kritiken hemeroteka

8.680 kritika

« | »

Alea / Beñat Sarasola / Susa, 2009

Zer eta nola Ion Olano / Gara, 2009-05-06

Hasteko, esan dezadan Alea ez dela poema bilduma bat, inola ere ez. Poema liburu bat da, lau ataletan banatuta: lehenengoan, testua sakabanaturik ageri zaigu, sintaxia bera ere zartatuta. Aurrez aurre jartzen ditu irakurlea eta anabasa. Baditu helduleku batzuk sikiera, izen zehatzak: Peter Pan (edo Punk), Buffalo Bill, Olentzero. Ematen du halako gehiegikeria bat beharrezkoa dela irakurleari ohartarazteko non dagoen: errealitatean. Atalek aurrera egin ahala, poemak trinkotzen doaz eta perpausak hitzez betetzen, prosazko testuen itxura izan arte. Itxura esan dut. Ale honetako aleak poema-poema ez badira, ipuinak ere ez baitira prosa-prosa. Etiketak dira horiek, azken finean.

Alfabetoak gidatzen du bigarren atala, a-tik z-ra (ç eta guzti), eta sumatzen dugu esaldi ebakien artean badagoela istorio bat: pertsonaiak behinik behin badaude (John Wilkinson eta abar), lekua (Maxim’s), baita gertakari bat ere (hilketa). Esaldiak gainjarrita daude gehienak, hurrengo lerroarekin kateatuta, alegia. Beraz, esaldi bakoitzaren zentzua dantzan dabil batetik bestera. Poemen hasierek eta amaierek misterioaren indar guztia daukate, espero ez dena ematen dute beti. Horixe baita, hein batean, poesia (eta bizitza, agian): espero ez dena. Azken bi ataletan poemak nabarmen hazten dira, eta esango nuke hirugarrenean jotzen duela goia liburuaren egiturak. Hortxe ikusten duela irakurleak, inoiz baino argiago, liburua zer esaten ari den. Edo batez ere, nola.

Beñat Sarasolaren (Donostia, 1984) bigarren poema liburua da Alea, edo lehenengoa, nondik begiratzen den. Izan ere, Kaxa huts bat (Susa, 2007) hartan, aurrena “hutsa” sortu zuen (poemak, alegia), eta ondoren jarri zuen “kaxa” (hots, liburua). Poema bilduma bat da. Bigarren honetan, ordea, espero ez zena eman du Sarasolak. Ez du “Kaxa huts bat 2” idatzi. “Nola” pentsatu du aurrena, eta ondoren erantsi du “zer”. Poema liburu bat idatzi du. Aurrekoaren oso bestelakoa itxuraz, zabalagoa eta sakonagoa, baina antzekoa gaietan. Oraingoan ere, poesia idatzi ote daitekeen galdetuz, poetak erantzun egiten dio galderari. Eta gizarteko etsipen politikoa onartuz, etsipen hori gainditzen du. Liburuari zerbait faltan sumatzekotan, lirikotasuna eta musikaltasuna aipatuko nituzke. Baina zein lirikotasun eskatuko diogu kasik “antilirikoa” den liburuari? Musikaltasunari dagokionez ere, atalen erritmoa argia da, ez hainbeste poema bakoitzarena. Poema taupadaka doa, irregularki, John Ashbery-ren poemetan bezala, hitzak eta esaldiak ahosabaian goxatu gabe. Baina sakonean, badu bere musika.

“Ez da ezer ulertzen” esango du batek baino gehiagok, eta akaso harridura ikurra gehituko dio esaldiari. “Zer esan nahi ote du?” galdera okerra da. Bada garaia ahazteko autoreak esan nahi zuena, autorea hilda dago aspalditik, eta Barthesek badaki krimenaren arma non dagoen. Berdin du, beraz, egileak zer esan nahi zuen; esan duena esan du, esan duen moduan. “Nola” horri erreparatuz, irakurleak errazago ulertuko du “zer” ari den irakurtzen. Bere alea, alegia. Ez dut Amerika deskubrituko (ez al da asmakizun bat?) esaten badut lau ataletako bakoitzak baduela bere “nola”, bere forma, modua. Baina esango nuke batetik bestera apenas aldatzen dela “zer”, etengabe esaten ari dela gauza bertsuak. Akaso galdetuko duzu: “zer? Zer esaten du?”. Bada, hori zuk esan beharko duzu, irakurle.

Azken kritikak

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Nagore Fernandez

Martxoak 3
Jon Martinez Larrea

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak