« Churchill-en bizitza | Gazte garaiak »
Dublindarrak / James Joyce (Irene Aldasoro) / Alberdania, 1999
Ezinaren epifania Markos Zapiain / Euskaldunon Egunkaria, 2000-05-27
Barka kritika honen izenburuaren pedantekeria, baina agian ez da desegokiena Dublindarrak osatzen duten hamabost ipuinen muina adierazteko. Izan ere, eginean ez baizik eginean daude dublindarrok, alkoholak eta erlijioak eragotzirik, eta, asko kostarik baina halako batean azkenik zerbait , egitera deliberatzen direlarik, ez zaizkie ateratzen ezintzak baino, Metxaren berba berau, ekintza ezindu, goibel, beldurgarri, negargarri edo katastrofikoak alegia. Haatik, ezinaren joanean, epifania antzematen daki Joycek, arteak ederra agerraraztea baitu zeregin; ordea, Joycerentzat bat eta bera dira ederra zein egia. Edertasuna, bestalde, izan liteke polit nahiz itsusi: auzo txiroetan, pub merkeetan, sentimendu hitsetan ehizatzen du Joycek epifania.
Kronologiak antolatu ditu hamabost kontakizunok: ikuspuntua umearena da aurrena, ez du helduen mundu uherra ulertzen; ondoren hazi egiten da: eta azken ipuinak hilen eta bizien arteko batasuna aldarrikatzen du. Baina ikuspuntuaren hazte hau ez du nahimenarekin zerikusirik: era itsuan hazten da, medikuntza ikasi zuelarik Joyce liluratu zuen enbrioia bezalaxe.
Aurreneko hiru ipuinetan, esan bezala, umeak begiratzen dio mundu ulergaitzari. Ahizpak-en Aita Flynn hilik datza, kaliza hutsa bular gainean. Kaliza puskatu zuenean hasi zen bere gaixotasuna, paralesia. Dublinek ere arima hautsia du, eta paralesiaz jotzen du bizkortze ahalegin oro. Enkontrua-n, eskolara piper eginiko umeak pederasta sadiko bat aurkitzen du. Arabia-n, frustrazioa umearena berarena da: maitemindurik dago, Arabia azokara joan nahi baina ezin duen neska batez. Hurrengo lau istorioek nerabeen arazoak erakusten dituzte: Eveline Dublin zikinetik ihes egiteko irrikaz dago. Aukera duenean, ordea, ez da ausartzen. Lasterketaren ondoren-ek erakusten dizkigu liburuko aberats bakarrak. Joycek mozkorrak, emakumeak, txiroak eta umeak hartzen baititu aintzat. Bi galai-n, arkeria alproja ageri da, eta Apopilo etxea-n, berriz, seduzitzailea ezkontzarako harrapatzen du neskaren amak.
Helduaroko miseria: Hodei txiki bat-en errealitate latzak poesia nahia itotzen du. Elkarren kideak: aita mozkorrak semea jipoituz asaskatzen du bere amorrua. Buztina-k Maria apal eta bakegileak ohartu gabe inguruan zero Joycerenean pizten duen maitasuna erakusten digu. Emakumeen egoera ilunerako Joyceren ardura. Kasu triste bat-en, maitatzen ez dakien gizon ordenatu batek, emakumea bere burua tren azpira amiltzera daroa.
Dublingo bizitza publikoari dagozkion istorioek politika, artea eta erlijio kateatuak nabaritzen dituzte. Huntza eguna batzar gelan: nazionalistak edan eta edan eta kontu kontari, boto eskatzen dabiltzan bitartean. (Ohar bat: ematen du ozono geruzako pitzaduraren errudun ere badela abertzalea. Kontua da hitzaurrean aditzera ematen zaigula, konstituzionalistek zabaldu gezurra errepikatuz, irlandar abertzaleek soilik geroratu zutela Dublindarrak-en argitalpena. Alabaina, Anthony Burgessek nahiz Jose Maria Valverdek, gizon moderno eta zientifikoak inondik ere, ipuin honetako Ingalaterrako erregeari buruzko txantxa libreegia aipatzen dute atzerapenaren arrazoi gisa. Joycek uko egin zion katolikotasunari, irlanderari eta Dublini, baina ez zen ez ingeles ez protestante bilakatu eta italieraz egiten zien seme-alabei). Ama bat-ek politikoek sortzailea erabiltzeko duten joeraz dihardu. Artistaren duintasuna du aldarrikatzen. Grazia, mozkorraren —gizakiaren— erorikoaz hasten da, eta adiskideen trikimailuak kontatzen dizkigu, mozkorrak, grazia katolikoaren bidez, arima salba dezan, espirituak berriro bete dezan lehen ipuineko Aita Flynten kaliza hautsi eta hutsa.
Azken ipuina, Hilak, ospetsuena da. Gabriel Conroy, dublindar idazlea, nazionalistak eta irlandera gutxiesten dituena, gurago goi mailako kultura kontinentala, bere izeben etxera doa, Irlandako mendebaleko bere emaztearekin, urte berria ospatzera. Edan, abestu eta barre egiten dute. Hotelean, oheratzean, bero Gabriel, emazteari galdetzen dio ea zerk eragiten dion nabari duen tristura. Emazteak: afarian entzun duen kantu batek gazte denborako mutil-lagun bat oroitarazi dio, gas fabrikako langile tarro bat. Hamazazpi urte zituela hil zen. Gabrielen jelosia. Nolatan hil zen, biriketako gaitzen batek joa? Ez, niregatik.
Ordutik aurrera Gabrielez jabetzen den emozio piloaren adierazpena, literatura sakratua da. Maitasunez hiliko gazte umila, askoz ere biziago dago bere emaztearen bihotzean bera eta bere kosmopolitismo mespretxatzailea baino.
Baina-elurra ari du, emaro. Eta elurrak biltzen ditu listoak eta ezjakinak, mozkorrak eta apaizak, emakumeak eta malderrak, hilak eta biziak.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres