« Ekintzaile eta idazlea | Poeta gaztea »
Gizona ilunpean / Paul Auster (Oskar Arana) / Alberdania, 2008
Mundu arrotza biraka Aritz Galarraga / Gara, 2008-10-24
Apustua ez zen hain gaizki aterako, hirugarrenez jarraian, Paul Austerren lanik berriena Estatu espainoleko hizkuntza ofizial guztietan eta egun berean kaleratu bada: “Brooklyngo erokeriak” izan zen lehena, 2006an, “Bidaiak scriptoriumean zehar” gero, 2007an, eta joan den irailaren 2an argitaratu zen Gizona ilunpean hau. Kasu honetan, gainera, ingelesezko originala argitaratu eta hurrengo egunean bertan. Beste aurrerapauso txiki bat, ezbairik gabe, bide luze honetan. Ez genuke nahi, ordea, nobedadearen olatua igarota, irakurlearen interesak beherako bidea hartzea, kritikarenak hartu duen bezalaxe: kritiken hemeroteka ezinbestekoari kasu eginez gero, eta Kristalezko hiria komiki liburua aintzat hartu gabe (bestelako apustu bat izan zen hura, era berean interesgarria), Auster euskaratzeko lehen saiakera hark lau iruzkin bildu zituen, bigarrenak hiru eta azkenak, oraingoz, bakarra (irakurtzen ari zaren honekin, bi lirateke).
Austerren azken eleberriak protagonista nagusi bat du, August Brill izeneko morroia, 72 urteko literatur kritikari erretiratua, auto istripu batek ohean nahi baino denbora handiagoa pasarazten diona. Sonia emaztea iaz hil zitzaion. Miriam alabaren gizonak duela bost urte utzi zuen. Eta Katya bilobaren mutil-laguna hil egin zuten. Samina dago, beraz, etxe horretan borborka, arima zaurituak orobat. Kontua da Brill gauero-gauero etzaten dela ilunpean bere iraganaz ez pentsatzeko ahaleginak eginez eta beste mundu batzuei buruzko istorioak asmatzen dituela: “Horixe egiten dut loak hartu nahi ez nauenean. Ohean etzan eta istorioak kontatu neure buruari (…) istorio horien barruan nagoen artean, eragotzi egiten didate ahaztu nahiko nituzkeen gauzetan pentsatzea”. Owen Brick lagunaren istorioa asmatu du gaur gauean, zeinean Dorre Bikiak zutik dirauten, Irakeko gerrarik ez den ezagutzen, baina bigarren gerra zibilaren erdian dauden AEBetan. Eta hala nahasten dira bi plano, egiazkoa eta irudizkoa, Brill-ena eta Brick-ena, azkenerako bat bera direla. “Pentsamenduak egiazkoak dira, are egiazkoak ez diren gauzen pentsamenduak ere”, aitortuko digu August Brill narratzaileak.
Oro har, eta Gizona ilunpean irakurri bitartean gozatu dudan arren, ez dut, adibidez, Brooklyngo erokeriak harekin adina gozatu. Egia da kontakizuna ederki harilkatzen duela idazle estatubatuarrak, dena bere lekuan dela eta azkeneraino eramaten zaituela maisutasunez, ofizioa barru-barrutik eta aspaldi handian ezagutzen duenaren trebeziaz. Baina susmoa dut ageriegi daudela horretarako erabiltzen dituen trikimailuak, gehiegizko milikeria darabilela batzuetan, happy end nabarmenegia tarteko. Indartsuagoak iruditzen zaizkit, alde horretatik, August Brill protagonistak berak kontatzen dizkidanak, bilobarekin igarotzen dituen uneak, dela zinemaz hitz egiten, dela emaztearekin (eta emazterik gabe) emandako urteez, bestelako mundu irudizko eta paralelo horretan ematen dituen pasarteak baino.
Horiek horrela, liburuaren mezua argia da: “Bizitzak aurrera egiten du, azken batean, are egoerarik mingarrienetan ere” irakur daiteke nobelaren erdi aldera. Eta arrazoirik ez zaio falta Austerren narratzaileari, “mundu arrotzak biraka jarraitzen duen artean”, eta liburuko pertsonaiei bezala, geuri ere aurrera egitea baino ez baitzaigu geratzen.
Zero
Aitor Zuberogoitia
Amaia Alvarez Uria
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Aiora Sampedro
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Mikel Asurmendi
Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez
Jon Jimenez
Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi
Asier Urkiza
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Nagore Fernandez
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Aiora Sampedro
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Mikel Asurmendi
Haize beltza
Amaiur Epher
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Asier Urkiza
Girgileria
Juana Dolores
Nagore Fernandez
Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin
Aritz Galarraga
Teatro-lanak
Rosvita
Amaia Alvarez Uria