« Bizitzaren mugak | Mito amerikarra »
Sarean leiho / Juan Kruz Igerabide / Alberdania, 1994
Ttikiaren poeta handia Juan Luis Zabala / Euskaldunon Egunkaria, 1994-11-13
Hiru liburu ttiki liburu bakar batean bildurik, horixe da Alberdaniak oraindik orain kaleratu berri duen “Sarean leiho” hau, Juan Kruz Igerabideren dohain poetikoen hiru agerpen-modu ezberdin irakurketa bakar eta gozo baterako.
Lehendik ere erakutsia zuen dohaina agertu du Igerabidek liburu berri honen lehen ataleko “Haiku ximurrak” direlakoetan, “Begi-niniaren poemak” izeneko haietan hainbat laudorio sortu zuen dohain berbera: naturari eta inguruko errealitateari begi poetikoz begiratu eta begirada hori poema sinple, labur, eder bihurtzeko dohaina. “Etxeetako argiak / itzali dituzte: / Ez da ikusten gaurik” (25. or.). Hitz gutxitan kolpe indartsua, doi-doia, bete-betea, gustagarria zinez.
Edertasun horretan ederregi ere egin zaizkit niri haiku hauek, naïf-egiak beharbada aukeran, gehientsuenak behintzat. Igerabidek naturari egindako begirada pozez eta mirespenez zipriztindua da gehienetan, onbera, zintzoa, aratza, eta irakurlea pozik harritzen da tarteka, oso gutxitan bada ere, ikuspegi ilun samarren baten aurrean egokitzen denean: “Otsoak uhuri besterik / ez dira bihurtzen, / bakoitzaren erraietan hoska” (32. or.); edo —arraioa!— Euskal Herriko errealitate soziopolitikoarekin lotua dirudien ale batekin topo egiten duenean: “Hiri honetako / zubiak / ez dakit / bi ertzetaraino iristen ote diren” (41. or.).
“Laino artean: Felipe Juaristiri oihartzun” izeneko atala hemeretzi poemak osatzen dute, denboraren ingurukoak gehientsuenak, bakardadea eta heriotza ere aipagai diren arren. Batzuk haiku modukoak, labur-laburrak, besteak luzexeagoak, baina luze zein laburren artean aurki daitezke, atal honetan, poema ederrak, gozo-gozo irakurri eta berrirakurtzeko modukoak.
“Sarean leiho” liburuaren hirugarren eta azken atalari “Alter egoaren mintzoa” deritzo. Egileari barrundik mintzo zaion ahots ezkutu batek diktatutako 131 aforismok osatzen dute atal hau, poesiaren eta artearen ingurukoak horietako asko eta asko. Aforismo eta prosa laburren bildumekin ia beti gertatzen zaidan bezala, ale batzuk benetan oso gustukoak izan ditut eta beste batzuk, ostera, soberan ez ote dauden iruditu zait, aspertu egin naute, nahiz eta litekeena izan, jakina, ni aspertu nauten horiexek izatea beste irakurleren batek —edo egileak berak ere— gustukoenak.
Badakit aforismo bilduma gehientsuenak amaitu gabekoak direla, baina Igerabideren “Sarean leiho-ko” hau, amaitu gabekoa ezezik, laburregia ez ote den ere iruditu zait; hau da, ez ote zen egokiago izango, alter ego-ak diktatu dizkion 131 aforismo hauek liburu honetan argitaratu barik, egileak gehiago bildu arte itxarotea, aforismo soilez liburu mardul eta beteagoa egiteko moduan izan artean. Ziur bainaiz, noski, alter ego-aren mintzo hori ez dela isildu Juan Kruzen baitan.
Arina, gozoa eta ederra iruditu zait, oro har, “Sarean leiho” liburua, Juan Kruz Igerabideren lumatik aspaldi honetan sortzen ari den guztia, bezala. Dena den, nik uste dut “Begi-niniaren poemak” ezagutzen ditugunok ez garela gehiegi harritu “Sarean leiho” honekin. Gero eta zailago izango zaio, izan ere, Igerabideri irakurleok harritzea, gero eta gehiago baikara bere sentiberatasun berezia ezagutzen dugunok, ttikiaren poeta handi honen berri dugunok.
Begiak eman nizkinan eta ilunpeei behatu hien
Irene Sola
Jon Jimenez
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Amaia Alvarez Uria
Gerezi-denbora
Montserrat Roig
Asier Urkiza
Herriaren hezkuntza eta demokrazia
Nadezhda Krupskaia
Nagore Fernandez
Farorantz
Virginia Woolf
Aritz Galarraga
Markos Gimenoren 101 letrakartel
Joseba Sarrionandia
Mikel Asurmendi
Poesia kaiera
Giorgos Seferis
Irati Majuelo
Altxa, hildakoak
Fred Vargas
Joxe Aldasoro
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo