kritiken hemeroteka

8.635 kritika

« | »

Jantzi beltz bi / Josu Penades / Alberdania, 2009

Bihotza ukituz Bixente Serrano Izko / Berria, 2009-05-31

Eleberri hunkigarria. Ama batek, minbiziak jota, zeinari medikuek urtebeteko iraungitze data jarri dioten, kimioterapia eta guzti, adoretsua halere saihestezinezko egoerari aurre egiteko gai izateraino, egunkari-gutun bat idaztea erabaki du, bere egunez eguneko eta iraganeko bizipenak papereratzeko asmoz. Esperantza lauso batekin: alegia, aspaldian galdu duen alaba batek, gaztetan drogetan murgildurik eta auskalo non dabilen alabak, egunen batean irakurtzeko parada izanen duelakoan. Ausardiaz bezainbertze sentimendu onez beteriko etxekoandrea damu da batek daki zer egin zuen gaizki, alaba bide horietan zehar galtzeko, hamarkada batzuk duela heroinaren ihesbidea hautatu eta hiesarekin topo egin zuen belaunaldi edo promozio haietako hainbati jarraikiz.

Ez dago salaketa sozialik edo instituzionalik, oso-oso zeharka ez bada. Amak berak hartu zizkion lehen susmoak alabari, amak berak lortu zuen susmo horien egiaztapena, drogak banatzen zireneko itsas-bazterreraino alabaren peskizan ibiliz. Ageriko sekretua eta Ertzaintza-postu batetik hurbil-hurbilekoa, moila hura. Laguntza eskatu ertzainari une hartan bertan, baina alferrik: “Ukitu ere ez egin. Hemezortzi urte dauzka eta adinez nagusia da. Berak nahi ez badu, ez behartu ezertara, legearekin arazorik eduki nahi ez baduzu behintzat”, horra erantzuna. Aurretik ere, ikastetxera joanda zegoen: “Adinaren kontuak” eta ez kezkatzeko, tutore ez-jakinaren ihesbidea…, eleberriaren egilearen autokritika-edo, bera ere irakasle denez. Baina ez dira osagai kritiko horiek, ezta saiatu ez den ikerketa sozio-kulturala ere, ama honen eskutitzean irakurlea hunkituko dutenak, ama baten sentimenduak baizik, jakineza, laineza, baina haren kemena ere, nola den gai hainbat gauza egin eta negarrik gabe jasateko egunez egun azkeneko urte horretan: bere bizipenak idazten ikasi, alabaren urratsez ezkutuan jakin, bere bertze semeekin eta bilobekin amets egin, lur jota daudela ere senar-emazte jokoan samur ibili, bere lankide ohi eta lagunekin adeitsu eta esker oneko agertu, bere itxura bizia gorde nahi eta aldi berean bere hil-jantzia (eta alabarena) prestatzen jardun. Eta gisa horretako hainbat eta hainbat zertzeladaren kontaketa.

Ongi kontaturik: erritmo egokian, burura berez datozkion bezala josten iraganeko eta gaurko hariak, zer egiten duen une bakoitzean, zeri ekin edo zer pentsatu zuen bart edo aurreko astean, zein haurtzaro xarmanta izan zuen, ustez, alabak, nola izan den bere bizitza osoa… Irakurterraza estiloa, espantu-keinurik gabea, adierazpen tragikoak duintasunez saihesten jakinik. Esperimentu literariorik gabe, naturaltasun handiz lotzen ditu kontakizunak, nahiz eta sinesgaiztasun puntu bat duten amaren azkeneko ibilerek, edo nola lortu duen idazteko trebezia hori ia eskolagabea den horrelako narratzaile batek, baina badago azken hori leuntze aldera irakurleari egindako konplizitate keinu bat. Bere ukitu misteriotsua ematen dio, bertzalde, autobusean-eta agertzen den herriko bertze emakumearen itzalak, une kritikoetan ere present, irakurleari jakin-mina sorraraziko dionak.

Konplikaziorik gabeko narrazio sentibera baina gehiegikeria negar-egingarrietatik ihes egiten dakiena, ogi puska diren pertsonaiak protagonistaren inguruan dantzan, gure itsasportu bateko bizimoduan giroturik, gure artean ezagutzen dugun familia eredu tradizional baina gaurkotuan ulergarria… Irakurle hau asebete ez duen eleberria, baina, iritzi literarioa ematera, ontzat hartzekoa deritzodana, narratzailea inondik ere narras ez dabilelakoan.

Azken kritikak

Esker onak
Delphine De Vigan

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Enarak
Bernardo Atxaga

Irati Majuelo

Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor

Aritz Galarraga

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Joxe Aldasoro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Mikel Asurmendi

Odola kantari
Unai Elorriaga

Asier Urkiza

Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins

Nagore Fernandez

Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Mikel Asurmendi

Silueta
Harkaitz Cano

Iraitz Urkulo

Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Mikel Asurmendi

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Maddi Galdos Areta

Hiria gure oinetan
Irati Majuelo Itoiz

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Aiora Sampedro

Artxiboa

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

Hedabideak