kritiken hemeroteka

8.496 kritika

« | »

Larrua hotz / Albert Sanchez Piñol (Lander Garro / Zigor Garro) / Txalaparta, 2009

Enpatia Bixente Serrano Izko / Berria, 2009-05-03

Arrakastatsua, antropologo kataluniar baten lehen eleberri hau. Milaka ale saldu omen du, eta 25 hizkuntza baino gehiagotara itzuli da, argitaletxeak dioenez.

Badu Larrua hotz-ek zer saldu, zein giltza literariotan den idatzirik ikusita. Harrapatu, are bahitu ere egiten du irakurlea, meritu makala ez dena, ez horixe!, bere lehen eleberria idatzi duen zientifiko saiakeragile batentzat. Frogatzen du, ongi frogatu ere, narrazio baten trikimailuak menderatzen dituela, bai zertzeladen kontakizunaren erritmoari, bai irakurlego zabal batengan interesa piz dezaketen osagai narratiboei, bai idazkerari dagokienez, esperimentu estilistiko eta literarioetan sartu ezean ere.

Irakurlego zabala diot, ahaztu gabe, halarik ere, nola edo halako kontzientzia nazional bat hedaturik dagoeneko unibertso linguistiko bati begira idatzirik dagoela, ene ustez: katalanez idatzirik, eta katalana bezalako hizkuntza batean irakurtzeko prest dagoen mundu berezi horri begira. Erakargarria, hortaz, euskaraz edo galegoz edo bretoieraz edo hizkuntza gutxitu batean irakurtzeko plazera edota grina dugunontzat ere. Baina, antropologo den guregileak jakin izan du bertze osagai orokorragoak, unibertsalagoak sartzen, zientzia-fikziozkoa ez ezik, gogoeta batzuk sortu nahi dituen narrazioa ere izan nahi duen honetan. Egokia, hortaz, hizkuntza unibertsalagoetara ere itzultzeko, zinemara eta bertze espresiobideetara eramateko.

Protagonista XX. mende hasierako gudari ohi abertzale irlandar bat dugu, bere aberriak erdipurdiko independentzia lortu ondoren eta Ulster Ingalaterraren eskuetan gelditu zela kausa abertzaleen arteko gerra zibila ikustean, bere iraganari ihes egitera deliberatu duen narratzailea. Antartidatik gertu, itsasbide guztietatik aparte dagoen eta bizilagun bakarra duen uhartetxo batera doa, egurats teknikari gisa. Horrelako protagonista da hizkuntza gutxituetan irakurtzeko plazera edota grina duen irakurlegoa bahi dezakeen osagai bat. Baina gero kilometro eta erdiko luzera duen uhartetxoan gertatuko diren ustekabeek ematen diote irakurlego zabalago bati, bai ongi kontaturiko abenturekin gozatzeko, bai gogoetak egiteko aukera, hainbat eta hainbat gauzataz, hala nola giza izaeraz, etsaiei buruzko ikusmoldeez, arrotzen arteko harremanez, borroka eta negoziazio irtenbideez.

Egia erran, irakurle honen aburuz, protagonista berdin izan zitekeen irlandar abertzale frustratu bat, edo Erdi Aroko gurutzatu desengainatu haietariko bat, edo bere iraganetiko edozein iheslari, lekutako bazter isolatu batean Robinson edo Ortzirala izan nahiago lukeena. Izan ere, irlandar izateak ez dio narrazioari kutsu berezirik ematen. Eta protagonista ez da Robinson Crusoe izanen, bertze Robinson bat dagoelako uhartean jadanik, baina ezta Ortzirala ere, zein harrera egiten dion Robinsonek ikusirik. Ordea, Lovecraften halako izakiekin eginen du topo, anfibio, adimendun, sentimendun, hiztun eta auskalo zein materialeko izaki arrotzekin, zeinen aurrean aspaldin Robinsonek hil edo biziko borroka bat mantentzen duen. Izaki horiekiko harreman posibleen inguruan garatzen da narrazioa, eta piz daitezke irakurlearen hausnarketak.

Ez dabil egilea filosofia berri eta original baten bila, arroztasun eta bertzetasunaren aurreko harreman enpatikoagoen alde hainbatetan jorraturiko bideetan baizik, baina misterio puntuak, zientzia-fikzio eta beldur-generoko jiteak, irakurterraztasunak eta egituraketak merezitako bideak irekitzen dizkiote narrazioari. Enpatikoa, eleberria bera ere.

Azken kritikak

Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart

Gorka Bereziartua Mitxelena

Ez-izan
Jon K. Sanchez

Aiora Sampedro

Pleibak
Miren Amuriza

Jon Jimenez

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Asier Urkiza

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Nagore Fernandez

Jakintzaren arbola
Pio Baroja

Aritz Galarraga

Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi

Hasier Rekondo

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Baden Verboten
Iker Aranberri

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi

Mikel Asurmendi

Dolu-egunerokoa
Roland Barthes

Asier Urkiza

Guardasol gorria
Lutxo Egia

Nagore Fernandez

Zero
Aitor Zuberogoitia

Jon Jimenez

Artxiboa

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

Hedabideak