« Anekdota-bilduma | Aulki-jokoa »
Suminez / Philip Roth (Nagore Tolosa) / Meetttok, 2009
Bihotza suminez Mikel Ayerbe / Berria, 2009-06-07
Askok eta askok Philip Roth idazle estatubatuarraren obra egungo narratibagintzaren gailurrean kokatzen dute; beste batzuk, ordea, oraintsu hurbildu gara aurrenekoz bere liburu batera. Izan ere, Suminez euskaraz argitaratu den Rothen aurreneko nobela izanagatik, idazlearen ibilbide oparoko 29. liburua ere badela kontuan izan behar dugu. Eta, beraz, liburuaren irakurketa amaitu ostean norbaitek trenera berandu iritsi izanaren sentsazioa izan lezake. Nik behintzat badut, eta zoritxarrez, irakurtzen dudan Rothen aurreneko nobela izanik, amorru apur bat ematen dit Suminez hau Rothen lanen batekin alderatu ezinak, edo idazlearen ibilbidean kokatu ezinak. Baina tira, goiz ala berandu, sarritan trenera iristea ere ez da gutxi eta, ziurrenik, Meettok argitaletxeak eta Nagore Tolosa itzultzaileak lan hau hain duinki itzultzeko ardura hartu izan ez balute, Rothen liburu bakar bat ere irakurri gabe jarraituko genuke askok.
Suminez nobelan Marcus Messner protagonistaren gaztarotik helduaro goiztiarrerako ibilerak kontatzen dira, 1950. urtean Koreako Gerra piztu eta hiriko unibertsitate batean matrikulatzen den unetik aurrera. Familia judu bateko seme bakarra, gaztetxoa denetik aitaren kosher harategian lan egitera behartua egongo da, eta, Marcus otzana bezain eredugarria denez (bikainak ateratzen dituzten horietakoa), hitzez hitz beteko ditu aitaren agindu guztiak. Baina umeek gurasoek nahi baino lehenago uzten diote ume izateari eta Marcus heltzen hasten den neurrian, aitari semea galtzeko izuak gain hartzen dio, bien arteko hartu-emana ezinezko bilakatuz. “Irrikaz nengoen nagusia izateko, nagusi jantzia, heldua eta independentea, eta horrexek izutzen zuen aita”.
Hala ere, aitaren jazarpenak itzal luzea du eta Marcusek hiritik 800 kilometrotara dagoen unibertsitatean izena ematen duenean, arazoak amaitu baino, areagotu egingo zaizkio: gelakideekin aurrena, Olivia maitearekin gero, Caudwell errektorearekin ondoren, anaidiko kideekin jarraian eta azkenik… Azkenik, “modu izugarri eta ulertezin batean norberak egiten dituen hautu hutsal, halabeharrezko eta usu komikoek ondorio lazgarrienak izaten dituztela” esanez amaituko da liburua. Eta tartean, idazleak irakurleari ezuste bat baino gehiago aterako dio mahukapetik, galbiderik gabe kontabidean atzera aurrerako jauziak eginez pertsonaia guztiak tragedia honetan ezin hobeto garatuz (Olivia eta Flusser pertsonaien bilakaera da horren lekuko). Azaleko gertakarien atzean erabateko sakontasun zantzuak erdi agerian utziz.
Izan ere, Suminez formazio nobela edo Bildungsroman deitutako korrontearen barnean koka daiteke: liburuak protagonistaren helduarorako garapenean esanguratsuak diren gertakarien kontakizuna biltzen duen neurrian. Hortik zehar, Thomas Mannen Der Zauberberg (Mendi magikoa) edo James Joyceren A Portrait of the Artist as a Young Man (Artistaren gaztetako potreta) lanekin konparatu duenik ere izan da, urrunegi joatea baderitzot ere.
Estiloari dagokionez, Rothek begi ezin zorrotzagoa erakusten du eszena jakin batzuk girotzerako unean (nire ustez ere, Marcusek Caudwell errektorearekin izandako eztabaida apoteosikoa da horren lekuko adierazgarriena); zenbait bizipenen inguruko deskribapenak izugarriak dira (kosher harategiaren ingurukoak kasu); eta, argumentuaren harian eginiko norabide aldaketetan ere eskarmentudun idazlearen eskua nabari da (Marcus eta Oliviaren gutun trukaketan bat-batean Caudwell errektorearen gutuna tartekatzen denean, adibidez).
Aurrenekoz Rothen liburu bat irakurtzen dugunongan haren lan gehiago irakurtzeko grina pizteko balio du Suminez-ek.
Erbeste
Juan Garzia
Ibon Egaña
Utopiaren belaunaldia
Pepetela
Paloma Rodriguez-Miñambres
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Maddi Galdos Areta
Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio
Asier Urkiza
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Nagore Fernandez
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Paloma Rodriguez-Miñambres
Landura
Jose Luis Otamendi
Mikel Asurmendi
Harakinen alaba
Yurre Ugarte
Irati Majuelo
Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette
Aritz Galarraga
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Joxe Aldasoro
Akabo
Laura Mintegi
Mikel Asurmendi
Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre
Asier Urkiza
Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide
Nagore Fernandez
Barazkijalea
Han Kang
Maialen Sobrino Lopez