kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Psikosia / Robert Bloch (Javi Cillero) / Elkar, 1996

Eskua harakin-aizto bati helduz Miel Anjel Elustondo / Euskaldunon Egunkaria, 1996-07-20

Urte asko da filme zuri-beltza erakutsi zigutenetik. Izan ere, berria ere ez da liburuaren izen bereko pelikula. Ordea, gure baitan iraun du Anthony Perkinsen karakterizazioak, Alfred Hitchcocken lan beldurgarriak. Telebistaz ere aldiro-aldiro berritu digute neska ilehoriaren dutxa, lurrunetan: “Mary garrasika hasi zen; orduan gortinen tartea zabaldu, eta eskua agertu zen harakin-aizto bati helduz. Aizto horrek ebaki zuen behingoan Maryren garrasia. Baita Maryren lepoa ere”. Harrezkero, bere-bere egin zuen eszena latza Hitchcocken filmeak, eta zineak oro har. Ikusleok ere, geure egin genuen Norman Bates eskizofrenikoaren izena eta begiratu eroa.

Liburuak, dena den, zineak baino aukera handiagoa ematen digu. Maryren dutxa famatua pasadizo lazgarrietan bat dugu nobela beltz honetako orrialdeetan barrena; ez bakarra, ordea. Robert Bloch idazleak bi plano paralelotan josi zigun intriga eta, noiz batean, noiz bestean, errezeloa zein ikara eragiten digu. Bateko planoan, Norman Bates eta amarena genuke, Normanek berak zuzentzen duen moteleko eta etxeko giro itoan, hain zuzen. Besteko, moteletik kanpoko mundua ageri zaigu, non Maryk korapilatu duen haria libratzen jardungo duten haren hurkoek, kezkatan, ezbai eta noraezean.

Autobide berria egin dutenetik gainbehera etorri da Batestarren motela. Errepide nagusitik bazter da eta autozaleak ere ez du motelaren bidetik zertan jo behar. Hortaz, jendea bakan da aspaldion Batestarrenean. Turistaren batzuk dira, gehienetan. Osterantzean, Mary Craneren modukoren batek behar du motel horretan. Neska etsia da Mary. Berrogei mila dolar eman dizkio nagusiak bankuan sar ditzan eta, bertara gabe, etxera joan da neska zuzen-zuzenean, aidean bildu ditu arropa beharrenak, maletan sartu, autoa martxan jarri eta ziztuan egin du hanka, urrun. Hemezortzi ordu egin eta gero, okerreko bidea hartu du, bide ezezaguna zeharo. Hargatik, ilunean motela barrundatu duenean, bertan egin nahi izan du gau bateko habia. Betiko hilobia, hala ere, Normanen ama lagun.

Zeruak eta lurrak aztartuko dituzte Maryren adiskideek bere paraderoa asmatu nahian. Motelean, bestalde, psikosi bizian da Norman bere buruarekin; bere baitan herioan ari da burrukan bere amaren presentzia irentzailearekin. Irakurlea ere erraz harrapatuko du sarean amaren itzal hilgarriak zein Normanen aldi maniakoak. Beren etxearen geriza nagusituko da, erremediorik gabe.

Javi Cillerok itzuli du Psikosia ingelesetik eta, zinez, euskaraz pausarik gabe irakurtzeko maisu lana eskaini digu. Finean, itzulpenen beldur direnek ere gero baino aitzakia txikiagoa dute lan ederrok ez irakurtzeko. Elkar argitaletxeak, berriz, koska bat gehiago estutu du Psikosia argitaratuta. Ez dira asko nobela beltzak bere kolekzioan. Aitzitik, ageri diren apurrak irakurri derrigorrak ditugu. 1280 arima, Karteroak beti deitzen du bi aldiz, Emakume demonioa, Ehiztaria… maila jasoko itzulpen biribilak ditugu. Eta honako Psikosia-k ere ez du barkartzen. Ezta hurrik eman ere.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak