kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

New York, New York / Gotzon Garate / Elkar, 1988

Muturrerainoko bidaia Beñat Sarasola / Berria, 2009-05-31

Gotzon Garatek 1988an argitaratu zuen New York, New York kronika liburuaren berrargitalpena ekarri berri digu Elkarrek, idazlearen heriotzaren lehenengo urteurrenaren atarian. Edizio berri honi Juanra Madariagak hitzaurre bat gehitu dio, eta Ainhoa Lendinezen esku egon da hizkuntza egokitzea. Madariagak kontatzen digu nola Garate udaldi askotan New Yorken bizi izan zen, apaiz lanak egitera joanda, eta bizipen horiek oinarritzat hartuta idatzitako liburua dela honakoa.

New Yorken ona eta txarra nahasten direla diosku Garatek, baina irakurleak, batez ere, txarra, gaizkia, aurkituko du bertan islaturik: gisa guztietako kriminalak, drogazaleak, mafiosoak, prostitutak… Egunkarietako ezbeharren kroniken tankerako testuak dira gehienak, hala eduki, nola luzera aldetik, eta izatez, AEBetako egunkarietan irakurritako albisteetatik abiatuta eraikia dago kontakizun bat baino gehiago. Nolanahi den, azpimarratu beharra dago Garatek literaturaren bidez prentsa horiko tonu puztu eta fazatik aldentzea lortzen duela. Izan ere, pasarte bakoitzeko protagonistak eta bertan kontatutako gertakariak literatur eskuz zirriborratzen ditu —kontu egin nola erabiltzen dituen dialogoak—, eta emaitza kazetaritza eta literaturaren arteko hibridoa da. Ezagun da idazleak zuen nobela beltzetarako zaletasuna —gogoan izan nobela beltzak euskaraz idazten aitzindarietakoa izan zela—, eta hala, kronika hauek nobela beltzetako pasarteak dirudite maiz, edo mikroipuin beltzak, nahiago baduzue. Ildo honetan, aipagarria da, orobat, kriminalaren ekintzak bere iraganean ulertzeko duen joera, esplikazio psikoanalitikoa-edo ematekoa, beti saiatzen dela hiltzaile edo dena delakoaren haurtzaroko balizko jazoera erabakigarriren bat bilatzen.

Garatek, bada, Rudolf Giuliani alkatearen aurreko New Yorken (irudiaren) erretratua egiten duela esan dezakegu. Hiri honen inguruan euskal literaturan idatzitako beste kronika liburua Harkaitz Canoren Piano gainean gosaltzen da, eta interesgarria litzateke egiaztatzea, azterketa imagologiko-konparatistiko bat eginez, bi liburuek zeinen era diferentean irudikatzen duten hiria —eta zeinen idazkera diferentea darabilten, halaber—. Hamabi urte geroago idatzitakoa da Canorena, eta ordurako Giulianik burutua zuen hiri garbiketa bortitza —Piano gainean gosaltzen-en horri buruzko aipamenak irakur ditzakegu—. Canorenean protagonista idazlea da, idazlea eta bere idazte prozesua, eta horrekin batera, artistak, musikariak eta abarrekoak; Garaterenean, protagonistak baztertuak eta kriminalak dira batik bat.

Kronika hauetan alderdi soziala zentrala denez gero, ezinbestean topatzen ditugu testuan idazlearen hainbat kontsiderazio etiko. Eta hor, apaizaren moral katolikoa azaltzen denean, behin baino gehiagotan muturra okertu dudala aitortu behar dut. Pertsona hitza erabili beharrean kristau hitza erabiltzearena kontu arina izan daiteke, baina badaude zenbait iritzi guztiz gogaikarriak egin zaizkidanak: “New Yorken jendeak badaki AIDS nondik datorren. Homosexualitatetik (sic), batik bat”. Halakoak, garaiaren ajeak irudituko zaizkie zenbaiti, droga eta hiesaren ondoriozko 80ko hamarkadako beldurren erakusgarri, baina tira, ezin ukatu gaur egun halako ikusmoldeek, niri bederen, eragiten didaten arbuioa.

Dena den, aski interesgarria da liburuak New Yorken errai sakonetaraino (Bronx, Harlem…) sartzeko eskaintzen digun aukera, gertu-gertutik, izen-abizenekin, film eta sail estatubatuarretan maiz ikusi ahal izan ditugun istorioak euskaraz irakurtzekoa.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak