kritiken hemeroteka

8.475 kritika

« | »

Anarkia hutsa / Woody Allen (Oskar Arana) / Meettok, 2007

Anarkia garbia Karlos Del Olmo / Eizie.org, 2007-10-15

“The Second Coming poeman W. B. Yeats poetak Turning and turning in the widening gyre / The falcon cannot hear the falconer; /Things fall apart; the centre cannot hold; / Mere anarchy is loosed upon the world”… ahapaldi gogoangarrietan Woody Allenen liburuari ingelesezko izenburua ematen dion txatala dator, alegia, Mere Anarchy esakunea, anarkia hutsa, anarkia besterik gabe, anarkia soila, anarkia garbia esanak gogora dakartzana; baina Woody Allen ezagututa, umorezko liburu honetan lehenengo txistea edo harpa-jotzea izenburuan bertan dagoela pentsa daiteke. Kontua da judu unibertsalak gogora ekarritako poemak aipatzen duela Lehenengo Mundu Gerraren ostean ordura arte ezaguturiko unibertsoaren egiturak lurrera amildu direla, batzuen sinesmen zaharrek ez dutela balio eta berri batzuk daudela indarrean. Erantzun sinpleak, halako garai nahasietan, oso erakargarriak direla, egokiera sinpleetan, erantzun zuzenak onargarri gerta daitezkeela. Gogoan azken urteotan Estatu Batuetan eta Sortalde osoan jazotariko aldaketa bortitzak, lurrera joan diren dorreak? Edo Euskal Herriko zenbait jazoera? Esloganak oihukatzea erraza da, ideia finko batekin grinatsu izatea sinplea da oso. Zaila da, ordea, arazo bat hainbat urtean aztertzea, nekez eskura daitekeen zerbait (anarkia, esaterako) bideratzea galarazten duten eragozgarrien kausa lehena argitzea.

Bestalde, gauza igarri eta jakina da umoreak ez duela oso gustukoa hizkuntzatik hizkuntzara bidaiatzea, sarritan, desitxuratuta, gosekilik edo erdi hilaurrean heldu ohi delako. Gertatzen izan delako uste baino gehiagotan umorearen funtsa jatorrizko testuaren alderdi semantikoarekin, esangurarekin estu erlazionaturik ez egotea; hau da, eduki semantikoa ondo baino hobeto aldatu arren, garraioan umorea bera desagertzea. Jakina, umorezko literaturaz dihardugu, eta txisteez edo bestelako umore motaren baten gainean.

Umoreak, eta Woody Allenen pelikulak eta literatura ikusita nabarmen-nabarmena da, inkongruentziaren iturritik edaten du, baina inkongruentzia bera ez da umore-eragilea, inkongruentzia azaldu edo ebatzi gura izatea baizen. Noski, inkongruentzia hura testu barnean ego daiteke edo testuaren forman. Bietatik topatuko ditu irakurleak Oskar Aranak euskaraturiko umorezko ipuin bilduma batu samar honetan. Jakina, zelanbait, inkongruentzia mota guztiak ez dira irrigarriak. Esaterako, norberaren gainean eragin zuzenekoa duena ez dugu oso umore onean hartu ohi. Bestela esanda, umorearen gakoa jokabide egokiak dira. Egokitasuna edozer dela ere. Itzultzaileak noraezeko izango du Woody Allenen testuan bereiztea zer dagoen gizaki guztion jokabide edo ezagupen unibertsalen menpean, zer gizarte edo kultura jakin baten osagarriren bati loturik eta zein datorren hizkuntzaren alderdiren batetik. Hirurak aurkituko ditugu liburuan: lehenengo klasekoak samurragoak eta ulergarriagoak dira; bigarrenekoek eta hirugarrenekoek neke handia eskatzen diote itzultzaileari. Itzulpen eta itzultzaile asko anbiguotasunaren ur handietan ito dira. Halakorik ez zaio Oskar Aranari jazo kontakizun bilduma honetan, pertsonaia errealak egoera surrealista samarretan aurkituko ditugun arren. Heriotza zigorraren aurkako alegatua, esaterako, gogoangarria da.

Esker zorra dugu Oskar Aranarekin eta Meettok argitaletxearekin (oraindik maketazio gorabeheraren bat izan arren) dibertimendu hau euskaraz eman digutelako. Azken buruan, Woodyk jakinarazten digunez, ikerlanek erakusten dutenaren arabera, gaizkileek beste krimenen bat egiteko aukera ia erdia jaisten da kriminal hura hilarazi ostean. Beste hainbeste gertatu ohi da itzulpengintzan eta liburugintzan: hanka-sartze deigarriren bat egiten duen itzultzaileak ala editoreak nekez izango du huts egiteko bigarren aukerarik. Lehenengoa inongo editorek ostera ere kontratatuko ez duelako. Bigarrenak beste itzultzailerik kontratatzeko dirurik lortuko ez duelako. Jakina, inork ez ditu akabatuko… Ala bai?

Azken kritikak

Zero
Aitor Zuberogoitia

Amaia Alvarez Uria

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Aiora Sampedro

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Mikel Asurmendi

Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez

Jon Jimenez

Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi

Asier Urkiza

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Nagore Fernandez

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Mikel Asurmendi

Haize beltza
Amaiur Epher

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Asier Urkiza

Girgileria
Juana Dolores

Nagore Fernandez

Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin

Aritz Galarraga

Teatro-lanak
Rosvita

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

Hedabideak