« Maitasuna azaltzea ezinezkoa da, horregatik, nonbait, egiten dugu Ezinezkoaren alde | Amatasunaren bizipena »
Simulakro bat / Leire Ugadi / Elkar, 2025
Sinbolismoz kargaturiko poesia, idealismoen gainetiko poeta-hegalari errealista Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2025-04-17
Sar hitza
“Ez dago benetako literaturarik pentsamendu kritikorik gabe, zauriak aipatu gabe. Gauzak adierazteko ezintasun eta obligazio horixe izan da beti literatura”.
Joseba Sarrionandiaren aipu horrekin hasten da Simulakro bat delakoa, Leire Ugadi poeta urduñarraren lehenbiziko liburua.
Are gehiago erranen dut, literatura egon dadin, liburu bat, egile bat, irakurle bat eta interpretatzaile bat —kritikaria edo iruzkingilea— behar dira.
Beraz, nire aburuz eta kontsiderazio horren arabera, anartean, liburu hau ez da literatura izatera iritsi.
Asmo adierazpena lehen poemak, Eszenatokia, Jarraibidea, Distrakzioa, Alarma eta Forja poema sortek osatzen dute Simulakro bat, baita Ainhoa Lukasen azalak osatu ere.
Liburuaren irakurketak metafora eta alegoria Ugadi/Ugari iradoki ditzake; diezaguke. Simulakro hitzak liburuaren asmoa aditzera ematen digu, eta hala berean, asmo edo ideia horren fantasia aditzera eman ere.
Simulakro bat izenburuak poetak bizi izandakoaren ebaluatze moduko bat iradoki dit; diezaguke. Poemak bizitakoaren gaineko arrapostuak dituzue; dituzueke.
Poemok poetaren bizitzaren nondik norakoen isla dira, dirake. Objektuen edo subjektuen iradokitzaileak ote? Zure objektibotasunaren edota subjektibotasunaren araberakoa, irakurle.
Lagundu aldera: Leire Ugadik bizi-esperientziaren simulakro bat egin/eskaini digu, eta neronek —nire banitate sintzeroan— simulakro horren simulazio bat egiten ari naiz, egiten saiatzen ari naiz. Nire jarduna/iruzkina emulazio bat bihur daiteke. Arriskuak hartzen ditut. Asturuak libra nazan poetaren beraren mailukadez.
Liburuaren azalaren eta izanaren gainean
62 mailukadek osatzen edota txikitzen dute Simulakro bat poema-tegia. Hitz batean —poetak barka dezala erredukzionismoa— liburu sinbolista da handi-handika. Ez da horregatik errealismoaren eskas: mailukada batek hautsi du kristala. Kristalaren puskak poemak dituzue, tamainak, formak eta edukiak arau. Kristala marko batean barruan egon daiteke, dirateke. Leiho bat izan daiteke. Poetaren ihesbidean lehenengo zarrastada. Kristal puskak gardenak dira, puska hautsiak baina, poemak/irudiak karabatuak izan daitezke.
Liburuaren izanaren eta edukiaren barrenean
Asmo adierazpena poemak kokatzen du poeta sutegiaren aitzinean. Urduñan jaioa: gerra tokia eta meategietako ingurumaria. Bilbon inspiratua: Gabriel Aresti poeta bilbotarraren irudiko. Bizkaiko gizona. Bera bertako alaba forjaria. Poeta beroa. Ez horregatik harrizkoa. Burdinazkoa ote? Sutegian urtu daiteke, alabaina.
Eszenatokia —poetak zazpi mailukada jo ditu eszenatokian—: Ez gara ugarte, itsaso bat gara izatekotan. Delirioak bizi gaitzake, delirioz hil ere. Leihoa zabaltzeak (gure) hatsa libratzen lagun dezake; diezaguke. Egia esan, ez dago egiarik gezurra ezagutu arte; ezagutu gabe. Poetak zure/nire/gure Hitzak irentsi ditzake/t/zu/gu, aurpegian asetasun seinalerik barik. Dastatu beharrean, irentsi, onespenik igarri gabe. Igandea da: aisia, etzan eta otzan. Zein zorutan ereinen du/dugu ordea, gure hazia, hainbeste baso eta oihan izanikan? Argiaren itzal ilun epelaz gozatu dugu Erdi gaitz. Gaitzerdi.
Jarraibideak:
Janztera zoaz/noa zure/nire biluztasun basatia. Janztera gatoz… Izateko argibideak beharrezkoak ditugu maitasuna aldarrikatzeko, egonarriz jardun behar dugu, haatik. Ertzak: ertzetara gatoz apurtzera. Azala da gure izatearen ertzik zabalena. Ezin zaitut eta nahiko zintuzket. Arantzen ifrentzuan zaude/gaude gutxi gorabehera, hor nonbait. Amua irentsi dut. Tregoak zitroin urez idazten ditugu. Bakea simulakro bat da. Horrela ez dago besarkatzerik, ez benetan besarkatzerik.
Distrakzioak:
Ene zu: poeta hau ez da harrizkoa, baina Arrailduak egiten zaizkio. Harri gogorrenak hauts bihurtzen dira; bihur daitezke. Poeta beroena sutegian urtu ERE; naski. Ez dago maitasunik pitzadurarik gabe. Prosaismo puntuala lantzen du, letra baldarrez izkiriatzen digut. Gelako leihoa ixtea ahanzten du hegaz irten ostean. Hegazti artean normala dena arraroa da berarengan. Zatozenetan —gu, hegazti normalok gatozenean, alegia— ez daki izkiriatzen metaforetan ez bada. Guztiz joan gabe doana da/dugu/duzue hegazti normala. Zazpigarrenean, aidanez: lorik egiten ez duen lore batek ez du buket inausirik alboan biharamunean. Oharpena da, abisatuta gaude. Ospa: zer egiten duzu/dugu/duzue hemen barruan? Orduko ezagunok: zeinen ezezagun garen gaur orduko ezagunok. Orduan: orduan? Zatozenerako ihes plana antolatuko dugu. Gaitzustez, gaitzustean ez du/dut zure/nire falta bilatzen. Hutsuneak konpainia egiten dit. Barne-grafia lantzea da kontua, ukabilak tartekatuz poesia idatzi ahala, iraultza batean aritzea legez. XXX: neurri handiko biluztea proposatu dizu/dizue/digut poetak: biluztu ez, baizik eta begirada batez errespetuz janztea. Beti ia-ia, uda etengabeko biluzte bat da. Simulakro bat, ausaz.
Alarma:
Nire gela propioa aldarrikatu ez ezik, bere gela propio bilakatzeari ekin zion —aspaldi edo—; poeta honek ERE. Maizterra da oraingoz. Eta gu haren maitaleak. Halaz ere, haren izterretan maizterrak besterik ez garela jakin behar dugu. Ez dut nahi baina: ez du nahi, baina amatasunaz idatzi digu ama izan nahi duenentz jakin aldera. Orubea: orube bat da bere bularra bere sabelaldea bere bizkarra. Inausi dituen ametsez soilduko zaio azala. Laztana: nork jarriko du zure barnean labana? Geldi egon: nork pasako dizu sorbatza eskutik ahora? Zauria: erroitz erraldoi batek zeharkatu zaitu, arrakalatuta nago guztiz. Utzidazue jolasten: utz iezadazu jolasten, utz iezaguzu jolasten Ausardiatik ausarkeriara. Nire akatsik arriskutsuena ERE beldur falta da. Zoruko izar (I) bat besterik ez naiz, ez gara. Zoruko izar (II) bat, baina errotzeko garaiz betiere. Agudo ernatzen naiz, enegarrenez errotzeko.
Forja:
Barne sua du gela barruan, bere baitan. Ez da hemengoa, ez hangoa, ez inongoa… Ez inorena, aidanez. Gure artean dago. Zuzendaria: esku berberak zuzentzen du, hilketan bala hiletan pala. Esku berberak erailtzen egia, heriotza ehortzi ahala. Mi: Min. Mina. Hizki soil batek biderkatu dezake hitz soil baten adiera. Hitz soil batek adierazten du poetaren izana —poeta honena ERE—: mina. Aukerak: loturak utzi eta leihotik askatzea deliberatu du poeta hegalariak. Aspaldi gaztigatu gintuen; abisatu gaitut. Ihesaldia: ihesaldia alde egite soila baino hutsagoa da. Atzoko hotzak: amona, hemen hotzak gaude. Orduko aitona-amonek gerrarako agintari bat ez zeukan herri bat zeukaten atzean. Mendebaldeko mundukoontzat Eskubiderik ez, beste munduetatik datozenentzako ez baitago eskubiderik. Orbantegian forjatzen dira orbanak, borreroaren borraren kolpeak zikatrizatzen dira gorputzean… ihes joan ahala. Agur eta irri: inorena ez dena eduki nahi dutenak dira desjabetuon gutxiaren lapur zekenak. Jana eskuetatik kentzen diguten horiei eginen diegu agur eta irri. Bordak: Leire Ugadik burdina zekarren nekez eraiki ditu borda/poema hauek. Lunabarro batera inguratu gaitut, lur sail honetan behe-lainoak harrapa ez gaitzan. Ce que nous défendons est… eskalera-bat-zerura ez izatea/egotea zapaltzen dutenen eskura; zapaltzen gaituenentzat. Save our system: gure sistema salbatu? Aurri-zorian-dago-eta. Noren sistema? Noren zoria? Atzera, atzora: aitzina joan guraz, aldian-aldian, atzeraren altzora goaz. Poetak Maite gaitut. Nire lubakia bere/gure lunabarroa da; dateke. Azken simulakroa da azken-aurreko poemaren izenburua, bere ihesaldiaren simulakroen lekuko.
Iruzkin hau haren liburuaren simulazio bat da; dateke. Baita emulazio bat ere. Muturreko egoeretan gertatzen ohi bide da.
Basakeriarik bada ere, hautsi kristala, erabili mailua, ireki irteera, hori ala anabasa. Ez baikara beti arituko simulakroetan, hots, muturreko egoerak errealak direnean.
Aitona bero! Amona hotz! Harrizko herri hau, ez hotz ez bero!
Herri epel baterako/bantentzako poemak ote diren; izan daitezke.
Post Scriptum
Iruzkin honen post scriptum baten beharra sentitu dut orain artekoa idatzi ahala. Ezin poetaren sinbologiez alegoriez metaforez errenditu soil-soilean. Ezin emulazio soilez jardun.
Sinbolismoaz haratago edota honatago, Leire Ugadi poetak muturreko egoera errealak biziarazi eta adierazi ditu; dizkigut. Halarik ere, berbak ez dira aski bizitzaren muturreko esperientzien gainean izkiriatzeko.
Bizitza ez da soilik hitza, bizitza da ERE bizitzen duguna, bizitzen duguna BATEZ ERE.
Eiki, ahapaldi-topiko-utopiko bat duzu/dugu/duzue azken aurreko lerro hori; nirea. Izan ere, ezin simulakroetan aritu beti, ezin simulakroez bizi betiere, ezin bizitza simulakroz betez bizi.
Eta, horregatik edo, sinbologiaz kargaturiko poeta begitandu zait, idealismoen gainetiko poeta-hegalari errealista aldi berean.
Nago, bere poemak, kristal hautsiak, iragan garai luze samar bateko poemak ote diren. Garaiaz garai, azken garaiok sano aldakorrak dira/ditugu/dituzue. Bere poemak, hegazti-poemak, garai aldakor honen fruitu/lore dira; buket bat dirateke. Ez da erraza ez aise ere —ez du izan behar, alafede— poema/kristal hautsiak bildu eta tonu baterakor batean batzea. Poemen arteko sintonizazioa lortzea, hots. Ederto batean moldatu delakoan/dituelakoan nago.
Ez nuke emulazio hau lausengu-laudorio merke bihurtzerik/izaterik gura. Alta bada, simulakrorik simulakro, Simulakro bat liburuaren poemak soinu eta hots atseginez heldu zaizkit belarrira. Belarrira ez ezik, baita nire baitakora ERE.
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez
Hezur berriak
Ane Labaka Mayoz
Paloma Rodriguez-Miñambres
Simulakro bat
Leire Ugadi
Mikel Asurmendi
Ezinezkoaren alde
Iñigo Martinez Peña
Mikel Asurmendi
Haize beltza
Amaiur Epher
Asier Urkiza
31 ipuin
Anton Txekhov
Aritz Galarraga
Odolaren matxinadak
Miren Guilló
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren Elizegi
Joxe Aldasoro
Zero
Aitor Zuberogoitia
Amaia Alvarez Uria
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Aiora Sampedro
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Mikel Asurmendi