kritiken hemeroteka

8.475 kritika

« | »

Mirarien kalezuloa / Nagib Mahfuz (Patxi Zubizarreta) / Alberdania-Elkar, 2006

Irten ezindako belena Karlos Del Olmo / Eizie.org, 2007-03-05

Noraino hel daiteke Kairoko alde zaharreko auzotegi batean jaio eta sei urterekin Koran eskola batean ikasten hasteaz batera, Sinclair, Johnson eta beste idazle batzuen eleberri poliziakoak —bigarren eskukoak, maileguan hartuak— irakurtzen hasten den sei urteko umemoko bat? Zer espero genezake nobela haiek bereak legetxe arabieraz berridazten zituen gaztetxo batengandik? Etorkizunean idatziko zituen liburuen lehengaia eskuratu guran ote ziharduen eleberri poliziakoetatik faraoien garai klasikoen gaineko kontakizunetara igaro zen aprendizak? Hamabost eta hamasei urterekin maitasun bertso berrien eskribatzaileak zelan ez zuen lortuko ohorezko sariarekin Filosofian lizentziatzea tesina gaitzat Estetika hartuta, literatura eta filosofia estuen horrexek lotzen dituen aldetik? Nolatan amaitu zezakeen ibilbidea kalezulo batean, aurreko ikasketa horiei guztioi gutxiegi iritzita, Arabiar Musikaren Institutuan ere ikasten hasi eta administrazioko funtzionaritza lan itxuraz seguruagoen ildotik abiatu zen artista ipurterreak? Eta goi mailetan ibilita ere, zer dela-eta ahozko herri literaturaren oihartzunez bete idaztiok, idazletzan hasitakoan? Baina, bestela gerta zekiokeen, gizarte bizitzan uzkur eta itxi samar agertu arren, egiptiar literatur zokoetan gogotik parte hartzen zuen lagunari, akeita etxe horietan koblakari eta ipuin kontalariei sarri ere sarri entzunda, txolarte etengabeetan hitzez, kafez eta tabakoz toxikatu artean? Halako zuloetan hasiko bide zitzaion mamitzen bizitzaren ispilu omen diren kafetegi jendetsuenganako zaletasuna, Mirarien kalezuloa eleberriaren zilborra den kafetegiaren inguruko bizitzan ikusten den moduan. Eta auzoak, kafetegiak, batzoki publikoak maite zituelako, halakoetan irten ezinda geratu zen Nagib, edo haietatik irten gura ez zuela…

Arabiarrez, frantsesez eta ingelesez hainbat kultur joera bereganatu izanaren ondorioz, ekialdeko eta mendebaldeko —batez ere, Europako— kulturak uztartzen hasi zen eta, hatsarreetan, sare moduko batean ehundutako ipuin bilduma joriak ehundu zituen, alfonbra hegalari moduko horietako batean.

Tapiz haietatik, kontzepzio errealistako eleberrien tapiz handietara igaro zen Kairo berria idazlanaren faborez, Mahfuzengan halako zama handia hartuko duen justiziaren gai morala zutabetzat. Eta hala, eleberriz eleberri, auzoa, kalezuloa, gizadiaren aberri bihurtuz doakio.

Baina bizitzak fikzioari zorrik ez dion erakusgarri, bere burua sinestun aurkeztu arren, islamdar estuekin arazoak izan zituen Gure auzuneko seme-alabak* eleberria zela-eta, fatwa leporatu ziotenez gero, asasinatzen saiatu ziren, baita larri zaurtu ere.

Eskuartean dugun eleberria, Nagiben beste lan batzuen antzera, pelikula bihurtu zuten, honako hau Arturo Rispteini esker. Auzoko kaleetan, harrizko zoru gogor eta gotorra kotoi bigunezko bihotzen pausalekua da. Eta izenburua gorabehera, mirariak jazoera arrunt dira, azkenean, harrimena gertaera komuna da, monotonoa, eguneroko asperdura bera mirari mamitzen zaigula bailirudike irakurri ahala. Amaiera zoriontsuak ez dira, ordea, askok uste bezain usukoak.

Patxi Zubizarretak dioskunez, hain erraz, ia bestela baitakoan irakurtzen den itzulpen hau ez du arabieratik paratu, baina, itzulpen literarioaren baranoan gauza onartua da zilegi dela, oso, jatorrizkoa ez beste bi edo hiru hizkuntza makulu hartuta itzultzea. Jakina, oztopo harriak ezin berdinak izan itzultzailearentzat jatorrizkoan edo horren bertsioetan. Baina egia baldin bada giza hizkuntza guztien azpian gramatika unibertsal bat datzala edo beste batzuek esan gurago duten munduan, eleberri guztiak, hizkuntza guztiak, eleberri eta hizkuntza berberen aurpegiak direla, hau ere bide baliagarria da jatorrizkora heltzeko. Egiptiar auzotik euskal kalexkarako jauzian, zelanbait, Mahfuz bera bidaide dugu, berberak, aurretiaz, Europako literatur tradizioa ondo mamurtu, irentsi eta txertatu zuelako eleberrian. Ez dago oso urrun, ordea, arabieratik ere zuzenean euskaratuko dugun unea. Altaffayllako egunak gogoan…

Azken kritikak

Zero
Aitor Zuberogoitia

Amaia Alvarez Uria

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Aiora Sampedro

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Mikel Asurmendi

Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez

Jon Jimenez

Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi

Asier Urkiza

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Nagore Fernandez

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Mikel Asurmendi

Haize beltza
Amaiur Epher

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Asier Urkiza

Girgileria
Juana Dolores

Nagore Fernandez

Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin

Aritz Galarraga

Teatro-lanak
Rosvita

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

Hedabideak