kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Historiarik goibelena / Ford Madox Ford (Xabier Olarra) / Igela, 1999

Amatakeran Markos Zapiain / Euskaldunon Egunkaria, 2000-01-08

Izenda liteke giza patuaren zitala, izenda liteke apalkiago tentelkeria: kontua da sarritan eman egiten zaigula gura duguna, eskura dugula asebeteko gintuzkeena, baina ihes egiten uzten dugula, bizitza latz bihurtuz. Guztiei gertatzen zaie eleberri honetan, eta narratzaileak akiturik idazten digu, itzaltzen ari denaren axolagabetasun goxoaz, sentibera izaki larregi nozitutakoaren akabamendu eta adio aldarteaz.

Hasieran oreka ederra da nagusi lau protagonisten artean. Edward Ashburnham soldadu zintzoa (egoki dagokio Martxelo Otamendiren antzirudia), haren emazte Leonora (Pili Kaltzada), narratzaile delikatua (X. Mendiguren gaztea) eta haren emazte Florence (Yolanda Arrieta) pozik dabiltza elkarrekin, adiskidetasun goxoak ditu batzen, talde maitagarria osatzen dute. Ford Madox Fordek artisau artatsu baten arduraz azaltzen du giza harremanen eta, sentimenduen oreka ederra nolatan doan geldika-geldika ahultzen, azkenik era ikusgarrian zapartatzeraino —eromena, suizidioa—. Xeheki eta malgu ematen digu gertaerek sentimenduak aldatzeko duten moldeen berri, maitasun kontrolagaitzaren berri —kontrolagarria den sentimenduak ez baitu maitasun izena merezi—, hondamendia dakarrela edonorentzat, oroz lehen norberarentzat, nabari-nabaria izan arren, ezin bidera daitekeen grinaren berri.

Alde batetik, taldeko bikoteak barrutik hausten dituen arazoetako bat, elkartze guztietan, ezkontzetan adibidez, sarritan nabari den norberaren nortasunaren edo bizitzaren alde lotsagarri zein mingarri bati buruz bizikidea engainatu nahia duzu, jasanezina baita baten ahulezia txikiez ohartzen denarekin etengabe egotea.

Bestetik, egitura bizi orotan bada osagai bat ihes egiten duena, bildua sakabanatuz. Halatan, talde oro da hein batean itxi, badu hortaz kanpoalde bat, eta indarren batek beti bultzatzen du taldekideren bat kanpoalde gorri horretarantz, taldea horrenbestez hautsiz. Eleberri honetan kanpoaldea Nancy da (Ainhoa Goenkale), taldekideak ez bezalakoa sorkuraz, menturaz zein adinez. Eta Edward Ashburnham taldekidea Nancyrengana dandarrez daroan indarra maitasuna da.

Hemen maitasuna gorputz grina ere bada, noski, baina ez funtsean. Biografietan ez da aintzat hartzen heroiak jan-edan egiten zuela, komunera joaten zela. Orobat, Historiarik goibelena honetan, maitasunari dagokion gorputzen elkartzea burutu nahia hortxe dago, baina ez da esanguratsua. Urrikalgarriak, larrua jotzea bizitzako ariketa gorentzat dutenak. Eleberri honetan maitasunaz ageri den ikuspuntua hagitz interesgarria da, arras ez-ohikoa. Maitasunaren gakoa ez baita hemen konkista, ugaltzea, korrespondentzia, bortxa, irautea, plazerra edo menderakuntza. Edward Ashburnhamen maitatzeko maneraren funtsa, izan ere, esplorazioa da, lurralde berrien aurkikuntza. Fordek dioenez “bekainaren bihurdura bat, ahots baten tonugorabeherak, keinu bitxi berezi bat… —gauza horiek guztiak eta gauza horiek dira maitasun grina pizten dutenak— paisajeko zerumugan dauden gauzak bezala dira, eta gizona zerumugatik aurrera joatera bultzatzen dute, esploratzera”, harik eta mundua maitearen begiez ikusi arte, maitearen ahotsa beti eta nonahi entzun arte, maitearen keinuak guztiaz nagusi daitezen arte. Ashburnhamen bihotza ahitzen duen benetako sua, bere burua galduz maitearekin identifikatzeko irrika bortitza da: maitea bilakatu, haren ukimenaz ukitu, haren mingainaz dastatu. Paradoxaz, bere burua galduz sentitzen da Ashburnham hain zuzen ere babestua, eta indarberritua. Hain dago bestela bakarrik, hain izuturik…

Haatik, esplorazioetan gertatzen den legez, denboraren joanak begi horiek, mingain hori, adats ederra, ezagunak egiten ditu, ezusteko aurkikuntzak aspergarri. Horixe duzu hain zuzen ere eleberriari izenburua ematen dion historiarik goibelena, horixe Edward Ashburnham Leonoraren, La Dolciquitaren, Basil andrearen, Maisie Maidan gaztearen, Florenceren besoetara daroana.

Alabaina, Forden ustetan maitale orori heltzen zaio bizitzan abagune bat, non maiteak gogoan ezartzen dion zigilua sekula betikoz baitio ezartzen. Nancy neskatxarekin gertatzen zaio Ashburnhami. Nancy ezagututakoan Ashburnhamek ez du berriro motxila hartuko, ez ditu lurralde berriak arakatuko, esploratzeari utzi egingo dio. Horrexek amatatuko ditu bibiak.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak