kritiken hemeroteka

8.674 kritika

« | »

Farorantz / Virginia Woolf (Anton Garikano) / Ibaizabal, 1997

Errubizko bisionea Markos Zapiain / Euskaldunon Egunkaria, 2001-04-01

Liburuak hiru atal ditu. Leihotik da lehenbizikoa. Irailaren erdialdeko egun bat du kontagai. Ramsaytarrak udako etxe alokatuan daude, Eskoziako Skye uhartean: Ramsay andrea, guztia besarkatu eta babestuz; Ramsay jaun filosofia irakasle kopetiluna; zortzi seme-alabak (ama maite eta aita tiranotzat dute); lagunak (Lily Briscoe margolaria besteak beste); zerbitzariak. Amak eta James txikiak etxetik ikusten den beste uharte bateko farora biharamunean txango joateko asmo goxoa dute, aitak berehala zapuztua: eguraldi txarra egingo ei du. Azkenik ez dira joango.

Bigarrenean, Denborak aurrera, etxeak urte batzuk daramatza hutsik. Denborak guztia higatu du. Ramsay andrea hila da, baita haren alaba Prue ere, erditze garaiko gaitz batek joa, eta Andrew semea, gerran, I. Mundu Gerran.

Azkenekoan, Faroa, hamar bat urte igaro dira lehen ataleko egunetik, eta azkenik farorantz hartzen dute Ramsay jaunak eta James eta Cam seme-alaba gazteenek. Lily Briscoek etxetik ikusten ditu itsasontzian urrutiratzen.

Eleberri honetan, pertsonaiak ez dizkigute ezagutzera ematen beren biografietako mugarri ofizial, garrantzitsu edo deigarriek, baizik egoera eta gertaera arrunten aurreko beren barne mintzoek, eta beste pertsonaien gogoan eragiten dituztenek (perspektibismoa). Skye uhartekoez kanpoko ikuspuntua berariaz dagoenez ezabatua, farorantz-eko mundua arras da trinkoa eta bere baitan bildua (inmanentzia, “ez dago Jainkorik”). Virginia Woolfek uko egiten dio berak sortu pertsonaien ezagutza osoari, zalantzatia da: narratzaileak urretxindorra dirudi, arimaz arima jauzika, bertako sentsazio, sentimendu, gogoeta, oroitzapen eta asmoak emanez. Halatan, luzeagoa da gertaeraren berri ematen duen pasartearen irakurketa, gertaera bera baino.

Ia guztiak maitemindurik dauzkan Ramsay andrea ezagutzen hasteko, adibidez, farozainaren semearentzako galtzerdi bat egiten ari dela darabiltzan pentsamendu arbitrario eta iheskorren joan-etorria eskaintzen zaigu, eta gainerako pertsonaiengan eragiten dituenena. Jatorriak ez du garrantzirik. Hemen egia, askotarikoa izateaz gainera, edonon dago eta edonork dauka, baina tolesturik. Artistak, edozein lagunen bizialdiko edozein une hartu, une horretan gogoan duena deskiribildu eta garatu, eta bertan adierazten dizu unibertso osoa, edozein horri dagokion ikuspuntutik argitua. Ikuspuntu hori, bestalde, aldatuz doa etengabe, jarioak ez baitu geldiunerik. Farorantz-ek eleberria biografiatik askatzen du, kontzientzien eta naturaren bilakaera eta mugimenduarekin ezkonduz.

Hala ere, bizitzaren etengabeko joan goibela zenbaitetan kristaldu egiten zaio Ramsay andreari, eta distira egiten dio, distira isila, errubiak bezala: bildurik sentitzen ditu orduan gauza guztiak, eta bakea, eta betierea. Bizitzaren baitako betikotasuna errubizko uneok egituratzen dute. Bizitzako errubi hori, arteak bisione bilakatzen du. Zein ederki adierazten duen Woolfek artista lanaren gogorra, bakardade beharra, eztabaiden eta bileren arriskua eta gezurra! Bizitza pribatu antzua dutenek behar izaten dute bilera. Hara giza eskubideen gaineko elkarrizketa bat: “Lily entzuten ari zen; Ramsay andrea ere entzuten; denak entzuten. Baina jadanik asperturik, Lilyk zerbaiten hutsunea antzeman zuen; Bankes jaunak zerbaiten hutsunea antzeman zuen. Bere txalean bilduz, Ramsay andreak zerbaiten hutsunea antzeman zuen. Entzun ahal izateko aurrera makurturik, denak ari ziren pentsatzen, “Baldinbaitere ez al dira nere barruko gogoetak azaleratuko”, zeren denak ari baitziren pentsatzen, “Besteek hau sentitzen dute. Gobernuarekin sutan eta haserre daude arrantzaleak direla eta. Nik berriz ez dut ezer sentitzen””.

Briscoe artistak lortzen du azkenik bileratik ihes egin eta benetako lanari ekitea. Txundigarria da Woolfek koloreari dion begirunea. Briscoek prestakuntza gogorra behar du koloreetara hurbiltzera ausartu aurretik. Baina gainera, bizitzak eskainitakoa argi ikusten badu ere, pintzela hartu orduko ideiaren eta oihalaren arteko hegalaldia izugarri bihurtzen zaio. Arerio ankerren aurka borrokatzen da negarrez, bere bisionearen aztarnak erauzi nahi baitizkiote. Artistari, sortzerakoan, gainera abailtzen zaizkio bere gaitasun eza, bere hutsaltasuna, oroitzapen mingarriak, kontrolagaitz bihurtzen zaio bere burua. Guztiarekin ere, aurrera doa bizitza, aurrera koadroa, aurrera Farorantz. Burutzen da azkenik txangoa badian zehar, iristen dira Ramsaytar batzuk farora.

Eta orduantxe, Skye uhartean gelditua zen Lily Briscoe, ezustean, margolanaren aurrean jarri eta bertan ikusten ditu berdea eta urdina, zerbait izan nahian. Pintzelari heldu eta, “bapateko lehiaz, segundu batez argi ikusiko balu bezala, lerro bat egin zuen han, erdian. Kito; bukatua zegoen. Bai, pentsatu zuen, zeharo leher eginda pintzela behean utziz, Izan dut nere bisionea”.

Azken kritikak

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Nagore Fernandez

Martxoak 3
Jon Martinez Larrea

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Etxe bat Husaviken
Uxue Juarez

Irati Majuelo

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Paloma Rodriguez-Miñambres

Diesel
Bertol Arrieta

Joxe Aldasoro

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Mikel Asurmendi

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Asier Urkiza

Ni, laiko
Markos Zapiain

Nagore Fernandez

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak