« Beste mundu bat | Iniziazio-erritoa »
Altxor uhartea / R.L. Stevenson (Maria Garikano) / Elkar, 2008
Altxor uhartea Mikel Garmendia / eizie.org, 2008-10-06
Nekez esango dugu ezer berririk abentura liburuetan abentura libururik entzutetsuenetakoa dugun literaturako altxor honi buruz. Ondo aztertuak ditu honezkero han eta hemen —baita euskaraz orain arte argitaratutako iruzkinetan ere— pertsonaien aberastasuna, sinbolismoa, kontatzaile aldaketak eta abarrak. Gutxi idatzi da, ordea, nik dakidala, euskal bertsioari buruz, nahiz eta irakurleon artean hedatu samarra dagoen M. Garikanoren bertsioa “euskal itzulpenean erreferente bat” izatera iritsi dela, Lorea Amilibiaren hitzetan esanda. Ez du arrazoirik falta, bestalde, Mikel Ayerbek bere iruzkinean adierazten duenean faltan sumatzen duela edizio berri honetarako beste hitzaurre bat, hau da, estimatzekoa litzatekeela irakurleoi aipatu bederen egitea nondik norakoak izan diren 1991tik hona egindako aldaketak eta, esate baterako, aurreko edizioan ez bezala oraingoan txertatutako ilustrazio ederren gaineko hitz bat edo beste jartzea.
“Altxor uhartea irakurtzea abenturak bizitzea da, eta abentura beti da arriskutsua eta horregatik baita zirraragarria ere”, esaten digu Lorea Amilibiak ,eta bistan da egia borobila dioela. Kontua, alabaina, arrisku-egoera horiek biziaraztea da, zirrara hori eragitea, emozio horiek sentiaraztea. Hona zer dioen gai horrekin lotuta, A. Lertxundik, irailaren 30eko (San Jeronimo eguneko) bere zutabean: “Ausardi handia behar da beste hizkuntza batean emandako emozioak sentitzeaz gainera, norbere hizkuntzaren ehundura emozionalera ekartzeko”. Hori Meryl Streep-ek berriki botatako esaldi batekin lotu (“Ezer izatekotan, emozioen itzultzaileak gara gu: itzulpen horixe lortzea da gure loria”) eta hara non atera digun esamolde bikaina: emozioen itzultzaile. Emozioen itzultzaile izan dugu, hala, M. Garikano eta izan du, bai, Lertxundik aipatzen duen ausardia handi hori. Zertan datza, ordea, denok —literatura euskaraz irakurtzen dugunon mundu edo mundutxo honetako denok esan nahi dut— itzulpen-lan honi zalantzarik gabe aitortzen diogun kalitatea eta erreferente izate hori? Nik nire irudiko klabe batzuk direnak aipatu besterik ez dut egingo, emankorra baita gaia eta, emankorra izateaz gain, horrexen premian baikaude berriki zenbait itzultzailerekin egindako solasaldian argi gelditu zenez. Diotenez, G. García Márquez-ek taxutua omen zuen bere baitan ipuin bat, ondo pentsatua eta elaboratua. Nola kontatu, ordea? Hortxe omen zuen koxka. “Txikitan amonak ipuinak kontatzen zizkidan bezala” otu omen zitzaion idazleari. Eta, jakina, hitz gutxitan etorri zitzaion burura bertsio batek ona izateko —emozioak biziarazteko— behar dituen betekizunak: tonua, efektuak… zuzentasun gramatikaletik eta idazkera estandarretik harantzago doazen kontuak, alegia. Eta, hain juxtu ere, horretan asmatzen duela esango nuke M. Garikanok bere bertsioan. Begira, bestela, zer efektu egoki lortzen duen Silver-ek bere dialektoan indargarri gisa-edo errepikatzen duen esaldiari (“You may lay to that”) ematen dion euskal ordainarekin (“Eta hara zer esaten dizudan”), ezagun eta erabat gertuko egiten zaigun ordain horrekin, ahozko hizkeraren eremuan kokatzen gaituen horrekin.
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez
Bisita
Mikel Pagadi
Jon Jimenez
Hamlet
William Shakespeare
Aritz Galarraga
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Hasier Rekondo
Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria
Jon Martin-Etxebeste
Dimisioa
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Patxi Larrion
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro