« Salbazioko Armada | Larridura deserosoa »
Diotenez / Karlos Linazasoro / Erein, 2007
Esanak esan Jon Kortazar / El País, 2007-06-04
Edozein literatur sistema normalizatuan Erein-Euskadiko Kutxa Narratiba Sariak bezalakoek, edo parekoek oihartzun handia izango lukete. Ez dakit gurean horrelakorik gertatzen den, sariez jausten dena jausten dela ikusten dugularik.
Baina 2007koa Karlos Linazasorok (Tolosa, 1962) eraman du Diotenez lanarekin. Eta agian, sariaren “Narratiba” izenaren azpian nobelak espero badira ere, Karlos Linazasorok ohi duen joera bereziz, eta generoen arteko hibridismoan sinisturik, aforismo eta mikroipuinen liburua osatu du, berak maite duen larridura puntuarekin, harridura neurriarekin, ezjakintasunaren mugarekin, ironia eta tragedia, irria eta iluntasuna biltzeko ahaleginarekin.
Beltza da liburuaren azala (eta horrek ez du laguntzen kontrazaleko ipuina irakurtzen ez eta argitzen) beltza den bezala Linazasorok erakusten duen umorea.
Aforismoen atala Ars poetica bat zazpi ipuinetan deitzen da, eta, ustez, egilearen poetika bat osatzeko emanak dira. Ipuinak, irakurle honen ustetan behintzat, kontzeptuak dira, hau da, zabalkuntza narratiboa luketen ideiak.
Horrela, esate baterako, Putzuak eta Txorimaloak, Eldarnioak kontzeptuek egilearen subordinazio sistemaz hitz egiten dute, geldirik dagoenaren izaeraz alegia, eta era beran, ezinegonarenaz. Itsasargiarena eta Itzalarena sailek, ostera, kontrajarpena agertzen dute, eta era beran elkarren ondoan ari dira Ohiartzunarena eta Hagalarena apologo sortak ere.
Izan, egon, idatzi, eta etsi. Joan, etorri, eta geldi dagoenaren itzala. Oihartzuna izan eta orijinaltasuna bilatu. Eta kontraesanetan egon, izan kontraesana. Idazketa baten zirrara, hitz gutxitan esanda.
Liburuaren bigarren aldeak, Holaxe kontuk (1:43 eskalan) eskala horretan emandako ipuinak agertzen ditu. 1:43 eskala autoen miniaturetan erabiltzen den neurria baita hain zuzen ere. Idazleak, bada, eskala txikiko ipuinak eman ditu argitara. Mikroipuinen poesia orain. Intuizioa narrazio eta kontakizuna bihurturik, lanaren azpian idazlearen autoironia gordetzen delarik, Linazasoro Karlos K. bihurtuta, bere biografiaz lana emana, irakurketa idazkeraren sormen lan bikain adierazia.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez