« Kronika ipuinka | Tituluak dioena »
Kameleoientzako musika / Truman Capote (Xabier Olarra) / Igela, 2000
Barruko piztiak baretzeko musika Estibalitz Ezkerra / Euskaldunon Egunkaria, 2000-12-16
“Alkoholikoa naiz. Drogadiktoa naiz. Homosexuala naiz. Jenio bat naiz”. Hitz horiekin deskribatzen zuen Truman Capotek bere burua, batzuentzat nahiko modu gogorrean egiten zuen, baina itzulinguruka ibiltzea ez zuen batere gustuko idazleak. Eta estilo bera erabiltzen zuen bere narrazioetan: zuzena eta eraginkorra.
Capote hilda aurkitu zuten 1984ko azaroaren 24 hartatik hona 16 urte igaro dira, eta oraindik haren liburuek grina sortzen dute. Bere garaian arerio zein defendatzaile sutsuak izan zituen, baina gaur egun ezin da ukatu idazle estatubatuarraren maisutasuna. Literaturan, kazetaritza lurralde birjina zela zioen, eta estilo narratibo horretan murgiltzen ausartu zen Capote. Gosaria Tiffany’s-en (1958) eta Odol Hotzean (1966) autorearen lan goraipatuenak izan dira, baina, nahiz eta orduko kritikak lan kaxkarragotzat jo zuen (urte haietan alkohola eta bestelako drogak ziren Capoteren egunerokotasunaren isla), Xabier Olarrak euskaratu duen Kameleoientzako musika obra ere bikaina da.
Hiru ataletan banatuta
Liburua hiru ataletan banaturik dago, eta, bakoitzak bere ezaugarriak dituen arren, badute lotura bat: gertaerak elkarrizketaren eta lehen pertsonaren bidez kontaturik daude, eta horri esker idazlearekin batera irakurlea ere kontakizunen lekuko bihurtzen da. Kalean entzundako zerbait, auzokoen gorabeherak, egunkarietako albisteak… iturri anitzetatik edaten zuen idazleak, eta istorio haiek gero bere liburuetan jaso zituen.
Lehen atalean giro ezberdinetan kokaturiko istorioak biltzen ditu idazleak. Orri bakar batzuk soilik tartean direla, Martinika exotikotik Mojave basamortu gogorrera igarotzen da idazlea. Hau da, paradisutik infernurako jauzia egiten du Capotek, eta oreka galdu gabe egiten du, gainera. Pasarte bitxiak jasotzen ditu —batzuk benetakoak, beste batzuk Capoteren irudimen neurrigabearen emaitza—, betiere pertsonaiei dagokien protagonismoa kendu gabe. Eta horren inguruan, psikologikoki nolabaiteko desoreka duten pertsonaiekiko lilura ez du ezkutatzen Capotek.
Senarrarekin batera amoranteak aukeratzen dituen emaztea, hildako katuak hozkailuan gordetzen dituen amona… Beste testuinguru batean beldurra emango luketen pertsonak, baina Capotek deskribatzen dituen moduan (behatzaile fina zen bera) irakurleari irribarrea ateratzea lortzen dute. Horrelakoa baita errealitatea: gauzarik samurrenak istoriarik ikaragarriena gorde dezake bere barruan. Lehen atal hori amaitzeko, Capotek bere homosexualitatea onartzen duen pasarte bat gaineratzen du eta bere amesgaiztoen konfidente bihurtzen du irakurlea.
Bigarren zatian, Eskuz landutako hilkutxak nobela laburra jasotzen du liburuak. Idazleak Odol hotzean nobelan erabili eta narrazio akziogabea bezala definitu zuen teknika darabil kontakizunean. Benetan gertaturiko kasu batean oinarrituz, hura argitzeko ezintasuna deskribatzen du Capotek. Eta hain ondo egiten du ezen irakurlea ere obsesio horren jabe egiten baita, eta idazleak dituen mamuak ikusten ditu berak ere.
Azkenik, Elkarrizketa bidezko portretak izeneko atalean, zazpi kontakizun jasotzen ditu Capotek. Haietatik ezagunena Marilyn Monroeren gainean eginiko Ume eder bat da, aktore ilehoria garai hartako idoloa baitzen eta haren heriotzak zalaparta handia sortu baitzuen. Hala ere, ataleko gainontzeko testuak ere ez dira makalak. Hiltzaileak, zoroak, sekta apokaliptikoak eta bestelako pertsonaia ilunak agertzen dira azken ataleko orrietan. Bere begiekin ikusten zuen errealitatearen berri eman nahi izan zuen Capotek (errealitate baztertua, baina errealitatea, azken finean).
Idazlea eta itzultzailea
Irakurlearen aurrean Capote oinazeduna, gogorra, konplexua, misteriotsua, zoroa azaltzen da, baina liburuetan irakurlearen konplizitatea bilatzen eta lortzen du. Izan ere, hainbeste izutzen gaituzten piztiak menperatzeko bi modu daude: musikarekin baretu edo besteen laguntzarekin haiei aurre egiten saiatu. Mickey Rourke aktoreak zioen zorotasun punturik gabe bizi dena ez dela uste duen bezain zentzuduna. Alde horretatik, inguratzen zuen gizarteari oldartu zitzaion Capote pertsonaiarik zentzudunena izan zen. Xabier Olarrari eskerrak eman behar zaizkio, Capoteren lana hain ongi euskaratzeagatik. Idazleari bere maisutasuna onartzen zaion bezala, ezin aipatu gabe utzi itzultzailearen lana, itzulpen honekin egin digun ekarpenagatik.
Baden Verboten
Iker Aranberri
Asier Urkiza
Diesel
Bertol Arrieta
Nagore Fernandez
Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza
Mckenzie Wark
Jon Jimenez
Basokoa
Izaskun Gracia Quintana
Joxe Aldasoro
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres