kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Ripleyren jokoa / Patricia Highsmith (Maria Garikano) / Igela, 1995

Azpijokoaren lilura Miel Anjel Elustondo / Euskaldunon Egunkaria, 1996-01-27

Ez dago krimen borobilik. Tom Ripleyren esaldi horrexek ematen dio hasiera Patricia Highsmithen nobela honi. Esaldiak, luzamendu ez luzimendurik batere gabe, irakurlea lehenengo momentutik letren sarean harrapatzeko artifizio huts irudi luke. Paragrafoetan barrena eta liburuaren bururaino, Ripleyren ukazioa ustela dela baietsiko dugu. Irakurlea ere ez da damu izango, Highsmithen lan bikaina dela medio Ripleyren azpijoko zitalaren laguntzaile bilakaturik eta konplize, jakinaren gainean nahiz ezjakinean, Jonathan Trevanney gizagajoa bezala…

Ez dago krimen borobilik, Tom Ripleyk Reevesi eman dion erantzuna da. Bere burua estuasunean larri ikusi ezik azaltzen ez den adiskidea da Reeves. Honako arratsaldean ere, Reevesek ez du askorik nahi: hilketa bat —mafiako bat, akaso bi—, egingo duen norbait Ripleyk berari proposatzea. Horixe besterik ez. Eta Ripley buruhuts badago, izenik bururatzen ez bazaio, Reeves ez da amutsa: “Zu zeu ez al zinateke lana zeure gain hartzeko prest egongo?”. Tom Ripleyren erantzuna, ostera: “Nire izen ona babestu beharra daukat, badakizu”. Eta Ripleyren jokoa, azpijokoa, hasiko da, Jonathan Trevanney bultzatuz lan zikina bete dezan. Jonathan Trevanney ez da izen handiko pertsonaia Parisen: ezkondua, seme baten aita, diru-sarrera handirik ez baina tamaina batean bizi den markogilea da. Gabeziarik ez, hortaz, osasuna ez bada, minbiziak jota baitago. Hilzorian dagokeena nahiko du hiltzaile Ripleyk.

Horretan da Ripleyren jokoa eta bikain korapilatu zuen haria Patricia Highsmithek. Irakurri ahala, geure begiez ikusi usteko dugu joko bihurria; eta bihurriagatik, zorrotz fokaturiko fotografian bezain garden somatuko ditugu —geure egingo— pertsonaien duda-mudak eta mugimenduak oro. Ez da ihes egingo digun xehetasunik; deskribapenak zehatz eta arin dira, aldi berean. Eskergarri ere du irakurleak odol hotzean ari den hiltzaileak lorategiari hainbat opa izatea: guregana dakarkigu autoreak Ripley maltzurra eta inozentzia airea ere ematen dio, inondik ere. Edota mafiako morroiak akabatzeko zorian egon eta Ripleyk sandwichak prestatzen jardutea, edo lan odoltsua burura eraman eta klabikorda erabiltzea hizketagai: “Hori da Bachen gauzarik onena, berehala zibilizatzen zaituela”. Nobela hasi eta bururaino, narrazioak ez du etenik. Bestalde, elkarrizketa ugariek ere —noiz xaloak, noiz gaiztoak—, Ripleyren zinismoa azalera dakarte. Kontrapuntuan, irakurlea beldurrak izango da Jonathan Trevannyren emaztearen bekoskoak —intuizioak—, hankaz goratuko ote duen Tom Ripleyren joko arriskugarria. Mafiako morroiekikoa egitea bezain latz izango du Tomek Madame Trevanny samurtzea; eta, zinez, haiek garbituko dituen arren, madame bere alde jar dadin —erregu eta zurikeria—, ez du lortuko.

Patricia Highsmithen beraren Poliki, poliki haizetan itzuli zuen, egoki, Koro Navarrok euskarara 1988an. Orain, Ripleyren jokoa paregabeko perla itzuli digu Maria Garikanok, ohi duen era ederrean (Altxorraren uhartea, Botilako deabrua, Carmen, … ). Eta nobelaren maila bikainari eutsi dio itzultzaileak, irakurketa bere mailara eramanez: irakurtzea plazer handia izan da, beste behin.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak