kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Loti ederrak / Yasunari Kawabata (Ibon Uribarri) / Alberdania-Elkar, 2006

Ezkur ez den amets eternala Karlos Del Olmo / Eizie.org, 2007-02-05

Japoniar literaturak beti sortu izan du erakarmena mendebaldean. Erakartasuna bezainbesteko harrimena ere bai. Eta sarri ere sarri, ondo ezin ulertzea, mezu guztia erabat antzematerik ez dagoen zirrara, beste inongo literaturatan baino areago, hango letretan forma eta edukia bat eta bera direlako. Nola Haikuetan hala eleberrietan ere. Horren erakusgarri literatur Nobel saria Japonian (1968) lehenik irabazitako Yasunari Kawabata idazlearen lanak.

Haren istorioak ia ezari-ezarian, bestela baitakoan hasten dira, mantso, lasai. Eta giroaz gozatzen hasi orduko, brastakoan amaitzen; ezerk ez du bururapen zantzurik iragartzen, orrien iraungitze fisiko bera ez bada. Edertasunez blai egoten dira Kawabataren lanak: edertasuna forman, edertasuna barnean, den-dena edertasun auzi moduko batean. Edertasuna guztiaren eragile eta errudun. Zahartzaroaren maldan behera nahitaez agudo doan agurearen gorputz biluzia neskatxa gazte loreko lokartu baten ondoan etzanik edertasunak sortzen dituen gozamen eta min guztien parabola da.

Japoniar literatura euskaratzeak euskal itzulpengintzaren gabezien aurrez aurre jartzen du itzultzailea, onenak emateko desafioa botatzen dio: ez haiz bahaiz. Sentsibilitate, irudi, kultura, tradizio arrotzak gureganatu beharrak jatorrizkoaren eta testu itzuliaren arteko balantza beti kolokakoan oreka ezegonkorra behartzen du. Kawabatak berak erabili zituen mintzagai itzulpengintzaren ezinak eta nekeak Edertasuna eta tristura lanean.

Ibon Uribarrik ahalegin eskerga egin du itzulpen akademikoaren eta literario hutsaren arteko dendua lortzen. Transkripzio sistema bat proposatu ere du, glosario bat erantsi eta letra etzana erabili ezinbestean itzuli gabe gelditu diren berbak ordaintzeko, nahiz eta irakurleari nahasgarri gerta dakiokeen te berde modukoak ere, esaterako, letra etzanez idatzita topatzea. Estiloari dagokionez, erlatibo ugariek esaldiak luzatu ez ezik, liburuaren berezko erritmo motela are mantsoago ere bihurtzen dute. Baina forma gorabehera, japoniar usain, kolore, uki zantzu sendoak heltzen zaizkigu euskal bertsioari esker.

Kawabatak japoniar literaturako eredu eta kanon literarioak ondo ezagutzen eta, aldez, errespetatzen zituen, baina ez zuen lotsarik izaten Prousten teknika moldeetara hurbiltzeko orduan. Eleberria, zelan edo hala, japoniar koadroz osatuta legez dago. Baina pintura horiek, beren ederrean eta bizitasun geldoan, hauskorrak dira oso: ur tanta batek (negar malko batek?) erraz honda dezake tinta edo akuarela lan fina, jatorrizko gardentasun eta garbitasuna lausotu eta desitxuratuz. Berba edo egitura ezegoki batek letrazko koadroaren indarra ahuldu dezakeen legetxe.

Literatura ezer ez da edertasunarekiko topaketen eta elkarraldien berri emateko ez bada. Politasun gurari horrexek, ordea, idazlea galbidera eroan dezake. Bere buruaz beste egiterainoko bidetik abiarazi. Galantasuna iheskorra delako beti, letrazko kartzelatik alde egiten duelako etengabe. Itzulia ere izan nahi ez duelako, bestalde. Loti ederrek erotismoa bakardadetik ezin bereizteko moduan eskaintzen dute.

Heriotza ez da erantzuna, baina, zelan itzuri egin nork bere buruaz beste egiteko tentazioari, inguruan edertasunak etengabe gogora ekartzen badizu bera betierekoa dela eta zuk, ordea, herioa duzula zor, gurata ez?

Idazlea edertasunaren xerka joan zen, baita topatu ere. Baina esku artetik denbora bezalaxe joaten zitzaiola ikusita, bere buruari azkena ematea besterik ez zuen izan. Nobel saria jaso eta lau urtera, balbe ederraren besoetara amildu zen Yasunari, edertasunaren heriotza xede. Azken buruan, natura ederra da, hiltamukoaren begietara agertzen delako amaierako une lazgarri bezain gozoan. Ai, loti ederrok, Buda txiki horiek…

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak