kritiken hemeroteka

8.308 kritika

« | »

Axola ez duenean / Aritz Gorrotxategi / Alberdania, 2009

Duintasunez Javier Rojo / El Correo, 2009-05-30

Axola ez duenean izenburuko nobela argitaratu berri du Aritz Gorrotxategik. Kontakizun honetan atentzioa ematen duen lehenengo ezaugarria, agian nabarmenena, bertan agertzen diren pertsonaia berezien galeria da. Bizitzak txarto tratatu ditu gehienak eta beren atzean duten historia oso gogorra izan da, baina nobelan aurreko gertakari horiek iradoki baizik ez dira egiten. Halako esperientzia pertsonala edukita ere, pertsonaiak aldez edo moldez saiatzen dira duintasunez aurrera ateratzen, bizitzari aurre egiten. Pertsonaiek atzera begiratzen dutenean susmatzen den minak osatu ditu pertsonaia horien izaerak, baina ez ditu hondoratu. Pertsonaia bilduma horren erdian, Irene agertzen zaigu. Alargun geratu da eta liburu-denda batean egiten du lan. Haren ondoan beste batzuk topatuko ditugu. Claudio, adibidez, liburu-dendako jabea. Literatura maite du Claudiok eta bere onetik ateratzen dute irakurle arrunten literatur gustuek. Bere liburu-dendan kontsumoko liburuak saltzeri uko egiten dio, baina krisia gainean duelarik, negozioa txarto doa. Kronsky ere pertsonaia bitxien multzo horretan sartzen da. Ziur aski bera da iraganik gogorrena duena, kontzentrazio esparru batetik pasatua da-eta, eta marka hori, besoan tatuatutako zenbaki baten moduan, geratu zaio bizitza osorako. Eta horiek bezala, beste batzuk ere. Pertsonaiak galduta daude eta bakoitza bere munduan bizi dela ematen du, bere artean harremanak eta loturak planteatzen diren arren, ezinezkoa gertatzen baitzaie besteen muinera heltzea. Eta denaren atzean, denari amaiera ematen dion heriotzaren presentzia sumatzen da. Etsairik handiena da heriotza, eta pertsonaiek beldurrik gabe bizitzen ikasi nahi dute, gertatu zaiena onartuta etorkizunari lasaitasunez aurre eginez, estoizismoa lagun.

Testuinguru horretan, literaturan eta filosofian aurkitzen duten eguneroko bizitzan aritzeko ikaskizuna. Alde horretatik, aipagarria iruditu zait nobelan egiten dena, benetako idazleen izenen ondoan, asmatutakoak diruditen izenak ere agertzen baitira. Gertakariak, bestaldetik, kokatzen diren lekuak, hiri zehaztugabe batek, Hego Amerikako hiribururen bat ekartzen du gogora, Buenos Aires, adibidez, melankolia- eta tristezia-tonua liburu osoan zehar hedatzen delarik.

Nobela, agian, ez da maisu lana izango, baina nik neuk oso gustura irakurri dut, eta euskal literaturaren ibilbidea ikusita, nahikoa iruditu zait.

Azken kritikak

Poesia kaiera
Giorgos Seferis

Irati Majuelo

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Joxe Aldasoro

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak