kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Gizona ilunpean / Paul Auster (Oskar Arana) / Alberdania, 2008

Mundu arrotza biraka Karlos Del Olmo / eizie.org, 2008-10-06

Paul Austerrek (New Jersey, 1947) idazten ekin zionetik, zaletu eta kritikari asko itxaropentsu bezain pozik egoten ziren idazlan berri bat iragartzen zuten bakoitzean. Dena dela, halako batzuen iritziz, idazlea (ezen ez zinegilea) apur bat maldan behera hasita dago. Hala, esaterako, baten baino gehiagoren aburuz Leviathan, Ilargiaren jauregia eta Ilusioen liburua plazaratu zituen idazlaria ez da Brooklyngo erokeriak, Bidaiak scriptoriumean zehar eleberriak kaleratu dituen idazle berbera. Izan ere, garai batean idazleak erakusten zuen magia ezkutu hura, egunerokotasunaren ezein alderdi misteriorako ate bihurtzen zuena, asmamen flakezia moduko bat bihurtu ei da. Eutsi egiten dio, dena dela, istoriorik hutsalena, hutsaren hurrengoena, narraziorako hazi oparo itxuraldatzeko gaitasunari; baina erabiliaren erabiliaz, liluragarria zena, mekanikoago, asmatzen arrazago egin da. Austerrek oso ondo daki ofizioan, bertsolari zahar batzuen antzera, eta halakoen modura, balirudike ez diola axola jantzi literarioaren josturak eta trikimailuak agerian jartzeak, edo, hain suertez, bertsolari horien antzera, denek espero duten bertsoa ondo biribiltzen duela, idazlearen markaren aiduru daudenak ez dituela zapuztuta utzi gura. Ohiko tresnak darabiltza; baina, beharbada, eskulangilearen lan errepika ezin eta —hargatik ere— baliotsu horietako bat barik, katean egindako produktu akasgabe, perfektuago baina balio txikiagoko bat izan liteke.

Dena dela, eleberriaren hariak eta amuzkiak erakargarriak dira oso, istripu baten ondorioz oheari itsatsia egon beharreko idazle zahar baten asmamena duelako abiaburu. Pirandelloren estiloko jokoa, Bidaiak scriptoriumean zehar lanean agortzeraino erabilitako baliabidetik berriren berri ere mama goxoa aterata. Istorio paraleloak, mundu amestuak, ametsezko munduak, errealitate paraleloan baten batek amesturiko gure mundu hau… Alegia, mundu bakoitza norbaiten buru asmazioa besterik ez delakoa. Jakina, bere fantasian, ideia ez da atzo arratsaldekoa; dena dela, asmamen handiko lanak bururatzeko bidea eman du literaturaren historian. Austerren lan honek, beharbada, gehiago eman zezakeen amaiera burutzeko orduan, anbizio handiagoa ere eska ziezaiokeen. Baina, bestalde, idazlea, artista benetakoa bada, bere buruaren zordun baino ez da, itzultzailea ez bezala, itzultzailea ugazaba biren zordun delako, irakurleari zor dio eta, zertan esan ez, idazleari ere bai. Pasarte batzuk, esaterako Ozuren pelikula ezagun baten gaineko narrazio luzea, Austerren idazketa garbi eta erakargarria gorabehera, irakurleari eginiko adarjotzetik hurbil egon arren, kontakizun indartsu eta luzeagoen muin izan litezkeen beste batzuk ia garatu barik geratu dira. Batzuetan, estilo ariketa baten aurrean gaudela pentsa liteke. Istorioaren kohesio aldetik, irakurleari lan apur bat egiteko eskatuko dio eleberriak. Eta nobela eszena zinematografikoz eginda dagoela pentsa genezakeen arren, idazleak, halere, bere burua areago du idazletzat zinemagiletzat baino; baita uste ere hizkera literarioa zinematografikoa baino landuago dagoela, aspaldikoagoa denez gero; hartara, zinea idazlaritzaren luzapena besterik ez zaiola. Baina edozer pentsa eta espero dezakegu ispilu jokoak hain gustukoak dituen idazle batengandik.

Alberdania argitaletxeak goraipamenen bat merezi du euskal kulturaren alorrean normalizazioaren alde egiten ari den lanagatik, bestela baitakoan baina beren beregi, euskal argitalpenak munduko beste hizkuntzetakoen pare-parean jartzen dituelako, denborari dagokionez ere bai.

Oskar Arana itzultzaileak batasun moduko bat lortu du egilearen estiloa ematerakoan, zubia eregita hiru liburuon artean, amaraun moduko bat ehunduaz. Estandarizazioaren bide neketsu eta guztiz osatu gabean, euskaraz neketsuago gertatzen da Austerren puntuazio molde bitxia; baina, behintzat esatea dugu itzultzaileak ez duela aldapa kantsagarriago bihurtu, eta hori ez da gutxi. Dena dela, harrigarri gerta dakioke baten bati literaturan ere itzultzaileak hitz elkartuetan ia beti marra jartzearen alde egitea. Austerrek harira ekarritako pelikula japoniarrean diotena parafraseatuta esan genezake bizitza etsigarria den arren, baten batek gu zoriontsu izatea gura ei duela, guztiagaz ere.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak