kritiken hemeroteka

8.528 kritika

« | »

Talatik tiroka / Markos Zapiain / Elkar, 2009

Talatik datozen tiroek ez dute aberririk Mikel Asurmendi / Irunero, 2009-06

“Talatik datozen tiroek ez dute aberririk!” idatzi dut sarreran ia oharkabean. “Ia oharkabean?”itaundu dit barne ahotsak. “Isil hasi handigura hori. Testuaren titularra izan daiteke-eta”. Ados. Vanitas vanitatis.

Izan ere —beti badago “izan ere” bat!— politika, sexua, filosofia, irakaskuntza, literatura, familia (Zapiainek berea) futbola… baita psikoanalisia lantzen dituen saioak ez du galtzekorik ez aberririk. Edo halaxe iruditu zait niri behintzat. “Orain azaldu ezak hori” erasiatu nau barne ahotsak.

“Pentsamendua krisian ei dago. Saio literarioa krisian omen dago. Ez dago espiritu kritikorik. Akritikoak bihurtu omen gara eta erretorikoak…”. Iritzi hauek ez dira nireak, baina demagun haiekin bat egiten dudala une batez. “Une batez” esan dut, izan ere, Markos Zapiainen saioak irakurtzean hainbat eta hainbat unetan, iritzi edo baiezpen horiek deuseztatu baitzaizkit.

Berriz ere, “nire” maxima hau heldu zait burura: “Ez dago absoluturik. Absolutu bakarra Jainkoa da, eta hori ez da existitzen”. “Munduon bederen, kar, kar, kar” gehitu dit barne ahotsak, sarkastiko eta trufari. Izan ere, zorionez, Markosek pentsatzeko abagunea eskaini digu. Ez da pentsalari bakarra, noski, baina Zapiainek bere berezko pentsamendua du. “Hori denek edo ia denek dute, aizak” barne ahotsak berak betiere.

Denetaz mintzo da Markos Zapiain. Edo ia denetaz, ez baitago deus absoluturik. Ados. Eta denetaz eta asko mintzo denean, erratzeko abagunea zabaltzen da. Ados. Baina, ezin uka: tira eta tiro ederki ari duzu Zapiain Agirre! Berezko mintzoa da berea.

Ez dago garena azaltzerik, garen guztiaren gainean mintzatzeko —tiro egiteko edo desarratzeko— prest egon gabe. Eta Irungo tiratzaileak hori egiten du, erruz egin ere, garen pertsonaz ari da lotsagabe. Irungo tiratzaileak, Bermeoko Talan aurkitu du tiratzeko talaia. Markosek —Zapiainen baitatik edo gainetik edo bitartez— Agirreren sumin eztia jaurtiki digu: 1, 2 eta 3… bota ditu elkarren segidan. 123 tiro edo testu jaurtiki digu. Eta ez dio edozeri jaurtiki ere: politikari, sexuari (“beti eskamak kentzen aritzea baino, fusila sarri garbitzea gomendatzen digu”), filosofiari, irakaskuntzari, literaturari, familiari —bere familiari, berriz diot—, erlijioari, futbolari eta… psikoanalisiari tiro egiten die.

Alegia —beti badago “alegia” bat—, ezin duzu “aberririk izan” ia den-denaren aurka jo ez gero. Eta nik Markos Zapiain aberri gabekoa sumatzen dut. Alegia, pentsalariak, oro har, gai hauei buruz bat-bedera idazten dutenean, gaiak goi-mailara eramaten saiatzen dira, Jainkoaren kategoriara eraman ohi dituzte gaiok. Lurretik urrun, gure mundutik urrun, pertsonok osatzen ditugun izaerak bereizten dituzte. Saioek ideia apartak biltzen dituzte, baina, funtsean, garena alboratua geratzen da. Nire gustuko.

Markos Zapiain Agirrek —Agirreren sumin eztia— aldiz, ez dauka bere izaera eta barne miseriak azaltzeko erreparurik. Eta niretzat bederen —nire barne ahotsa barne—, gure miseriak gero eta ageriago izan “askeagoak” bihurtzen gara. Eta askeagoak garen neurrian, askatasunaren eremua zabaltzen den neurrian, aberriaren eremua txikiagotu izaten zait/zaigu.

Hots, garen guztiaren aurka tiro egiten dugun neurrian, eta Markosek —liburuko azalean dagoen Markos lekuko— egiten duen bezala, tiroa jasotzeko prest gauden neurrian, askatasunak eta pentsamenduak gero eta indar gehiago daukate gure baitan. Talan aire eta haize fresko dabil, hara!

Azkenik, Markos Zapiainek badaki idazten, ederki jakin ere. Hitz egiten baino hobeto idazten du, aise. Beraz, dastatu bere lumaren sumin eztia. Zure psikoanalistak ez dizu agian barkatuko, baina zure emazteak, bikoteak edo gurasoek bai. Eta gainera dirua aurreztuko duzu. Izan zaitez lurtarra!

Azken kritikak

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Asier Urkiza

Amok
Stefan Zweig

Nagore Fernandez

Auzo madarikatua
Felix Urabayen

Jon Jimenez

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Amaia Alvarez Uria

Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga

Joxe Aldasoro

Bisita
Mikel Pagadi

Mikel Asurmendi

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Asier Urkiza

Eresia
Goiatz Labandibar

Nagore Fernandez

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren

Mikel Asurmendi

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain

Jon Jimenez

Txori Gorri. Andre siux baten idazlanak
Zitkala-Sa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Profilak (Mugetan barrena)
Amaia Iturbide

Paloma Rodriguez-Miñambres

Paradisuaren kanpoko aldeak
Bernardo Atxaga

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

Hedabideak