« Xumetasunaren ederra | Lubakia eta herdoila »
Malgudiko ipuinak / R.K. Narayan (Joxe Mari Berasategi) / Igela, 2008
Malgudiko ipuinak Mikel Garmendia / eizie.org, 2009-01-30
Narayan idazle indiarraren (1906-2001) hamar ipuin atsegin eskaini dizkigute Igelako lagunek J.M. Berasategi itzultzaileak txukun euskaratuak. Txekhoven eta Faulknerren idazkeraren antza hartu izan diote Narayani bere idazlanetan islatzen duen ironia fina, umorea eta sinpletasuna direla-eta. Eta halakoxea da, bai, haren estiloa: soila formaz eta sakona edukiz, errealista baina fikziozkoa edo, nahigo bada, fikzio errealista.
Faulknerrek Yoknapatawpha bezala, Narayanek Malgudi izeneko mikrokosmosa sortu zuen eta huraxe da haren idazlan gehienetako eszenatokia: Indiaren hegoaldeko hiri fiktizioa, bere baitan Indiako ezaugarri guztiak bildu bai, baina identitate propioa duena. Ez du gizartea gogor kritikatzen, onartu egiten du sistema soziala den bezala, nahiz eta arma fin eta indartsu baten bitartez, iradokimenaren bitartez alegia, oso begirada bereziz begiratzen dion gizarteari eta, oro har gizakiari. Ez du muturretara jotzen, gizarteko klase ertaineko jendea ageri da gehienbat eta ez da saiatzen Indiaren irudi exotikorik ematen atzerriko irakurleentzat, hala egiten baitute beste idazle indiar askok. Kritikoa ez baina bai sakona, elkar nahasian emango dizkigu komikotasuna eta tristezia, egundoko efektu berezia, propioa, ateratzen delarik konbinaketa horretatik, estilo apaindurarik gabekoa eta aldi berean dotorea. Pertsonaien tratamendua erabat da sinesgarria, ez baitago galtzaile petorik ez eta irabazle petorik, ez heroirik ez anti-heroirik, eguneroko bizitza den bezalakoa ageri zaigu, eta hala erakusten digu Narayanek bizitzak, ezer asmatu gabe ere, berez daukan magia. Oso interesgarriak dira, alde horretatik amaierak, ez baitira amaiera irekiak baina itxi ere ez dira erabat ixten, benetako bizitzan gertatzen den bezalaxe. Aparteko sentiberatasuna behar da arestian aipatu dugun guztia papereratu eta, urak ibaian behera bezala, gozo eta etenik gabe kurri dezan lortzeko. Alde horretatik, beste horrenbesteko sentiberatasuna eta fintasuna erakutsi dizkigu ipuinon itzultzaile J.M. Berasategik ere: sintaxia batere bortxatu edo zaildu gabe, ondo josita heltzen zaizkigu esaldiak irakurketa-erritmo eroso batean murgiltzen garelarik lehenengo ipuinaren hasieratik beretik. Lexikoa ere oso zainduta dago, ondo eginda dago aukeraketa, hitz ulergarriak ez ezik, dauden lekuan ondo kokatuta dauden hitzak direlako, hurbileko sentitzen ditugulako eta sintonian doazelako Narayanen estilo soil eta aldi berean aberatsarekin.
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi