kritiken hemeroteka

8.475 kritika

« | »

Rubaiyatak / Omar Khayyam (Joxemari Iturralde) / Erein, 2001

Bizinahia ez da berria Igor Estankona / Gara, 2001-11-17

Rubaiyat hitza arabierako arba‘atik —lau— ei dator. Literatura pertsiarrean hain garrantzi handia izan zuten lau hemistikiodun poemak ziren, izaera erotiko edo bakikodunak gehienak. E. Fitzgeralden itzulpenei esker Omar Khayyamenak dira ezagunenak gure mendebalde honetan eta orain, Joxemari Iturralderen itzulpenaren bitartez buelta guztia eman eta gero, euskara eder bezain praktikoan irakur ditzakegu. Omar Khayyam poeta eta matematikari pertsiarra Malik Sha sultanaren aginduz egutegia berrikusi zutenen taldean egon zen, orain dela bederatziehun urte. Irakurleari datu hau anekdota hutsa irudituko zaio, baina neurri batean paradoxikoa ere bai, berezko ezkortasunean eta oinaze metafisikoan oinarritzen baita bere filosofia. Gauak eta egunak, ilbeherak eta ilgorak, aztertzen hainbeste ahalegindu zen poetak, finean, arbuiatu egiten zuen denbora.

Definizio orokor honen ostean lan aberats eta zailagoa gordetzen da ordea. Ardoaren apologia alde batetik —plazeraren metafora klasikoari jarraiki— eta ezkortasunak edo, hobe esanda, sinesgogortasunak sortutako halako poz ilun bat. Garai guztietako korronte ideologiko garrantzitsu bateko adibide gorenak dira Rubaiyatok, edo hobe, atenporala den binomio baten adibide: askatasuna eta beldurra.

Lerrorik lerro iragaziz doan berezko sinesgogortasunak, gainera, jakiturian du iturburua. Zenbat eta gehiago jakin, are handiago ikusten du heriotzaren zuloa Khayyam zientzigizonak. Eta zientzigizonaren etsipenari buelta ematen ahalegintzen da Khayyam poeta, hordialdiaren bidez, zeinak edertasuna, sosegua eta oreka ekartzen baitizkio. Kexatzen dena matematikaria eta carpe diem dioena poeta izatea ez da inola ere garrantzi bako zerbait, konbinazio horretatik sortzen baita alaitasun eta tristeziazko alfonbra hori. “Finean ulertu nuen ezinezkoa dela ezer baieztatu edo ukatzea” esaldiarekin laburtzen du idazleak, inork baino hobeto, liburuaren konplexutasuna. Nahiz eta aditz inperatiboak garai hartako idazkeraren parte izan, liburu hau ez da manual bat, ezpada testigantza bat, bizitzeko modu baten deskribapena.

Erlijioen irakurketa estuak modan dauden garai honetan interesgarria da orain dela mende asko horren berorren aurka altxatzen zen ahotsik bazegoela jakitea, eta mende honetakoa baino askoz existentzialismo sano eta baikorragoak egon direla ikustea. Meskita, eliza zein sinagogetan, Jainkoaren lekuan, orain suma daitekeen hutsune berbera sumatu zuen Omar Khayyamek: lur hau bakarra dela sinistu nahi ez, eta geroko balizko bizitza horren existentziaren froga falta. “Baina nork ditu ibiliak Paradisua eta Infernua?”. Batetik zein bestetik inor itzuli ez dela eta, zapaltzen dugun lurrari buruz gogoeta egitea nahiago duen horietakoa da.

Gaurkotasun handiko liburua dela esatea ez da guztiz zuzena hala ere. Hobeto legoke aktualitaterik inoiz galdu ez duten gauzei buruz ari dela esatea. Atzokoari zirri gehiago ezin egin bazaio, eta biharra hain bada lausoa, ardoa edan eta naturaz gozatzeko deia egin diguten filosofoak —eta filosofo ez direnak— asko izan dira, baina gutxik egin dute hain poetikoki, hain xamur, eta batez ere, dogmatismorik gabe. Izan ere, plazergabetzearen profetak bezain arriskutsuak izan ohi dira etengabeko mozkorraren aldekoak, eta Omar Khayyamek argikusmena mantentzeko gai den gizakiaren aldeko apustua egiten du orrialdez orrialde. Eta itzultzaileari dagokionez, honek ere bere apustu pertsonala gainditu duela ematen du. Joxemari Iturraldek futboleko arbitro onaren topikoa bete dadin lortu du, bere eskua igarri ere ez egitea. Jatorrizkoa nolakoa zen ez dakigun arren eta orduko Pertsiako hitz egiteko era mendeek estali badute ere, berez irakurtzen da, gustura. Eta hori da seinalerik onena.

Azken kritikak

Zero
Aitor Zuberogoitia

Amaia Alvarez Uria

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Aiora Sampedro

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Mikel Asurmendi

Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez

Jon Jimenez

Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi

Asier Urkiza

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Nagore Fernandez

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Mikel Asurmendi

Haize beltza
Amaiur Epher

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Asier Urkiza

Girgileria
Juana Dolores

Nagore Fernandez

Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin

Aritz Galarraga

Teatro-lanak
Rosvita

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

Hedabideak