kritiken hemeroteka

8.475 kritika

« | »

Salbazioko Armada / Abdela Taia (Patxi Zubizarreta) / Alberdania, 2007

Salbazioko Armada Mikel Garmendia / Eizie.org, 2007-06-04

Bazterrak harrotu ditu berriki Gerardo Markuletak gaztelaniara eta Patxi Zubizarretak euskarara ekarri diguten eleberri honek. Testigantza bat dugu eta ez nolanahikoa. Abdela Taia idazle gazte marokoarra ausartu egin da bere homosexualitatea aitortzen eta txikitatik nola bizi izan duen kontatzen. Familia txiro baten baitan jaio zen Rabatetik hurbil dagoen hirixka batean. Sei arrebekin eta anaia txiki Mustafarekin partekatu zuen logela eta horrek aukera eman zion “intimitate femeninoa” hobeto ezagutzeko. Anaia zaharrenak, ordea, ez zuen, gela hartan lo egiten eta “etxeko erregea” zen. Hurrengoa aita zetorren, gero ama “diktadore handia”, asko miresten zuena, eta azkenik zortzi anai-arreba.

Hala, txikitan nola bizi zen kontatzen hasi eta egungo egoeraraino bitarteko bidaian sartuko gaitu Taiak bere eleberrian. Autobiografikoa da alde horretatik eta kontatzeko aukeratzen duen teknika eguneroko batena izango da. Eleberrian berean kontatuko digu, besteak beste, frantsesa hobetzeko erabaki zuela eguneroko hura idaztea eta material huraxe txukundu eta ordenatzetik atera dela eleberri hau.

Orain arte esandakotik, oso gaur eguneko edo, nahiago bada, modan dagoen gai erraz horietako batean gaudela ondoriozta genezake. Ez da kasua, ordea. Zerk egiten du, bada, erakargarri, interesgarri liburuxka hau? Labur beharrez, gehiegi sakondu gabe, aipatu bederen egingo ditugu elementuok. Batetik, bizitzan aurrera egitea erabaki duen gazte ausart baten historia dugu. Bidean aurkitutako zailtasun guztiak deskribatu eta haien gaineko gogoetak eskainiko dizkigu. Jakina da, ez dela berdin homosexual izatea Marokon edo Europan. Hortixe hasten dira eragozpenak. Baina ez da planteamendu sinplistetan gelditzen, ondo aztertuak dauzka, bertatik bertara ezagutu dituenez, bi gizarteok eta beren baloreak. Marokon “ez esatea” da kontua, hots, zernahi egin dezakezu baina ezin da esan, ezin da aitortu, besteak beste, nahikoa baita homosexualitatea aitortzea espetxera joateko. Baina Taia ez da, esan bezala, planteamendu sinplistetan eroriko, ez digu Maroko “atzeratuaren” alternatiba bikain gisa Europa jarriko. “Herrialde intsonorizatua” deituko dio Suitzari. Honelakoak esango dizkigu herrialde horretaz: “ohartu nauk aberatsen herrialde honetan herritar bakoitza polizia bat dela” edo, aurrerago: “Askatasuna Mendebaldean? Zein askatasun, baina?”

Lekukotasun zintzo eta ausart bat dugu, beraz, kontakizun bat, gazte bereziki samur, sentsual eta fin batena, baina inork baino hobeto berak esango digu zer erakutsi dion bizitzan barrena orain arte egindako bidaiak: “Egiteko zaila da burua ordenatzea, bizitza osoa hartzen duena”. Era berean esango digu: “Interesatzen zait gay kultura, baina ez da nirea. Homosexualitateak, munduari buruzko ikuspegi partikular bat eman baitit, zapore iraultzailea du oraindik niretzat. Ez dut ghetto batean egon nahi eta beste diktadura batzuen pean egon. Ez dut tribializatu nahi homosexualitatea, ez dut moda huts, gauza cool edo moderno bat bihurtu nahi”.

Euskarazko bertsioa gozamen hutsa da. Irakurketa eroso-erosoa egiten da eta ez hori bakarrik, oso estimatzekoak gertatzen dira P.Zubizarretak eskaintzen dizkigun kontraste politak. Hala, elkarren segidan aurkituko ditugu aukera ausartak (eta fini, egia berdaderoa, inpentsan, hastio izan, pikardatu, koketkeria, klartasuna…) euskarak oso bere dituen esamolde eta lokuzioekin kontraste ederrean. Bada, beraz, motiborik Salbazioko Armada eskuratu eta pare bat ordu on emateko irakurtzen gozatuz.

Azken kritikak

Zero
Aitor Zuberogoitia

Amaia Alvarez Uria

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Aiora Sampedro

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Mikel Asurmendi

Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez

Jon Jimenez

Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi

Asier Urkiza

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Nagore Fernandez

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Mikel Asurmendi

Haize beltza
Amaiur Epher

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Asier Urkiza

Girgileria
Juana Dolores

Nagore Fernandez

Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin

Aritz Galarraga

Teatro-lanak
Rosvita

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

Hedabideak