kritiken hemeroteka

8.493 kritika

« | »

Beste eguzkia / Itziar Madina / Txalaparta, 2007

Topa iraganari! Betor geroa! Ibon Egaña / Berria, 2007-04-22

Ipar Euskal Herriak bizi duen egoera gorrienetako baten gainean josi du Itziar Madinak estreinakoa duen eleberria, Beste eguzkia, hots, barnealdearen hustearen eta lurrari loturiko bizimolde tradizionalaren galeraren gainean. Gaurkotasun eta intereseko gaia, beraz, nobelak aurkezten duena, baina, maizenik gertatzen den bezala, gaiari ematen zaion tratamenduak du hemen ere garrantzia, irakurlea harrapatu ala uxatzeko gakoa. Galtzera doan artzainen bizimoduaren inguruko eleberria dela ikusita, aitor dut, halako nagikeria batek hartu nau Madinarena leitzerakoan, aspaldixko baikaude irakurrita Joanes artzainarenak, ez Agirreren luman bakarrik, baita ondoren beste hamaika genero, idazle eta testuren argitan ere.

Abiapuntua horixe du eleberriak: Domingo artzainak, gizon adindua honezkero, utzi egin behar du sorterria, bertan parke tematiko gisako bat eraiki behar baitute, euskal kultura eta tradizioak turismorako amu ezarrita, eta Miarritzera doa bizitzera gaztetako maiteñoa duen Josefinarekin elkartzera. Baina tartean agertuko dira ustekabean Alkabehere sorterrian ostatu hartua duten okupa gazteak, eta belaunaldi biren arteko topaketa, ilustratuko du orduan liburuak: okupen eta Domingo eta Josefinaren artekoa. Egia da, aspaldian gaude irakurrita baserria proiektu urbanistiko, txikitzaile eta abarren kariaz utzi behar izan dutenen kontakizunak, baina Madinarenak gehitzen du zerbait berririk dialektika zahar horri: ironia ukitua ezartzen dio kulturaren folklorizazioari, UEUS-k egin asmo duen turismo motaren bidez, eta bestetik, ustekabean interes eta belaunaldi ezberdineko pertsonaiak batzen ditu helburu baten inguruan. Eta horiek biek piztu dute interesa irakurle honengan.

El taxista ful pelikula sakon bezain komikoarekin akordatu naiz Domingoren eta okupen arteko topaketa irakurrita. Bartzelonako taxista baten istorioa kontatzen zuen Jo Sol-en filmak; nola langabezian egonik, lapurtutako taxiekin lan egiten zuen Pepe gizon helduak (eta ondoren atzera itzuli), eta ustekabean gazte okupa eta sistemaren kontrakoekin bat eginda aurkitzen duen bere burua. Bi ikuspuntuen (biziraupenezkoa bata, politikoa bestea) topatzetik eratortzen ziren gatazkak ziren filmaren muina. Badu horretatik zerbait Medinaren lanak, baina iruditu zait diferentzia horiek, joko narratibo handia eman zezaketenak (umorera nahiz tonu traszendenteagora joz) ez direla behar beste ustiatu, eman zezaketela gehiago.

Areago, bi ikuspuntu horiek bateratu, uztartu eta ideia bakarrera biltzeko apustua egiten da Medinaren nobelan, alegia, halako berdintasun arkaiko ustezko baten gerizpera biltzen dira okupen nahiz artzainen mundu-ikuskerak. Aitor dut urtikaria eragiten didatela indigenismoak, balizko androzentrismo baten (Mari eta guzti, eta ironiarik gabe) gorazarreak, Erdi Aroaz aurretiko ustezko berdintasun arkaikoaren defentsak, eta horrek lausotu dit agian nobelaren irakurketa. Baina ideologiaz gaindi, narratiboki ere uste dut puntu horretan, hirugarren atalean, herren egiten duela istorioak, defenditu nahi den ideia azaltzera gehiegi jotzen denean eta gatazken leuntzera, sintesiaren mesedetan. Bukaeran berreskuratzen du ene ustez eleberriak erritmoa, gatazka eta interesa, ustekabe eta guzti.

Denboraren tratamenduan desorekak izan arren, eta zenbait unetan irizpide ideologikoak narratiboa lausotzen badu ere (baina hau, beste guztia bezala, irakurle baten iritzia da), narraziorako esku trebea nabari zaio Madinari, erritmo egokikoa, hizkuntza zehatz, bizi eta aldi berean ederrez (deskribapen zoliz, metafora apainez) hornitua.

Azken kritikak

Pleibak
Miren Amuriza

Jon Jimenez

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Asier Urkiza

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Nagore Fernandez

Jakintzaren arbola
Pio Baroja

Aritz Galarraga

Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi

Hasier Rekondo

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Baden Verboten
Iker Aranberri

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi

Mikel Asurmendi

Dolu-egunerokoa
Roland Barthes

Asier Urkiza

Guardasol gorria
Lutxo Egia

Nagore Fernandez

Zero
Aitor Zuberogoitia

Jon Jimenez

Hezur berriak
Ane Labaka Mayoz

Paloma Rodriguez-Miñambres

Simulakro bat
Leire Ugadi

Mikel Asurmendi

Ezinezkoaren alde
Iñigo Martinez Peña

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

Hedabideak