kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Udaberri alua / Patrick Modiano (Pello Lizarralde) / Igela, 2008

Xumetasunaren ederra Beñat Sarasola / Berria, 2009-01-25

Patrick Modiano, azken hamarkadetan Frantzian idazle aski ezagun eta ospetsua izan arren, ez da sobera ezaguna Hego Euskal Herrian. Haren obrak espainierara hirurogeita hamargarreneko hamarkadaz geroztik itzuliak izan badira ere, nouveau roman ondorengo belaunaldi(eta)ko beste zenbait idazle frantziarrek (esaterako, Jean Echenoz, Michel Houellebecq eta Amelie Nothombek) baino sona gutxiago erdietsi du orain arte penintsulan. Arrazoiak ugariak, baina argi dago Modianok proposatzen duen literaturak Houellebecqen edo Nothomben kontakizun bortitzekin gutxi duela ikusteko. Niri Udaberri alua-k Europa erdialdeko literatura ekarri dit gogora gehiago, idazkera neurtu eta dotorearekin, kontakizun xume baten bidez gai sakonetaraino iristea lortzen duena.

II. Mundu Gerran zehar osatutako Vichy-ren gobernuaren menpeko Frantzian kokatu izan ditu Modianok maiz bere nobelak —La Place de l’Étoile, La Ronde de nuit eta Les Boulevards de ceinture-k osatzen duten trilogia kasu—, Frantziako historiaren une lotsagarri eta mingarrienetakoan, beraz. Udaberri alua-n garai hori zeharka baino ez da azaltzen, baina, nolanahi ere, XX. mende erdiko Europako sarraskiek —II. Mundu Gerra, Holokaustoa…— eta beren ondorioek presentzia handia dute nobela honetan.

Hala, urrutira joan gabe, nobelako protagonista, Francis Jansen, Drancyko kontzentrazio esparrutik igarotakoa da, judua omen delako. Halakoetatik igaro izan diren pertsonaiek sarritan agertzen duten —literaturan bederen— izaera mukerra du Jansenek halaber (Imre Kerteszen Zoririk ez-ko Gyorgy Koves edo W.G. Sebald-en pertsonaiei buruz ari naiz, besteak beste). Bere baitara bilduta bizi da, Parisko atelier batean, eta argazkilaria da ofizioz. Ia erabateko bakardadean, bere antzinako lagunak (Robert Capa) gogoan, hemeretzi urteko gazte bat —narratzailea— ezagutzen du 1964ko udaberrian, eta harekin adiskidetzen da. Laburbilduz, nobelak adiskidantza horren nondik norakoak azaltzen dizkigu. Autofikzio kutsua duen nobela da —osasun motiboengatik diot batik bat, autofikzioaren fobiko, alergiko eta eszeptikoek kontuan izan dezaten—, narratzailea Modiano bera delako aztarnak uzten baitzaizkigu aldian behin. Idazle izan nahi duen narratzaileak —“Idazlaria” deitzen dio Jansenek—, larruzko hiru maletatan bilduak dauden Jansenen argazkiak kronologikoki ordenatzeko egitasmoari ekiten dio, eta inbentario hori egiteko lanetan igarotzen ditu egunak atelierrean. Bertan telefono dei misteriotsuak jasotzen ditu, Jansenek sekula hartu nahi ez dituenak —tartean argazkilariaren miresle Nicole-rena—. Gisa honetan, Jansenen iragana berreraikitzen joaten da ezarian, harik eta Paris utzi eta Mexikora joaten den arte Jansen. Ez dirudi jende askok faltan sumatu zuenik, baina hainbestekoa da Jansenek narratzaileari eragiten dion lilura, ezen enkontrua jazo eta hogei urte beranduago, jada izen handiko idazlea delarik, argazkilariari buruz idaztea deliberatzen baitu. Udaberri alua da, bada, erabaki horren emaitza xume eta ederra.

Nahiko zeharka aipatzen den kontua izanagatik, iruditzen zait Jansenen “poetika”-k asko duela esateko bere izaeraren eta liburuko hausnarketa moralen inguruan —gogoan izan, bidenabar, itzultzailea Pello Lizarralde dela—. Objektu eta izaki ezdeus eta txikienei argazkiak ateratzeko joera du Jansenek, oso hurbiletik oro har, eta haren aburuz, argazkilari behinena desagertzeko kapaza dena da, “bere kamera disimulatu nahiko zukeena”. Nahiko nuke jakin zer egiten duen Jansenek orain, bizirik jarraitzen badu, egungo argazki kameren moda desfile honetan.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak