kritiken hemeroteka

8.313 kritika

« | »

Ene Jesus / Ramon Saizarbitoria / Kriselu, 1976

“Ene Jesus”-en koloreak Joxean Muñoz / Hegats, 1995-11

Ezer baino lehen, eskerrak eman editoreari, Ene Jesus berriro erosteko modua eman digunez, berriro erabili, utzi, eta galdu egin genezakeelako. Ez da berehalakoan gertatu: egile ospetsua, heldutasunekoa omen duen nobela, eta hala ere, hemezortzi urte behar izan dira bigarrenez argitara emateko. Ez dut orduko Ene Jesus azal zurikoa ekarri. Etxean daukat, bakarra, —izan ere, dedikatu gabea— hausten hasia, zatika, saltoka, osorik, behin eta berriz irakurria. Haren zuritasuna dut gogoan.

1976an argitaratu zen, uztailari oraindik hazila esaten zitzaion garaietan alegia. Argitara baino lehen bagenekien Ama zuela nobelak ardatz nagusi. “Ama”, maiuskulekin. Eta bagenekien, izenburuko leloa, marmar hori, ezaguna genuelako: Ene Jesus, edo Jesus, Jesus, Jesus Maria eta Jose.

Ordurako, (eta hitzaurreko hitzak lapurtzen dizkiot Koldo Izagirreri) “Lehen aldiko gizona izatera kondenaturik zegoen Saizarbitoria”. Ironiazko titulo berri batez hornitu zuen Koldok: euskararen onerako izkribatu nahi ez duen lehen —eta erranen nuke, oraingoz— nobelagile bakarra. Argitara zetorren belaunaldi batek sina zezakeen azpian. Arestiren sokatik zekarten euskara urbanoago, biluziago baten erronka. Bilduma hartan bertan, Koldok “Itsaso Ahantzia“ren ertzetan zirriborratu zuen bere poesiaren paisaje basikoa. “Zergatik Bai“ekin bilatu zituen prosa bat eraikitzeko hizkera puskak. Atxagak Ziutateetako hondakinetan trazatu zuen bere lehenengo desparadisua. Esparta-Liliput. Giro harek, gero, Ustela eta Pott izango zuen izena.

Oso ondo kontatu dezaket nahi badut, ze ni han egon nintzen. Hori liburuak esaten du. Barkatu, Samuelek esaten du liburuan. Nik ere hori bera esan dezaket nahi badut. Historiak kontatzeak sistematizazio apur bat besterik ez du eskatzen ziur asko. Hor ere liburua mintzo da, nobelaren narratzaile izenik gabea.

Ni ez naiz ordukoak kontatzera ausartuko. Aitortu dizuet dedikatoriarik ez daukadala liburuan. Intimidadeak harrotzeko ohitura zitalean ezin izango dut, beraz, erori. Sentitzen dut, Ene Jesusen miresle anonimo bat naiz. Izan ere, liburu honek miresle asko omen ditu, baina gutxi dira agerian esaten dutenak. Batzuk arrotz eta ulergaitz egin zitzaielako; besteek, gustatu zitzaienek, ulertutakoa esplikatu beharraren beldur zirelako.

Bere garaiko irakurleei aurreratu egin zitzaiela ere esan izan da. Nik ez ditut gauza horiek sinesten, denborarenak alegia, garaikide bat futurora kondenatzea exilio forma sotil bat delako. Orduan berriegi zelako kriterioekin esan liteke orain zaharregia dela. Behin denboratik bota zaituztenean, ez dago berriro itzultzerik. Bigarren argitaralpen honek ekarri digu hori ezeztatzeko erronka.

Asko poztu ninduen Mari Jose Olaziregiri, Euskaldunon Egunkarian, Ene Jesusen erreibindikazioa irakurtzeak. Plazerretik abiatuta egiten zuelako. Niri oroitzapenak eskatu dizkidate, orduko irakurketaren inpresioak. Liburuaren kolore dominantea daukat gogoan: zuria.

Lehen lehenik, argi zuri batek hartua duelako narratzailea. Haundia da argiaren fenomenoa (dio). Epikoa. Batez ere ondo deskribatuz gero. Posibilitate asko dauzkat argiarekin.

Egun, ez dago ondo ikusia argia deskribatzen saiatzen den literatura “hori”. “Hori” tonu despektiboan esatea zilegi da. Urteotan, narratzaileak hartu du berriro idazlearen erreleboa, argumentua birbaloratu da, abentura aldarrikatuz eta Stevensonen urteurrena art gara, altxafueroez, ospatzen. Arrazoi guztiarekin, gainera.

Beldur da beraz, gure editore fauna. Baina oraindik indarrean daude Batailleren hitzak: Zertarako denbora galdu egileari benetan premiazko egin ez zaizkion liburuekin? Horri, Saizarbitoriak, orduko epilogoan, fantasma pertsonalak eskutik hartuta ibiltzea esaten zion. Alegia, liburu hau ez dela ariketa formal bat. Hemen ez dago idea bat, gero forma batean edo bestean eman daitekeena, forma eta edukina bereizteko gai sentitzen direnek esan lezaketen moduan. Hemen ezintasun bat dago. Ezintasun pila bat.

Ez da ez, kontatzen ez dakielako. Nobela honen egileak ongi daki, ongi lekike gauzak kontatzen. Nahi balu, posible balitzaio. Ezina ez dakarkio ezjakintasunak, gehiegi jakiteak baizik. Izan ere, badaki bera baino hobeto Samuelek egin zezakeela. Gehiegi jakitearen zama zaio oztopo.

Horregatik agian, bere buruari hainbeste debeku, bortxazko hainbeste ezintasun. Barne koherentzia formala da munduarekin koherente izatea ilusio zaion narratzailearen aukera bakarra. Programa bat: Narratzaile bakarra, parrafo bakoitzean ahitzen den narratzaile arnas laburrekoa. Gela itxi batean dagoena. Geldirik, ohean, etzanda. Ez du entzulerik, ez du zer kontaturik. Monologo obsesiboa baizik ez du. Idazle puska izan behar da hain elementu kamutsekin lanean ausartzeko. Argumentoaren euskarririk gabe, apenas kolorerik gabe, afirmazioak egiteko debekupean, “da”, “dago”, “dauka” esan ezinik. Dena da posibilitate, dena da baldintza. “Auskalo” etengabe bat. Betiereko marmar baten bilakaera, ezinbestez tragikoa.

Narrazioa, enzefalograma baten moduan ematen da. Hospitaleko gela zuriak dira orriak. Kokaguneen abstrakzioan, idazkeraren hoztasunean, aiztoz ebakitako esaldietan, horretan ere kolore zuria antzeman daiteke. Denboraren zain egoteko leku higienizatua. Kontakizunaren koloreen aurretik, marmar koloregabearen marea dago. Kontatzeko premia huts bat, astuna, nekeza, jakina baita errazagoa dela zazpinaka kontatzea: Zazpinaka kontatzea kredoa errezatzea bezala litzateke, baina burua gehiago ejerzitatuz agian.

Hasieran, (ba al dago hasierarik?) “ni” narratzaile horrek istorioak kontatzeari ekin aurretik, beste irtenbide batzuk bilatu ditu.

Numero zerrendak, inbentarioak, inbentarioen inbentarioak. Hot ez dago emozioaren traizio posiblerik, hor ez dago nitasunaren kutsadura gaiztorik. Mundu aseptiko —mundu zuri laborategikohorretan bilatu nahiko du ihesbidea. Ez zaio nahikoa. Ez konzentratzekotan alferrik ari naiz kontatzen. Horretarako hobe da abandonatzea. Hori esan orduko irudiak pilatzen zaizkio buruan. Kontatzen saiatzea erabakitzen du. Derrigorrezko momentuetan izan ezik, ez dut gehiago zazpinaka kontatuko. Hori ez da denborari itxoiteko manera noble bat. Horretarako berdin litzateke errezatzea. Berdin, eta ohiturarekin adosago. Zain egoteko linbo hori, zuria da erabat. Zuria baita ere argia, barroteek lautan ebakitzen dutenean. Zuriaren pantailan saiatzen da ihesbidea antolatzen, emakume baten irudi koloretsua proiektatuz. Itsasoan, udako eguerdi betean.

Idazleak ez ezik, narratzaileak ere asko daki; gehiegi seguruenez. Zer egin duen, zein pekatu duen, zein kulpak daraman narrazioan aurrera egitera, guzti hori ongi asko daki. Badaki, beraz, zein irudi nahi eta ezin duen sahiestu: imajinatu nahi ez ditudan historiak. Imajinatu nahi ez nituzkeen historioek ez naute abandonatzen. Beharbada abandonatzen ez nautelako dakit abandonatu nahi nituzkeela. Kontatu behar lukeenaren kontra ari da narratzailea istorio posibleak asmatzen.

Margarena, adibidez. Istorio hori eraikitzerakoan sistematikoa izaten saiatuko da, programaren aginduak beteko lituzkeen prezisio handiko makina bat bezala. Kolorezko momentu nabarienak dira liburuan. Txalupan dago nire aurrean ronbo zuriak dituen igeritako batekin. Marga. “Amak —noski— ez zuen Marga maite. Esan ez balit ere jakin eginen nukeen, baina esan egin zidan. Marga da narratzaileari Zuk zer nahi duzu. Zuk zer eskatzen duzu galdetzen dion bakarra. Sensazio asko dira Marga, edo sensazio asko da. Kolore asko itsasoa den bezala, eta itsasoa kolore askotakoa. Eta, ikusi nahi dizkidazu? galdetu eta gero, emakumearen larru beltzaranduan, zuriak dira apenas antzemandako bularrak.

Eraiki nahiko lukeen istorioaren zirrikitu guztietatik sartzen zaio ordea kontatu behar lukeen hori. Tituloraino. Tituloan ere

Ama, maiuskulazko ama omnipresente hori dago. Marmar bat da, lehenik: Jesus, Jesus, Jesus Maria ta Jose. Musuzapi txuri bat da, jertsei beltzaren mangatik ateratzen. Ahots bat, nigar bat, malko bat. Ez du gorputzik. Gauza indistinto bat da, formagabea, formaren aurrekoa, biguina, hezea, eta epela. Baina batez ere biguina. Jertsei beltza eta musuzapi txuria da ama. Oso ondo gogoratzen da narratzailea.

Ama terrible hori da liburuko kolore beltz nabarmena. Kolorerik eza, kolore guztien altzoa eta ukazioa. Amarengandik ihesian, narratzaileak mundu erabat zuria bilatu du irauteko, oroitzapenetik libratzen saiatzeko, oroitzapenak kontatu beharretik. Bake momentu hori iritsi artean, zain egon beharra dago. Zain egoteko modu bat delako ekiten dio narratzaileak kontaketari.

Eta narratzailea bere borroka —azken finean, heroikoa— galtzera doanean, liburua zuriak jaten du. Ez Margaren bularretako zuritasuna, baizik sabel biguin heze horistatua*rena.

Bakandu egingo dira hitzak. Murmurio bat bilakatuko dira azkenerako. Erantzun bat, etsiena, hasierako orrietan bere buruari egiten zion galderarentzat: Zer da gehiago, hitz bat ala murmurio bat. Orrialde ezin zuriagoetan deuseztatzen da nobela, testua marmar beltz bilakaturik. Zurian urturik. Ez da ezer gertatzen, hori da trajedia. Ezin liteke gertatu. Ama terrible horren garaipena dago titulotik azken orrialderaino. Orrialderik zurieneraino.

Azken kritikak

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Amaia Alvarez Uria

Gerezi-denbora
Montserrat Roig

Asier Urkiza

Herriaren hezkuntza eta demokrazia
Nadezhda Krupskaia

Nagore Fernandez

Farorantz
Virginia Woolf

Aritz Galarraga

Markos Gimenoren 101 letrakartel
Joseba Sarrionandia

Mikel Asurmendi

Poesia kaiera
Giorgos Seferis

Irati Majuelo

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Joxe Aldasoro

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Artxiboa

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

Hedabideak