« Lizardi gogoan | Koxme don’t fail »
Katedrala / Raymond Carver (Juan Mari Mendizabal) / Elkar, 1993
Katedralaren tamainako harribitxia Xabier Aldai / Euskaldunon Egunkaria, 1996-09-28
Barkatuko nau irakurleak, gaurkoan, jada itzuli zela urte batzuk bete dituen liburu batekin banator, berriagoak eta interesgarriak gerta daitezkeen beste izenburu batzuei aukera eman gabe. Nik ordea, liburu hau begi bistan izan eta berorren irakurketari muzin egiten dionari barkamenik ez duela merezi erantzungo nioke. Gisa horretako harribitxiarekin baikatoz.
Autoreari erreparatuz gero, estilo jakin eta berezi baten sortzailea dugu Raymond Carver. Bizitzaz eta ez irakurketagaiez idazten dutenetakoa; lagun batek esaten zidan moduan, bi idazle mota baitaude: liburu ugari irakurri eta euren kontagaiak bertatik ateratzen dituzten metaliteraturzaleak, eta bizi izandakoaz idazten dutenak. Carver-en biografiari begiratuz gero gora-beheraz betetako bizitza dakusagu, hainbat lan eskasetan aritua, ezkon harreman nahasia, alkohola… Batik bat bere narrazioengatik ezagun bada ere, poesia landu zuela esan behar eta, bertan ere, ondoren beste hainbatek jarraitu duten idazteko modu zakar eta zuzen bat landu zuela, errealismo zikina edo dirty realism deitua izan dena.
Autorearen ispilu litezkeen pertsonaiez beterik daude hamabi ipuin hauek. Hamabi, eta ez hamaika aurkibidean datorren moduan. Txartel horia, beraz, liburua argitaratzeko ardura zuzena dutenei, ohar zorrotz batekin batera, aurkibidean zaindu beharreko detaileetakoa baita hori.
Eguneroko bizitzaren gertakariak ditu ipuin bilduma honek kontagai, erabat hezur eta haragizkoak gertatzen diren pertsonaien ahotik azalduak, eta horrek indar berezi baten jabe bihurtzen ditu bestela arruntak iritziko genituen testuok. Bakardadearen egonezina da gai nagusia. Hitzez deskribatzea hain zaila den bakardade hori, hain zuzen ere. Horrela, Gauza xumea baina ona batere erakargarria ez den izenburuaren azpian istorio zoragarri hau aurki genezake: ama batek bere seme bakarraren urtebetetzerako tarta bat enkargatzen du gozotegi batean. Egun berean, ordea, auto batek semea zapaltzen du, eta hau ospitalera eraman eta koma egoera gazi-gozoaren ondoren hilik suertatzen da. Gurasoek, ordea, semeaz ahaztu direla aurpegiratzen dieten telefono dei berezi batzuk jasotzen dituzte…
Bitaminak ipuinaren krudeltasuna —eguneroko bizitzaren krudeltasuna azken finean— ere ahaztezina bihurtzen da, Deitzen dudan lekutik eta Katedrala, bilduma osoari izenburua ematen dion ipuin apartarekin batera.
Teknika minimalista da nagusi, hitzak komunikatzeko duen ponpazko indarraren gain isiltasunak ezer ere ez adieraztean duen komunikazio indarraren adierazgarri. Kontakizunak bezain erakargarriak baitira egileak darabilzkien hizkuntza eta idazteko era bakunak. Esaldi motzak eta zuzenak dira nagusi. Metaforak soberan dauden deskribapenek pertsonaren haragizko aldea nolakoa den kontatzeko beharra dute abiapuntu, istorioak eta kontestuak bere pentsamolde eta jokabidearen nondik norakoak, zehatz-mehatz adierazten dituztelako. Gaur egun goretsiak eta maila handiko literatura bezala onartuak diren ahapaldi amaitezin eta ezinezko irudi zein baino zein zorrotzetatik urrun.
Ondoren Estatu Batuetan eskola sortu duen estiloaren jabe da Carver, bere ondorengoen artean besteak beste inor aipatzekotan Richard Ford aipa genezake, euskarara oraindik itzulia izan ez den Rock Springs ipuin bilduma eta A piece of my heart eleberriarekin. Zinemagintzarekin betiere gorrotagarriak baina ezinbestekoak gertatzen diren konparaketarik eginez gero —eta orriak jiratzerakoan behin baino gehiagotan zetorzkidan bertako irudiak, elkarrizketa zatiak eta, nola ez, musika doinuak belarrira— Wim Wenders alemaniarraren Paris-Texas filmea datorkit burura: inoiz galtzaile edo antiheroi moduan epaituak diren pertsonaia arrunten gorabeherak. Menpekoak, baina behin ere ez menderatuak, gertatzen diren horienak.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres