kritiken hemeroteka

8.700 kritika

« | »

Hezur gabeko hilak / Xabier Montoia / Susa, 1999

Herioren tenperatura Aingeru Epaltza / Nabarra, 2001-10

Euskal idazleen arteko topaketa edo solasaldietan, hala antolatuetan nola antolatu gabeetan, gai maiztua da gure liburuetara ekartzeko gauza izan ez garen garai joanen zerrenda. Denak entzunak gara arrangura bat baino gehiago, iraganeko une erabakigarri batzuek gure literaturan izan duten isla urriaz. Gutiagotan aipatua da, zenbaitetan, lekukotasun eza barik, aurrekoek idatziriko apurretan geure burua ispilatu ezina, hain baitaude gure pentsamolde eta sentiberetasunetik urruti.

Lehen Mundu Gerla edo Gerla Handia bidegurutze historiko horietariko bat da. 1914tik 1918ra doan puska horrek girotu du XX. mendeko literatura unibertsalaren ale bikainetariko batzuk, eta gure artean ere ez da falta sarraski gaitz hartako testigantza idatzirik, bertso, kazetaritza eta kronikaren alorrean, batik-bat gerla bertatik bertara bizi izan zuten Iparraldeko idazleen eskutik. Alabaina, horiek irakurtzean, hizkuntzaren ederraren edabeaz ahantzarazi behar izaren ditugu, frankotan, gehienei darien alderdikeria eta aberrikeria.

Gisako ajerik ez du Xabier Montoiaren Hezur gabeko hilak nobelak. Ezinbertzez, 1999an plazaratutako idazlan batean; are ezinbertzeagoz idazle gazteiztarrarengan. Montoiak lehenagoko izkribatzaileek utzi zituzten lanen berri duela frogatzen du hizkeraren hautaketak. Haren begiak, berriz, egun-egungoak dira; bere-berea, orobat, ikuspegia.

Gerla eta gerlaren zentzugabekeria, horra etsai gehienetan ikustezin batengandik heriotza hartzera etsirik diruditen txotxongiloen patua. Liburu honetan ez da heroirik, ez inori eredutako erakusteko moduko ekintzarik. Aitzitik, bi pertsonaia nagusiak ustelak dira, koldarrak; gerlari ihes egin nahi diote, eta ustelegiak, koldarregiak, direlako ez diote ihes egiten. Halaberean, liburu honetan ez da adiskidetasunik ez elkartasunik ageri; senper orduan, lagunak bere kasa molda dadin utziko du laguna. “Hoa ifernura” erran dio protagonista batek bertzeari liburuko pasarte batean. “Ez diat joan beharrik. Bagaudek”, erantzun dio bertzeak.

Leherketen eta kanoikaden artean, erreka edo trintxeretako infernuan norainoko hotza izan daitekeen erakusten digu Montoiak. Beharbada horregatik, kontaera hormak —izotzak— zizelkatu duela dirudi, hotzaren hotzez. Heriok halako temperatura du, nonbait.

Azken kritikak

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Nagore Fernandez

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Paloma Rodriguez-Miñambres

Landura
Jose Luis Otamendi

Mikel Asurmendi

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Irati Majuelo

Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette

Aritz Galarraga

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Joxe Aldasoro

Akabo
Laura Mintegi

Mikel Asurmendi

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak