarrez agertu da Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao eleberria. Euskal literaturaren kanonaren mugiezinaz, han eta hemen —han isiltasunez, hemen marmarka— hitz egiten zen artean, Uribek egin behar den moduan proposatu du kanonaren aldaketa: literatur praktikaren bidez, literaturan berritasuna proposatuz.

Asko eta asko hitz egin da nobela honen izaeraz eta eraginaz. Batari ez zaio batasun falta atsegin, besteak muzin egin dio idazlearen itzal baten antzeko presentzia mugaezin horri.

Nik atseginez irakurri dut liburua, joan bedi aitorpena aurretik. Adiskideei esaten diet atseginez irakurri dudala, baina askoz ere atsegin handiagoz pentsatu dudala nobelak planteatzen duen horretaz, bere ausardia teorikoaz, bere planteamendu berriaz.

Baina era berean, azaldu beharko nuke, nobela irakurtzen nuen momentuan, Ricardo Pigliaren literatura ari nintzela irakurtzen, nire indarren apurrean, eta, horretan, Ibon Egañak du atea zabaltzearen ardura, lehen jakin-minak sortzen duen ziztadaren bultzada.

Pigliari irakurri diot: “Ez da nire aitaren historia hemen kontatu nahi dudana. Zentzuak eskatzen du nire buruaz hitz egitea, baina idazten duenak ezin du bere buruaz mintzatu. Idazten duenak soilik hitz egin dezake bere aitaz, edo gurasoez, eta aitona-amonez, ahaideez eta genealogiaz”. Horrela ikusten dut liburua. Eta badakit, paralelotasunez hitz egin behar badut, kontuan hartu beharko dudala Oates, Vila-Matas eta Verdú. Eta badakit, haietaz hitz egiten dudanean, gure giza izaeraren bihotzez hitz egiten dudala, Kirmen Uriberen nobelak bezala.

Nik ez ditut ikusten hiru hari nagusi liburuan: autofikzioa, familiaren historia, eta nobela nola idazten den auzia. Ez, nik hari asko ikusten ditut testuaren barnean, azken batean nobelaren ildo nagusia ildorik ez izatea da. Intrigarik ez duen nobela da, zer da abioi batean eserita joatea baino ekintza-ildo geldoagorik? Baina joanaren joanak badu bere barne kilika, eta joateak berak ematen dio mugimendua. Liburuak badu poema luze eta eder bat hasieran (bukaeran bezala, esan dezadan), testu eta ahots desberdinen uztarketa, autofikzioa (hori, bai, hori itsu honek ere ikusten du), nobelaren historia; mila istorio labur biltzen duen mataza nagusia; ehun miresgarria, mila istoriok gurutzatua; familia baten historia, baina era berean, egilearen mamua den itzalak New Yorkera bidaiatzen badu, berak badaki ez duela ezer berezirik egiten, jakinaren gainean baitago, aitonak —kartzelatik ihes egiterakoan— infernura egin zuela bidaia eta aitak ezagutu zituela zientziak ukatzen zituen Rockall irlako olatu nagusiak; nobela bat nola egiten den hausnarketa ikusten dut, baina horren gainetik arte munduaren sorkuntzaren misterioaren eta teknikaren erroetan egindako uztarketa bat, tradizioaren eraginaz pentsakizun sakona, izan garen, garen eta, auskalo, izango garenaren arteko zubi ezustekoaren mataza; errealitatea eta fikzioa nahastatzeko era miresgarria.

Piglia berriro: “Kontatzearen sekretua pokerra bezalakoa da: sekretu guztia gezurtia irudikatzea da, egia esaten denean”. Eta hori maisu lanez agertu du nobelak.

Nik uste dut nobelak azken lotura korapiloa duela: Zergatik ikusi nahi du hiltzera doan aitonak azken aldiz bere maitearen erretratua Artetaren margoan? Zeintzuk dira xamurtasunaren ateak? Zerk eusten gaitu bizirik?

Kontatzeak. Kontatzeak bizitzaren erroetan atxikitzen gaitu eta berarekin bat egiten.

Aurreko liburuko poema batean egileak esaten zuen bezala: “Tu bien, yo bien”. Bizitzak aurrera egingo du. Bizitzaren erroetan baitago kontatzea eta bizipoza.

Azken kritikak

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Nagore Fernandez

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Paloma Rodriguez-Miñambres

Landura
Jose Luis Otamendi

Mikel Asurmendi

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Irati Majuelo

Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette

Aritz Galarraga

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Joxe Aldasoro

Akabo
Laura Mintegi

Mikel Asurmendi

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak