kritiken hemeroteka

8.553 kritika

« | »

Uzta gorria / Dashiell Hammett (Xabier Olarra) / Igela, 1996

Jenero beltzaren maisu-lana Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 1996-12-21

Poza hartzen du batek, eta ez nolanahikoa, Dashiell Hammett lagunaren (literaturzale guztion lagun, adiskide eta amorante baita) Uzta Gorria euskeraturik ikustean; eta are pozgarriago gertatzen zaio irakurri ahalean konturatzen denean euskararena ez dela tramite hutsa, zenbaitetan, sarri askotan, gure herri tristementean elebidun honetan izaten den bezala. Irakurleak testuaren gozotasunari erreparatuko dio, nahiz eta nobelaren nondik norakoak krudelak bezain hitsak izan, eta pertsonaiek hartzen dituzten ibilbideak, latzak, erpinak, baina hizkuntzak gogor eusten dio erronkari, eta euskaraz irakurtzen duenak, gozatzeaz gain, une polit asko pasatuko ditu hasieratik bukaeraraino. Eta ez zaio damutuko euskaraz irakurri izana. Itzultzeko nekeak hartu dituena Xabier Olarra da. Jim Thompson, Horace Mc Coy, James M. Cain eta abar dira lehenagotik euskaratu dituena.

Itzulpenari buruz xehetasun gehiagorik ezin dut eman. Ez izanik itzulpengintzaren teoriko, ezta arte eder horretako aditu ere, nekez esango nuke ezer probetxuzkorik, edo tajuzkorik, edo kontuan hartzekorik; baina irakurle gisa, eta testua aspalditik ezagutzen duenaren ikusmira urrunetik, esan dezakedana da denbora desagertu egiten dela liburua irakurtzean, eta beste ezerk ez duela garrantziarik, liburua amaitzeak baino. Eta amaitutakoan nahi luke luzeagoa izatea, gutxitan hartzen baita liburu bat halako plazerrez, halako indarrez.

Indarra du, zalantzarik ez, Dashiell Hammettek idazteko orduan, eta indar hori bera, edo agian gehixeago, ematen dio liburuari. Idazle gutxi dira amerikar hori bezain trebeak jenero beltzean (Chandler akaso), eta batek susmoa dauka beste edozein jenerotan aritu izan balitz, beltzean aritu beharrean, urrutira iritsiko zela. Gertatzen da, jenero beltza, ikusgarria egiten dela zineman, eta askotan zinema bera du helburu. Kritikariek zein idazle-jende berezi batek ez du begiko literatura beltza, azpiko jenerotzat baitaukate.

Eta ez da horrela. Dashiel Hammett maisua dugu bere ofizioan. Oso ondo menderatzen du elkarrizketaren tonua, esaldi labur baina borobilak idatziz. Eta badaki zer den suspensea, eta zein den erritmorik egokiena nobela batentzat. Bonbezia handirik gabe, gainera. Istorioak ibaiaren abiada hartzen du, ura ugari bota izanagatik bere bidean kabitu ezinean dabilenean bezala. Azkenean, nonbaitetik lehertu.

Azken kritikak

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Irati Majuelo

Denbora galduaren bila / Swann-enetik
Marcel Proust

Aritz Galarraga

Iraileko zazpi egun
Eneko Azedo

Aiora Sampedro

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Anatomia bertikalak
Lierni Azkargorta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lurrez estali
Ximun Fuchs

Jon Jimenez

Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo

Mikel Asurmendi

Poesia guztia
Safo

Mikel Asurmendi

Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre

Jon Jimenez

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Artxiboa

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

Hedabideak