« Muturrerainoko bidaia | Zer eta nola »
Hildakoek ez dute hitz egiten / Arthur Schnitzler (Ainhoa Irazustabarrena) / Alberdania-Elkar, 2009
Zendutakoak berbetan Karlos Del Olmo / eizie.org, 2009-06-02
Alarguna har genezake gaitzat, Schnitzlerrek antzera, Viena XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran zer zen erakusteko: aurkikunde fantastikoen meta harrigarri bat, sormen europarraren zilborrestea, borborkako mundu intelektual eta artistiko baten ikurra. Zweigek “atzoko mundua” esan zion inperio hari, eta bilduma honetara bildutako ipuinen bitartez argiro helduko zaizkigu Mahler-en kontzertu hildakoen oihartzun iraungia, kafe etxeak populatzen zituzten poeten eta dramaturgoen orrien usaina, Klimt-en margolanetako arabeskozko emakume eta gizon biluzien irudi ispiluek desitxuratuak.
Hildakoek ez dute hitz egiten, ezta naziek eratutako Vienako juduentzat eratutako kontzentrazio eremuetako labeetan gaurko zaborren antzera errausturiko lagunek ere. Horrexegatik, apika, ez digute kontatuko Hitlerrek berak artista izan nahi izan zuela judu aberatsen inperioko hiriburu inperialean.
Geronimo itsua eta bere anaia ipuinari esker ere erraz entendituko dugu zergatik sortu ziren garai eta inguru hartan sionismo modernoa, nazismoa, psikoanalisia eta Arthur Schnitzlerren kontakizun, antzerki eta eleberri laburrak. Azken batean, idazlearen liburuak amorru ikaragarri batez erre zituzten führer-en jarraitzaileek Berlinen.
Emakume arrotza irakurrita, naziek Arthur Schnitzlerren gaiak “literatura endekatutzat” jo izateraino zergatik heldu ziren ulertzera erdu gintezke, batez ere halakoek gizakiaren zalantzak, izaerak, arimaren alde guztiak ulertzen eta onartzen ez zituztelako. Erabateko segurtasun arautua ezarri nahi zuten berez kaotikoa eta ezin iragarrizkoa den mundu batean.
Dantzari greziarra beste hildako batzuen eskutik oratuta irudikatuko dugu, erraz asko, amestua dirudien Viena inperialeko kaleetatik. Zalgurdiek gauez kaleetako galtzada harrietan ateratako zaratotsa, festazale mozorrotu ederrok, gauezko festak, musika… eta atezuan, beti-beti, Herio. Den-dena artifizio handirik barik etengabe tentsioa, suspensea eta arroztasuna sortzen dituen prosa ondo neurtu baten bitartez.
Egintza onak, diskrezioz eta fede onez eginak, baina ez diruditen bezain onak, ezta halako diskrezioz eta fede onez gauzatuak. Itxurakeriazko gezurra eta benetako gertaerak. Ala gezurrezko egia eta itxura hutsezko gertaerak. Horra hor Schnitzlerren lan gehienotan datzan zalantza dantza. Inongo amets ez da erabateko amets eta idazle honen eskuan eta giza bizialdi oso baten errealitateak ez du egiarik sakonena adierazten.
Iragarkizuna kontakizuna, besteen antzera, ez da idazlan psikologikoa: pertsonaien psikeak ez ditu eszenak sortzen, beti egoten da gertaeraren bat, ekintzaren bat. Eta gertakariaren aurrean nola jokatzen duten leitzean, hantxe azalduko zaizkigu pertsonaien arima eta pentsamendua… osorik?
Von Leisenbohg Baroiaren patua atalean, esate baterako, eszenek, jazoerek pertsonaien motibazioei hartzen diete gaina. Egile honen literaturan gizaki arruntak beti egoten dira harantzago, euren eguneroko helmenetik at dauden menturetan murgiltzeko prest (edo hartara zigorturik). Biziera arrunt eta seguru samarreko jendea, aisialdian aise bizi dena, egunerokotasunetik landako menturetara igarotzen da pare bat lerroren buruan. Gauezko jazoera ilunak eta ganduak ez dira erabat saretzen eta argitzen egun argiz. Freudek esan legetxe, ametsa eta errealitatea, sexua eta heriotza, elkarren atzean dabiltza.
Gabriel zena eta gu garena, irudipen hutsa, besterik ez. Ikur iradokorrak, mamuzko presentzia psikotiko eta obsesiozkoak. Ez da harritzekoa: Viena aristokraten hiria zen garai hartan, inperio distiratsu bateko hiriburua. Eta artearen orkestran, aristokraziari harien itxurazko sinpletasun dotore eta bihurria dagokie, metalezko instrumentuen durunda erasokor eta asaldatua barik: hari instrumentuen musikaren parekoa da idazlearen estiloa, vals baten antzekoa.
Ni neu, irakurleei jazoko zaien moduan, harritu egin nau Ainhoa Irazustabarrenaren itzul estilo irakurterrazak, nahiz eta, zenbait zatitan, ortotipografiaren aldetik, liburua beste orraztutxoren baten beharrean dagoen. Ez da batere makala, dena dela, literatur itzulpenaren ur handitara egindako murgilaldi hau, Arthur Schnitzler ere, bihotzez eta irudimenez handia zen-eta… Handia…
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez