kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Gauzetan / Koldo Izagirre / Ustela saila, 1979

“Gauzetan” espero dezakegunaren erakusgarri Josu Landa / Xaguxarra, 1981

Koldo Izagirre mutiko ibilia dugu euskal letren munduan, bere osotasunean aztergai izan daitekeen egile bakarrenetako bat (gaur egun dugun elemendurik interesanteena zenbaiten ahotan). Eta egia da, urtetan ibili zen Koldo Izagirre etengabean liburuskak eskaintzen. Noizean behin katxarroren bat kateatuz hiru urtetan bost kumeetaz erditu zen. Dena dela, azkena argitara eman zuenetik bi urte luze joanak zaizkigu, eta hain dentsoak gertatu ziren hiru urte haien ondoren etorritako hutsune horren arrazoin edo zergatirik bilatzen ez gara hemen hasiko. Ez gara horretarako inor.

Bi urte beraz. Eta argitaratu duen azken liburuskara jotzen badugu —memoria piska bat bortxatuz— “Gauzetan” izenekoarekin egingo dugu topo.

Atraso norbaiti desegokia irudituko zaio denborari dagokionez hain atzeratuta gelditu den honetaz aipamen bat egitea, baina gure iritziz ez dago horrelakorik, eta horregatik joko dugu aurrera. Negargarriegia izango litzateke kalitatearen aldetik hainbat lorpen iritsi dituen liburua aipamenik ere jaso gabe urteen jarioan galtzea. (“Ene Jesus” ekin gertatu zen bezalaxe).

Eta liburuarekin berarekin sartuaz, hasera hasieratik esango dugu aldez aurretik zeharo zaila antzematen dugula liburu honetaz loturarik duen zerbait esatea. Beharbada intuizio batzuek besterik ez dira izango, baina horrek ez du zalantzan jartzen lerro hauen egokitasuna. Zeren liburu honetan zalantzan dagoen lehenengo gauza liburuaren beraren funtsa, esentzia eta helburua baita. Zeren asmoz izan den idatzita alegia (funtzio didaktikoaz, gerorako helbururik gabe gogo lasto batzuek botatzea, narratibagintza bilakatzeko saiatutako molde berriak agertzea, eta abar). Entzunda baitiogu Koldori berari, hain zuzen, liburu hau idazterakoan buruan zerabilen asmoa zera zela: euskara erraz batetan zerbait majoa idatz zitekeela. Eta honek alde batetik asko argituko lituzkeen arren, gauzak oso bestela konplikatzen dira: AEKk bere zerrendetan liburu irakurterraza bezala ezartzen badu ere, bestaldetik batzuen ustetan (eta gu ere horietakoak ginateke) orrialde horietan kalitatezko prosa literario baten hazia legoke. Eta teorian derrigorrez bion artean inolako kontraesanik egon behar ez duen arren, kasu konkretu honetan bai.

Koka dezagun lehenik —derrigorrezkoa deritzogu eta— “Gauzetan” Koldoren obra guztiaren barnean. Kaleratu dituen liburuetan kokatzen badugu begirada, erraz aski ikus dezakegu bi aldetatik jo duela bere obran: poemak eta saio narratiboak. Lehenengo bidetik prozesu garbi bat ageri zaigu, deusezte prozesu bat alegia. Poesiaren kontzepzioa erlatibizatze garbi batek zuzendutako bilakaerak poesiagintzaren ukapen batetara eraman du egilea. Beno, ziur aski poeta izan da bilakaera hori puntu horretara eraman duena, eta ez alderantziz. Beraz poesiak dagoeneko ez du baliorik, narratibagintzara zuzendu beharra dago gure abiada (hau ez da geronek asmatutako hipotesi bat, horra hor froga gisa azken aldian Koldok isuritako iritziak).

Beraz, begiradak poesiaren ildotik aldenduta, narratibagintzaren aldeko desafioa dago mahai gainean. Eta alde horretatik, bi liburu aurkitzen ditugu Izagirreren produkzioan: “Zergatik bai” (1977) eta gaur berean ari garen “Gauzetan” (1979). Eta lehen esan dugun bezala, nolabait definitzekotan saio narratibo bezala egin behar genuke. Bistan bai baitago narratibazko borobiltasun batetara heldu direla esatea gehiegikeria litzatekeela. Pretentsioa ere ez zen hainbesteraino iristen, ezta gutxiagoraino ere. Hori bai, argi eta garbi azaltzen zaigu orrialde horietan —lehenago esan dugun bezalaxe— kalitate handizko prosa literario baten hazia. Baina ikus ditzagun puntu guzti hauek apur bat geldotasun handiagoz.

“Gauzetan” liburuan, argitaratuta nola dagoen eta honelako gauzak gutxienetakoa dugu dudarik gabe. Liburu honek irakurlearekin sortzen duen erlazio estuaren xarma argitzen duten arrazoiak lirateke hemen interesgarrienak. Inpresio ona egin baitzuen liburu honek kaleratu zenean. Arrazoi horien oinarrira joatea litzateke gure asmoa.

Unitate laburrez osatuta dugu liburua, baina ez guztiak era berdinekoak, ezta estilo berdinekoak ere. Geronek burututako sailkapenari —ez dakigu guztiz egokia izango ote den— jarraituaz, hiru eratako prosak aurkitzen ditugu liburuan: Bata ipuin motzen gisakoak —miresgarriak gehienetan—, bestea prosaz idatzitako poemak eta, azkenak monologoen antzeko jarioak —normalean lehen pertsonan.

Gure aburuz lorpenik interesgarriena kontsegitu dutena ipuin interesgarriak dira. Erabat konbentziturik gaude honetaz. Alde batetatik oso gutxitan landutako genero batetatik abiatu delako eta estilo orijinal eta erakargarri bat asmatzen jakin duelako. Estiloa aberatsa da oso. Bi eratakoak dira —gure ustez— aurkitzen diren aberasgarriak. Bata, hizkuntzaren kapazitatea euskara bezala, modismoak egokitzeko nahiz espresio osotu bat lantzeko; eta bestea irudimena, imajinazioa, kristorena ipuinen argudioak asmatzean eta desarroiloak aurrera eramatean. Bi ezaugarri hauetan frogatzen du ongi aski Koldok bere maisutasuna. Zerbait handia egiteko gauza dela alegia. Hainbeste amesten den obra izugarri ikaragarri hori agian.

Orduan, lehen erako narrazioak egongo lirateke hasteko. Geroago —baina elkarrekin nahasirik noski—, nolabait definitzearren geuk “prosaz idatzitako poemak” izena ezarri diegun horiek. Hauetan arras argi ikusten dugu —lehenaldiaren proiekzioz edo— Koldok poesiarako duen kapazitate aparta, lengoaia poetikorako behintzat. Zeren eta Koldok bere buruari ukazio estraino baten bidez ezezkoa esan arren, gaitasun hori izkutaezina baita. Bestela, nola deituko zenukete zeuok adibidez 49. orrialdean ageri den hori?: “Zure azalaren barea, zure bularretatik ihes eginiko kaiuak, zure adatsetako aparra, zure goroldio izerditua, zure begietako kresala egosia, zure iztarretako uhin ezin egonak” eta abar, eta abar. Zaila egiten zaigu orrialde horietan bere lehen poema liburuaren itzala ez ikustea.

Azkenik, duela paragrafo batzuek aipatutako hirugarren erari dagozkionak dira, dudarik grabe, kaskarrenak. Gustoak salbatuz ere, hauek dira aportazio gutxien ematen dutenak, eta, besteekin parekatuz, liburuaren kalitate haria nabarmen puskatzen dutenak. Errekurtso erraz eta merkea baita monologoa zenbait kasutan. Disziplinaz egindako monologoa beharbada ez, baina Joxe Azurmendik nonbait esan bezala, azken aldiko literaturan hartu duen nagusitasunak teknika modernoaren babespean ezkutatutako eskapismo batetara eraman gaitu. Eta hori bistan dago liburu honen zenbait pasarteetan, azken orrialdeetan batez ere.

Komeni litzateke memento honetan, esandakoak esanda, aurreko puntu batetan ia aipatu besterik egin ez den detaile batetara: euskararen didaktismoa edo euskara errazaren arazoa, zeren egilearen asmoan honelako zerbait antzeman baitaiteke. Koldo Izagirrek “Gauzetan” idaztean izan duen nahia —ez dakigu zehazki hala den— “Karraspioren abenturak” euskara literarioago eta jatorrago batez idaztea izan bazen, uste dugu bidez erratu dela erabat. Ez bakarrik egile honek beste bideetatik emaitza hobeagoak eman ditzakeelarik (ez dugu hori inola ere adierazi nahi), liburu hau funtzio didaktiko horretarako balio ote duen zinez dudan jartzen dugulako baizik.

Artikulua hasterakoan esan dugu jadanik —katxondeo izpirik isur dezakeen tonu batez— Koldo mutiko ibilia dugula euskal letren munduan. Are gehiago, bere kontsagraketa garbien dutenetako bat dela esatea ere zilegi dateke. Baina bada konstante bat Koldoren kontsagraketa karreran, hots, denek bere balioa etorkizunari begira eman zezakeenarengatik zuzenduta egin izan dutela balorapena; eskueran ditugunak gerokoen ezaugarri diren neurrian. Eta Koldoz hitz egitean ia topikoa bihurtu den esaldia ondorengo hau dugu: “honek urte batzuen barru egingo dik berea, izugarri prometitzen du”, edo antzekoren zerbait. Eta gaurko honekin berdina esanaz jarraituko gara, inpresio berdina eman baitigu: noizbait guztiak ahozabalik utziko gaituen obra borobilduko duela, egungo euskal literaturan hito bat markatuko duen hitoa eskainiko digula. Eta berriro esan beharko dugu baietz, gu ere horretan gaudela ere.

Baina luzaroan etorkizunari begira egotea kaltegarri suerta daiteke nonbait. Frogatuta dugu jadanik Axularrez gero. Hala ere, gauza bera errepikatzea besterik ez zaigu geratzen, hau da, esperantzan jarraitzen garela. Beste kondizio batzuetan eta beste iturri batzuetatik akaso aski genukeela, baina Koldoren azkenarekin ez dugu aski izan. Ez gaitu asetu. Noizbait asetuko gaituelakotan.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak