kritiken hemeroteka

8.475 kritika

« | »

Anarkia hutsa / Woody Allen (Oskar Arana) / Meettok, 2007

Umorearen gorabeherak Mikel Ayerbe / Berria, 2007-10-14

Bataz beste urteko film bat egiten duen Woody Allenek 25 urte zeramatzan narratiba laburraren generoan ezer argitaratu gabe. Isiltasun hau Anarkia hutsa liburuarekin hautsi duela esatea, ordea, gehiegitxo litzateke: batetik, liburu honetan bildu diren 18 narrazioetako gehienak aurretik The New Yorker aldizkarian kaleratu direlako eta bestetik, nekez imajina daitekeelako Woody Allen bat isilik. Horren adibide dira bere filmen gidoi argitaratuak. Edo hizpide dugun liburuko ipuin batean erabiltzen duen terminoa erabiliz, hainbat nobelizazio ariketa: “Film batek dirua ematen duenean egiten da. Ekoizleak zonbi antzeko bat kontratatzen du filmetik liburu bat atera dezan. Badakizu, paper-azaleko edizio bat, etekina ateratzeko… ezikasientzat bakarrik”.

Umorearen, satira komikoaren eta ironiaren maisutzat hartzen den pertsonaia honek bere estiloari eusten dio narrazio hauetan ere. Egunkarietako berri bitxiak abiapuntu harturik idazten ditu hainbat ipuin, zinemaren edo zeluloidearen munduko hainbat kontu berezi ere agertzen dira beste zenbaitetan (Tom Cruise, Steven Spielberg edo Sean Penn zinema izarrak Mickey Mouse, Goofy, Banbi edo Dunbo bezalako marrazki bizidunetako pertsonaiekin uztartuz, kasu) eta literaturako idazle entzutetsuak ere bere gisara maneiatzen ditu (Dostoievski, Faulkner, Hemingway, Kafka, Garcia Marquez eta beste hamaika mila).

Horrela, eta berriro narrazio bateko testua aintzat harturik, “lebitazioa, berehalako leku-aldatzea, oro jakiteko ahalmena, materializatzeko eta desmaterializatzeko gaitasuna eta abar norberaren ahalmen arrunten artekoak bihurtzen dira” zenbait ipuinetan. Woody Allenek korapilatzen dituen ezustez beteriko giro xelebreetan murgiltzea lortuz gero ez baitago parekorik berak egiten dakien horretan. Hala ere, narrazio batzuetan puntua harrapatzea kosta egin daiteke, bai umorearen edo ironiaren aldetik zein narrazioaren garapen literarioari dagokionez.

Narrazio bilduma gehienetan bezala, Anarkia hutsa liburuak irakurketa gorabeheratsua eskaintzen duelakoan nago. Izan daiteke prentsa zatietatik sortutako narrazioetan irakurleak gertakariak aurreikus ditzakeelako (aurreikus baino gehiago, aurreirakur litzateke hitza); izan daiteke narrazio batzuk bete-betean asmatzen dutelako (niri dagokidanez: Errefusatua; Giharketa; Huntz pozoitsua, azken edizioa; Kontuz, ahaltsu-erortzeak gidoi gisakoak edo Bollywoodeko film batetik ateratakoa dirudien Tandoori Ransom); izan daiteke beste zenbaitek zirkinik egiten ez dutelako (behin bustitzen hasita: Honela jan zuen Zaratrustak eta Bai hilgarria zure gustua, laztana, adibidez); eta izan daiteke, zenbaitetan elkarrizketa, esaldi edo ateraldi bikainak narrazioaren mailari gailentzen zaizkiolako.

Kontua da liburu honen idazlea guztiok ezagutzen dugun Woody Allen dela, eta, soilik ezaugarri hori aintzat harturik, zorionez edo zoritxarrez, ezin bana daitezkeela egilea (edo pertsonaia) eta obra. Eta kasu honetan are gutxiago agian (arretaz aztertu bestela liburuak duen azala!). Hau horrela, Woody Allen zinemagilearen lana interes gutxikoa bazaizu eta nigana aholku bila hurbilduz gero, Anarkia hutsa liburuarekin kontuz ibiltzeko aholkatuko nizuke. Kontrara, Woody Allen zale porrokatua bazara, nik idatzirikoak balio gutxi izan dezake zure irakurketarekin alderatuta. Umorea eta bereziki ironia, literaturarekin eskutik helduta aurkeztea eskaintza puntazorrotza delako edonorentzat, kasu honetan, baita Woody Allenentzat ere. Umorearen gorabeherak, badakizue.

Azken kritikak

Zero
Aitor Zuberogoitia

Amaia Alvarez Uria

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Aiora Sampedro

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Mikel Asurmendi

Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez

Jon Jimenez

Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi

Asier Urkiza

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Nagore Fernandez

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Mikel Asurmendi

Haize beltza
Amaiur Epher

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Asier Urkiza

Girgileria
Juana Dolores

Nagore Fernandez

Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin

Aritz Galarraga

Teatro-lanak
Rosvita

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

Hedabideak