« Gorriak entzun eta irakurtzen | Semea hil zait »
Estilo-ariketak / Raymond Queneau (Xabier Olarra) / Igela, 2005
Kontatzeko moduak Lorea Amilibia / Deia, 2008-07-08
Bitxia da idazlearen lanbidea, zer ikusteko asko dauka lehiarekin; aurrena zailtasunak jartzen dizkio bere buruari, eta gero zailtasun horiek gainditzeko gauza dela erakutsi nahi izaten du. Horren erakusle garbia da liburu hau. Historia arrunta kontatzen du, hutsala, eguneroko gertaera bat, ezer apartekorik ez duena, eta gero horren bariazioak datoz, hainbat ikuspuntutik kontatuak, desberdinak guztiak. Guztira 99 narrazio. Istorioa behin eta berriz kontatzen digu idazleak, idazkuntzan eta literatur sormenean erabiltzen diren modu, baliabide eta teknika narratiboetako asko erabiliz. Hona lehenengo narrazioa, ondorengoei bidea emango diena, Oharrak izenburukoa: “San, jendetza ibiltzen den ordu batean, Tipo bat, hogeita sei urte ingurukoa, feltrozko kapela buruan, kordoi bat duena xingola ordez; lepo luzeegia, goitik tiratu baliote bezala. Jendea igo eta jaitsi dabil. Aldameneko batekin haserretu da gure tipoa. Baten bat pasatzen denean bultza egiten diola aurpegiratu dio. Tonu negarti antza, gaizto kutsua eman nahi liokeena. Eserleku bat hutsik ikusi orduko, haraxe joan da harrapaka.
Handik, bi ordura, Cour de Romen aurkitu dut berriro, Saint-Lazare geltokiaren aurrean. Adiskide batekin dago, eta hala diotsa hark: “Beste botoi bat jarri beharko hioke soingainekoari”. Eta erakutsi dio non (paparrean) eta zergatik”.
Istorio hori beste modu askotan konta daitekeela ikusiko dugu, ikasiko dugu: metaforikoki, analisi logiko gisa, onomatopeiekin, subjektiboki, zapo erderan, puztua, zakarra, komedia gisa… “Estilo-ariketak” izenburuak ongi jasotzen du liburuan datorrena. Xabier Olarraren itzulpenak Euskadi Saria irabazi zuen 2006an. Eta inork merezi badu sari hori Xabier Olarrak merezi du, liburu hau itzultzea ezinezkoaren mugan baitago. Eta bikain atera da lan neketsu ia ezinezko horretatik. Zinez eskertzen diogu irakurleok Xabier Olarrari itzulpenetan malkar ertzetatik ibiltzeko duen joera edo zaletasuna eskergabea. Hiztegi deabruetan eta Deabruaren hiztegietan barneratzeko duen adorea, eta Estilo-ariketak egiteko eta berregiteko bere gazte-espiritu ero miresgarria. Oles, Xabier!
Zero
Aitor Zuberogoitia
Amaia Alvarez Uria
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Aiora Sampedro
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Mikel Asurmendi
Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez
Jon Jimenez
Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi
Asier Urkiza
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Nagore Fernandez
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Aiora Sampedro
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Mikel Asurmendi
Haize beltza
Amaiur Epher
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Asier Urkiza
Girgileria
Juana Dolores
Nagore Fernandez
Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin
Aritz Galarraga
Teatro-lanak
Rosvita
Amaia Alvarez Uria