kritiken hemeroteka

8.313 kritika

« | »

Luma eta Lurra. Euskal poesia 80ko hamarkadan / Jon Kortazar / BBK-Labayru, 1997

Poesia 80ko hamarkadan Roberto Mielgo Merino / Hegats, 1997-12

Urte honi hasiera eman genionetik ugari agertu zaigu Jon Kortazar euskal liburugintzan, hiru baitira, honekin, dagoeneko argitara eman dituen liburuak, haietariko bat elkarlanean. Hirurak saio jori eta mardulak, baina azken hau guztietan jori eta mardulena. Izan ere, aspaldi ez genuen horren testu luzerik euskal literaturaren inguruan, azterketa literario bat eginez esan nahi da; zeren, jakin badakigu Joan Mari Torrealdairen azken liburuak ohizko ez den orrialde kopuru itzela duela.

Liburu hau berez zazpi diren bost atalek osatzen dute. Zazpi diot, hasierako Sarrera eta gibeleko Bibliografia eta Eranskina gutxienez besteak bezain garrantzitsu eta interesgarri suerta lekizkiokeelako irakurle espezializatuari. Lehendabizikoa, lana bideratu duten irizpideen azalpena ez ezik, testuinguratze labur baina zehatza da, besteak beste. Agian pittin bat luzeago ez izatearen penaz geratzen gara baina, idazleak berak dioenez, lan hau, berez, elementuen deskribapen multzoa da, multzoaren deskribapena baino. Bigarrena, bestalde, datu zerrenda da, ikerlarientzat, eta zerbaiten bila dabilen edozeinentzat, oso estimagarria beti, oraindik sailkatzear dagoen gure literaturaren mundu honetan.

Eta mutur erako bion artean, oraingoan bai, bost atal. Azkena da luzeena, honek besteetan sailkatu gabeko hamahiru idazle biltzen baititu. Sakonena, ordea, lehendabizikoa dugu, bertan azaltzen baita Pott bandakoen lana eta haietako hiru idazleen poesia.

Hiru atal daude tartean. Bigarrena esperientzia-poesia deitu izan zaionari eskainia, bertan sei idazle nagusi. Hirugarrenean Iparraldeko poesiagintzaz aritu zaigu, batez ere Maiatz inguruan; bost idazle hartu ditu Kortazarrek eredu, baina bertan ere beste sei olerkari aipatzen zaizkigu interesgarrien artean. Eta laugarren atala Susa eta Ustela sailetan agertutako hogeita hiru idazleei eskainia dago, horietariko sei bereziki aztertuak.

Alde eta kontrako kritikak jasotzeko arrazoiak izango ditu liburu honek, baita hutsuneak ere, horietariko ugari egileak berak bertan aitortuak. Azterketak, ikus daitekeenez, ez dira hein berekoak —Atxagari edo Miguel Anjel Unanuari eskainitakoak kasu—, baina idazleek eta haien lanek gaur duten garrantzia ere desberdina da. Bestalde, benetako asmo entziklopediko batetik, beharbada, ez litzateke inolako izenik edo lanik kanpoan geratu behar. Horien guztien balioztapena irakurlearen eskuetan jarri nahi dugu, ordea.

Nolanahi ere, lan honen gaiaren eta egilearen arteko hurbiltasunaz jabeturik, Kortazarrek batere erraza ez den lanari ohizko duen seriotasunez ekiteko adorea izan duela aitortu behar dugu, berriz ere gaurko euskal literatur kritikaren esparruan duen nagusitasunaren zergatia erakutsiz.

Azken kritikak

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Amaia Alvarez Uria

Gerezi-denbora
Montserrat Roig

Asier Urkiza

Herriaren hezkuntza eta demokrazia
Nadezhda Krupskaia

Nagore Fernandez

Farorantz
Virginia Woolf

Aritz Galarraga

Markos Gimenoren 101 letrakartel
Joseba Sarrionandia

Mikel Asurmendi

Poesia kaiera
Giorgos Seferis

Irati Majuelo

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Joxe Aldasoro

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Artxiboa

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

Hedabideak